Albisteak 2013

ELKARRIZKETAK

16 Abu 2013

BLOKE BAT SORTZEA IZAN DA ZAILENA; ORAIN BADUGU, ETA GAZTE ASKO DATOZ BEHE MAILATATIK

BLOKE BAT SORTZEA IZAN DA ZAILENA; ORAIN BADUGU, ETA GAZTE ASKO DATOZ BEHE MAILATATIK

Nadeth Agirre, Orio Babyautoko patroia

Gorputza, agian, ez du bere arraunlariak adina zigortzen, baina Nadeth Agirreri berehala nabaritzen zaio patroia dela (Orio, 19 urte). Ahotsa urratua dauka, eta oso kostata berreskuratzen omen du denboraldi osoan. Hasi berrien ilusioarekin dabiltza Euskotren Ligan, etorkizunean mutilen ontziaren pare ibiltzeko esperantzan, baina lorpen txikiekin gozatzen. Momentuz onenen ligan 4. geratzea arrakasta handia baita oriotarrentzat.

 

Arraunlari asko daude, eta patroia bakarra. Nola bilakatu zinen zu patroia?

Beno, hautaketa prozesua ez zen oso sakona izan. Infantil mailan hasi nintzen arraunean, eta patroi bat behar izaten da. Nik izan nahi ote nuen esan zidaten, baiezkoa eman, eta orain arte. Aulki mugikorrean arraunlari eta aulki finkoan patroi ere aritu izan naiz.

 

Zenbat urte dira Orio Babyautok emakumezkoen taldea daukala?

Jubeniletan izango zen, lau bat urte. Elkarri talde bat zergatik ez ote genuen galdetu genion. Zuzendaritzakoei esan genien, arraunean ibili ziren emakumeei galdetu zitzaien, eta horrela hasi ginen. Batzuk nahiko beteranoak, eta besteak nahiko gazteak.

 

Ahotsa urratua duzu, nabari da patroia zarela. Oihu asko egin zalea al zara?

Bai. Berez ere ez dut oso ahots indartsua, eta egun askotan izaten dut ahotsa urratua.

 

Gustatzen al zaizu patroi lana?

Orain bai. Urtez urte trebatzen joaten zara, ikasten, eta pixkanaka sekretuak ikasten. Hasiera ez zen hain samurra izan, baina bueno, salsera samarra naiz, eta gustura ari naiz. Patroia arraunlarien itsas argia bezala da, hark esaten dienari egiten die kasu, eta errespetuz jokatuz gero, jarduna ez da zaila.

 

Egia esate al diezu arraunlariei?

Nik ikusten dudana kontatzen diet, baina zenbait egoeratan, itsas ertzean dagoen entrenatzaile edo laguntzaileren batek gezur txikiren bat esaten badit, nik mezua errepikatzen dut, entrenatzaileak baitu hemen aginte makila.

 

Euskotren Ligak bosgarren urtea du hau. Egia da lehen bi urteetan selekzioen arteko lehiaketa izan zela, baina Orioren moduko herri arraun zalean, zer pentsatua ematen du orain arte emakumezkoen klubik ez dela egon. Zer diozu egoera horren inguruan?

Bistan da arraun talde bat sortzea ez dela egun batetik bestera egin daitekeen zerbait. Lehen esan dut, hasieran beterano asko, eta gazte asko ginela, eta arrazoi bategatik edo besteagatik, blokea mantentzeko komeriak izan ditugu, arraunlari izateak badituelako bere koskak. Blokerik gabe, zaila da onenen ligan egotea, baina aurten lortu dugu, eta aurrerantzean hobetzen joateko itxaropena dugu.

 

Eta, zer moduz, Gipuzkoako Ligatik Euskotren Ligara. Jauzi handia al dago?

Handia. Gipuzkoako Ligan estropada kopurua erdia da, eta lehiaketak iritsi zain bezala joaten zen denbora. Orain ia astebururo dugu estropada, eta batekin konforme ez, eta bi egunetan. Euskotren Ligan sartzea zen gure erronka, eta sartu izana ikurrina bat irabaztea bezala izan zen guretzat.

 

Ustekabea izan al zen zuentzat, Ligan sartzea?

Bai. Zalantza asko genituen. Aukerak bai, baina beldurra ere bai, ezin baita jakin Bizkaiak edo Santoñak ze maila emango zuten. Bizkaiak irabazi gintuen estropadaren batean, eta lorpen polita izan zen.

 

Blokeari buruz, herrian duzuen arraun zentrora etorri eta neska eta emakume asko ikusten dira arraunean egiteko prest. Badirudi etorkizuna polita ikusten dela, ezta?

Pilo bat daude. Kadete mailakoak ere gurekin etortzen dira entrenatzera astean behin, eta herrian ere sekulako babesa sentitzen dugu. Herritarrek asko eskatzen dute, ez pentsa. Askotan esaten digute Euskotren Ligan beti laugarren geratzen garela, eta guk onenen ligan egoteak sari hori ordaindu beharra dakarrela erantzuten diegu. Estropada batean 3. ere sailkatu ginen, pausoz pauso bagoaz, pixkanaka. Estropadaren batean postu hori errepikatzea izango litzateke erronka.

 

Getaria-Tolosa desagertu zen, Galizia aurten ere ez da Euskotren Ligan arraunean ari… oztopoz betetako bidea dirudi emakumezkoen arraunak, jarraikortasuna garesti dagoen kirol diziplina dirudi. Ados?

Orion zuzendaritzaren babesa dugu. Egia da mutilen taldeak lehentasuna duela, baina gu ere babestuta sentitzen gara. Itsasora ateratzen jarraitzen badugu, erronka Euskotren Ligan gora egitea litzateke.

 

Entrenatzen duzuenean-eta zale talde bereziren ba omen duzue, ezta?

Bai, ‘Peña Petril’ esaten diegu. Urteak daramatzate mutilen lan saioen jarraipen zehatza egiten, akatsak ateratzen-eta, eta gu ere handik pasatzen garenez, ba guri ere bai. Guri animatu bakarrik egiten gaituzte momentuz.

Itzuli