Albisteak 2013

ELKARRIZKETAK

07 Mar 2013

"GUZTIOK EZAGUTZEN DUTEN ORIO IZAN NAHI DUGU, BAINA IGO BERRIAK GARELA AHAZTU GABE"

"GUZTIOK EZAGUTZEN DUTEN ORIO IZAN NAHI DUGU, BAINA IGO BERRIAK GARELA AHAZTU GABE" "GUZTIOK EZAGUTZEN DUTEN ORIO IZAN NAHI DUGU, BAINA IGO BERRIAK GARELA AHAZTU GABE"

Ibon Huegun, Orio-Babyauto klubeko presidentea

Ibon Huegunek Orioko arraun-etxe ireki berrian egin du hitzordua ACT elkarteko atarikoarekin. Dozenaka gazte lanean ari dira instalakuntza haietan, eta Huegun harrotasunez mintzatzen da Orioko harrobiaz, eta instalakuntza berrien egokitasunaz. Arraun klub baten etorkizunarentzat funtsezko osagaiak direla uste du.

 

Hilabete batzuk pasa dira, dagoeneko, ACT ligan lehiatzeko igoera lortu zenutela. Gogora ditzagun une haiek. Nolakoak izan ziren? Nola bizi izan zenituen?

 

Urduritasun handiko uda izan zen, Orio ez dagoelako ohituta bigarren mailan lehiatzen. Presioa ikaragarria zen, eta gure jarduna ia-ia perfektua, bandera guztiak irabazi genituelako, baina horrek ez zuen igoera ziurtatzen. Play-off batean parte hartu behar genuen, eta konfiantza handia banuen ere, azken pausoa eman behar zen. Aurkariek ere arraunean egiten dute, itsasoa bezalako baldintzak daude… Arrauna ez da matematika, dena ez dago norberaren baitan.

 

Noiz lasaitu zinen?

 

Play-offeko lehen jardunaldia bukatuta, Bermeon. 20 segundoko aldea kendu genien aurkariei, eta Portugaleten, bigarren jardunaldian, istripu batek bakarrik galaraz zezakeen gu igotzea. Jardunaldia bukatuta halako presio askatze bat eman zen, ‘lortu dugu’ oihua bota eta poza han eta hemen. Igoera lortuta zegoen.

 

Nola azalduko zenuke presio hori?

 

Jende guztiak daki arraunak ze esanahi daukan Orion. Zuzendaritza Batzordeko kideok berriak gara jardun honetan, eta elitera bueltatzeko exijentzia handia ez, gorena zen. Iritzi asko entzun ditugu, igoera eginda zegoela, okerrera egitea ezinezkoa zela… ARC Ligan lehiatu ginen, telebistarik gabe, diru gutxiagorekin, babesle gutxiagorekin… Ez zen erraza izan, eta lortutakoarekin harro gaude, erantzukizun handia geneukalako.

 

Nolakoa izan zen igoerako igande arrats hura?

 

Ez ahazteko modukoa. Lorpen handienak egiten direnean bezala hartu gintuzten herrian. Dagoeneko jakina da Orion badagoela esaera zahar bat, ‘Orio atzetik, jendea isilik’ dioena, baina ez nago ados. ARC Ligan irabazitako bandera guztiak erakutsi genituen udaletxean, eta denetan lepo bete zen plaza. Klubean berriak ziren arraunlariak harrituta geratzen ziren, eta horrek garbi uzten du, kluba 2. mailan egonda ere, herriak bultzada handia ematen duela.

 

Noiz sentitu zineten ACT elkarteko kide gisa?

 

Lehen pausoa Igor Makazaga arduradun teknikoa 2013ko denboraldia prestatzen hastea izan zen. Trantsizio normala izan zen, oporraldi txiki bat denok, eta bueltan ACT elkarteko kide zara. Ez dago egokitzeko tarte handirik, asteak azkar pasatzen dira, eta lana egin behar da.

 

Presidente moduan, lana asko aldatzen al da ARC edo ACT ligan egon?

 

Ez asko. Esan nahi dut, tramiteak, bete beharreko arauak, paperak eta beste, antzekoa da. Bidaiak, fitxak, atoiak, traineruak… ACTn egotea babes ekonomikoa bilatzerakoan nabaritzen da: telebista dago, liga onena. Bezeroek arreta handiagoa eskaintzen dizute.

 

Zer konta dezakezu krisiaren inguruan? Zuengan eraginik izan al du?

