Albisteak 2013

ELKARRIZKETAK

28 Ots 2013

"ELITERA ITZULTZEN SAIATUKO GARA, BAINA BURUA GALDU GABE"

"ELITERA ITZULTZEN SAIATUKO GARA, BAINA BURUA GALDU GABE" "ELITERA ITZULTZEN SAIATUKO GARA, BAINA BURUA GALDU GABE"

Jose Luis Herrerias, Zierbena-Bahias de Bizkaia klubeko presidentea.

Martxoan gaude, hilabeteak aurrera doaz, eta denboraldiaren hasiera gero eta gertuago dago. ACT elkarteko atarikoa Zierbena-Bahias de Bizkaia klubeko presidentearekin mintzatu da, elitean urtebete egin ostean maila galdu eta ARC ligan ariko den ontzia. Helburu argia dute: “gure klubak arraun tradizio handia du, eta merezi duen tokira bueltatzea, onenen ligara”. Argia helburuan, argia lan egiteko moduan: “Ez dugu bururik galduko”.

 

Martxoan gaude dagoeneko. Nola doa aurre-denboraldia?

Abian. Sasoi batetik bestera egin ohi diren aldaketak egin ditugu, ondo entrenatzen ari gara, eta talde polita dugula uste dut, igoera lortzeko borrokan egoteko modukoa.

 

Zein da zuen helburua, mailaz igotzea?

Hala izatea nahi genuke. Ondo gaude animoz, jaitsieretako testen emaitzak ere hor daude, ostera oso baliagarriak izan ez badaitezke ere, baina kontent gaude. Astillero, Pedreña eta Kaikuko jendea ekarri dugu, esperientzia duena, eta hasi berria den jende gaztea lagunduko duena. Konfiantza daukagu.

 

Hilabete batzuk pasa dira maila galdu zenutenetik. Hotzean, nola aztertzen duzu 2012 denboraldia?

Elitean oso ondo egoten dela. Patxi Frances entrenatzaile lanerako fitxatu genuenean, helburua hiru urtetan San Miguel Ligan egotea zen, eta lortu genuen. Behin elitean, erabakia garbia izan zen: bururik ez galdu, fitxaketa handirik ez egin, eta lan egiteko moduari eutsi. Akaso San Miguel Ligako gogortasuna gutxietsi genuen, bi estropada astebururo. Nekea eragiten duen liga da, eta hilabete batzuk pasata, hasi berrien ordainsaria ordaindu genuela esan nezake.

 

Maila galtzeraino beste?

Beste faktore batzuk ere egon ziren. Argi dago oso talde indartsuak daudela, euren muga non dagoen dakiten taldeak, eta une txarretan gu baino prestatuago zeuden klubak. Halere, egoerara ondo moldatu ginela uste dut. Maila galduko genuela argi zegoenean duintasunez lehiatu ginen, hondoratu gabe. Amore ematea, belaunikatzea kolpe gogorra izango litzateke klubarentzat, zaleentzat.

 

Bururik ez galtzea aipatu duzu sarri. Gertatu zena gertatuta, zuen lan egiteko modua aldatuko zenuke?

Ez. Daukanarekin aurrera egin duen taldea gara, eta mailaz igo ginenean ere antzera jarraitzea erabaki zen. Klubean urte asko daramatzan jendea dago, baina guretzat dena zen berria, eta gainera, baja asko eduki genituen. 2012a irakaspen urtea bezala ikusten dugu, hobetzeko mugarri bezala. Maila galtzeko hautagaia ginen, eta hala izan zen, zoritxarrez. Beste aukera zorpetzea zen, talde sendoagoa eraikitzea, baina ezezkoa erabaki genuen, eta maila galdu, San Miguel ligara lehenbailehen bueltatzeko asmoz.

 

Ze iritzi duzu San Miguel Ligari buruz? 10 urte bete ditu dagoeneko.

Oso liga ona dela uste dut, lehiakortasun handikoa, lehenbailehen bueltatu nahi dugun liga. Jakina da, dagoeneko, hainbat arauetan ez gatozela zuzendaritzarekin bat, arraunlari propioen kasua, batez ere, baina denboraldi honetan harrobiko eta arraunlari propioen arauan halako oreka bat lortu dugu.

 

Nola ikusten duzue zeuen burua ARC Ligan? Zierbena-Bahias de Bizkaia igoera lortzeko hautagaia al da?

Gaur-gaurkoz, baietz esango nuke. Babesleekin elkartu ginen, euren babesa ematen jarraitu zuten, eta eskerrak eman nahi dizkiegu horregatik. Zaleek, herriko jendeak, badaki nola lan egiten dugun, eta mailaz igotzeak halako ilusioa ekarri zuen bezala, orain ez gara negarrez hasiko koska bat jaitsi dugulako. Arraun tradizio handia duen kluba gara, baina bizi ditugun garaiak direnak dira. Ondo gaude, egoerara ondo moldatu gara, eta mailaz igotzen ahaleginduko gara, baina bururik galdu gabe.

Itzuli