Albisteak 2014

LEHIAKETA

19 Uzt 2014

Hondarribia Orsak eraman du la Caixa II. Bandera

Hondarribia Orsak eraman du la Caixa II. Bandera

Garaipen honekin ‘Ama Guadalupekoak’ San Miguel Ligaren lidertza lortu dute, Hibaika Jamones Ancinek bezala, Euskotren III Bandera irabazi ondoren

Hondarribia Orsarentzat izan da garaipena gaur arratsaldean Pasaiako uretan, eta Mikel Orbañanosen mutilei San Miguel Ligaren lidertzan jartzeko balio izan die, Orio Babyautorekin puntuetara berdinduta. Bigarren postua Kaiku Ambilampentzat izan da, ‘Ama Guadalupekotik’ hiru segundora iritsiz, eta oriotarrak izan dira hirugarren 10 segundoko atzerapenarekin. Euskotren Ligaren kasuan, Hibaika Jamones Ancín izan da Euskotren III Banderaren irabazlea, eta liderraren maillot txuria lortu dute, erlojua 10’41”60ko denboran geratu ondoren.

Pasaiako badiak, ontziak 50 Km/h-ko haize boladekin jaso ditu, galerna baten ondorioz. Haize bolada hauen ondorioz lehen txandako traineruak aukerarik gabe geratu dira estropada irabazteko, eta egora honi etekina atera diote gainontzekoek. Hau izan da Hondarribiaren kasua, non estropadaren hasieratik ez duen utzi inor haiengana gertura zedin, eta ailegaerako balizak 19’31”52ko denborarekin igaro ditu, la Caixa II Bandera irabazteko eta lidergoa lortzeko balio izan diena. Bigarren postua Kaiku Ambilampentzat izan da, hondarribiarrengandik hiru segundotara iritsiz, eta hirugarren Orio Babyauto izan da 10 segundoko atzerapenarekin. Txanda Tiran Pereirak itxi du 22 segundora, bostgarren postua lortuz.

Cabok emandako itxura onak, bere txandako garaipena lortzeaz gain, estropadako laugarren postua, eta ondorioz San Miguel Ligako bostgarren postua lortzeko, balio izan die 19’48”92ko denbora eginez. Hauen atzetik Portugalete Eulen iritsi da, irabazleengandik 24 segundora, seigarren postua lortuz, eta San Juan Iberdrola zazpigarren izan da 20’05”22ko denborarekin. Txanda berean, Zierbena Bahías de Bizkaiak lortu du zortzigarren postua eta Vicente Carpinterok patroi hoberenaren maillota mantendu du.

la Caixa II Bandera ireki duen lehen txandan, Urdaibai Aviak erakutsi duen sendotasuna ez da nahiko izan eguraldiaren egoerari aurre egiteko eta bederatzigarren postua lortu du estropadan, 1’06”ko atzerapenarekin. Astilleroko kantabriarrak eta San Pedro Ecolmarek lehia gogorra izan dute, eta azkenik, kantabriarrentzat izan da 10. Postua. Sailkapena Pedreñak itxi du, 21’42”04ko denbora eginez.

Hibaika Jamones Ancín, nesketan

Euskotren Ligako estropadan, garaipena Hibaika Jamones Ancinentzat izan da, nahiz eta arazoak izan dituen ziabogetako batean. Hala eta guztiz ere, lau segundoko aldea atera diote bigarren postuan geratu den San Juan Iberdrolari eta Euskotren III Bandera eraman dute etxera. Hirugarren postua Samertolameurentzat izan da, eta laugarrena Zumaiarentzat. Bihar, 12.00etatik aurrera, Oria ibaian jokatuko da XXIV Orioko Estropadak – Orioko Kanpina II Bandera.

Itzuli