 

Bai, bai. Ez gara uharte bat. Neurriak hartu ditugu, eta egin beharreko murrizketak egin. Babesleak bilatzea zailagoa da krisiarekin, baina Orio klub bat da, ez arraun talde soil bat. Sei talde ditugu, nagusiaz aparte, eta horiek ere lehiatzen dira, hara eta hona bidaiatu. Gure gurpila oso handia da, eta gurpilak bueltak emateko elikatu egin behar da.

 

Nola zabiltzate bazkideen arloan? Igoeraren eragina nabaritu al duzue?

 

Bai. 1.400 bazkide pasa ginen gu lanean hasi ginenean, eta egun ia-ia 1.800 gara. ‘Hemen gatoztik’ izeneko kanpaina abiatu genuen, iraganean Orion oso ezaguna egin zen traineru mitiko baten izena, eta behetik gorantz gentozela erakusteko. Bazkide berriei 50 euro eskatu genizkien, urteko, eta erantzuna oso ona izan da.

 

Eta babesle mailan?

 

Ondo hor ere. Erakunde publikoen diru laguntzak desagertu egin ziren iaz, eta hutsune horri buelta emateko lan handiagoa egin behar izan dugu. Bazkide-enpresa izeneko harreman eredua sortu genuen, enpresak erakartzeko, eta oso erantzun ona izan dugu. Enpresa txiki askoren babesa bilatu dugu, babesle handi bakar baten menpekotasunik ez izateko, enpresa horrek bere babesa emateari utziko balio. Enpresa txiki askoren laguntza, bakar baten laguntza handia baino eraginkorragoa da.

 

Kirol mailan, ze plantila osatu duzue?

 

Nik presidente naizen neurrian emango dut iritzia, bulegotik ikusten dudana, ez bainago guztiz jantzia. Denboraldi batetik bestera gertatzen diren aldaketak gertatu direla esango nuke, bospasei aldaketa. Bat ezkondu egin dela, bestea beste klub batera joan dela, hurrenak utzi… horrelako gauzak.

 

Ze kirol helburu dituzue?

 

Elitean iraun, ahaztu ezin den abiapuntu argi batekin: igo berriak gara. Horrek esan nahi duen guztiarekin. Berriak gara San Miguel Ligan, eta pausoz pauso joan behar da. Helburua? Ahalik eta sailkapen onena lortzea. Bakarren batek Liga irabazi behar dugula esango digu. Ilusioa? Asko. Zuhurtzia ere bai.

 

Ze postu emango zenuke ontzat?

 

Orio San Miguel Ligan azken 10 urteetan egon den tokian, sei onenen artean. Erdialdetik gora. Orioren emaitzak hor daude. Beti izan da ohorezko txandan arraun egiten saiatu den taldea, estutasunik pasa ez duena. Guzti hori, igo berriak garela ahaztu gabe.

 

Martxoan gaude, nola ikusten duzu San Miguel Liga?

 

Pentsatzen dut Kaiku-Ambilampek mailari eutsiko diola. Liga irabazteko hautagaia da. Hondarribia-Orsa ere aurrean ibiliko da, Urdaibai-Umpro Avia bezala, aurten entrenatzaile berriarekin. Koska bat beherago, ikusi egin beharko da Tiran-Pereira zer egiteko gai den, Pasaiako biak bezala, urtebeteko eskarmentu gehiagorekin. Pentsatzekoa da Kantabriako ontziak apalxeago arituko direla, ekonomia dagoen bezala dagoelako. Zumaia-Altuna y Uriak badaki zein den bere borroka, eta Portugalete-Eulen, Aizperroren epe luzerako proiektu horrekin, lan ona egingo duelakoan nago. Lehiakortasuna ikaragarria da. Gu Orio gara, bai, baina ahal dela, tentuz, poliki-poliki.

 

Banderaren bat lortzeko aukerarik ikusten al duzu?

 

Oso zaila da. Kasta sobera dugu, fedea ere bai, baina zaila da.

 

Zer moduz ikusten duzu zure burua ACT elkartean, berria zaren neurrian?

 

Beno, Pedro Anduezaren etorrerak halako lasaitasuna, tenplea ekarri duela esango nuke. Konfiantza botoa eman behar zaio. Bestalde, San Miguel Liga lehiaketa ikusgarria dela uste dut, serioa, babesle sendoekin. Liga polita da, eta ACTko egitura, egokia. Etorkizunari begira baikorra naiz, oso liga interesgarria antolatu dela uste baitut.

 

Mezuren bat eman nahi zaleei?

 

Aurren-aurrena, iaz eman ziguten babesa eskertu, ARCn egonda ere: estropadetan, egunerokoan, denean. Denboraldi on bat eginez sarituz saiatuko garela.

Itzuli