Albisteak 2013

ELKARRIZKETAK

15 Ots 2013

"BIZI GAREN GARAIRA EGOKITU BESTE ERREMEDIORIK EZ DUGU"

"BIZI GAREN GARAIRA EGOKITU BESTE ERREMEDIORIK EZ DUGU" "BIZI GAREN GARAIRA EGOKITU BESTE ERREMEDIORIK EZ DUGU"

Pedro Andueza, ACTko presidentea.

Ze balorazio egiten duzu 2012 denboraldiaz? Kirol arlokoa, eta maila pertsonalean.

Denboraldi ona izan da, kluben arteko lehiakortasunak horrela ahalbideratu duelako. Estropada guztietan egon da banderak lortzeko borroka handia, eta horrek liga aberasten du. Lehiakortasuna, parekotasuna baino gauza hoberik ez dago, hautagai sendo bakar bat daukan ligak ez lukeelako zalerik erakarriko. Antolakuntza mailan, zortea lagun izan dugu, eta hori garrantzitsua izan da benetan. Astebururo ezer arrarorik ez gertatzeko eskatzen duzu, kirol arlotik kanpoko kontuek lehiaketa bera ez kaltetzea.

 

Maila pertsonalean oso interesgarria izan da. Kanpotik ikusten nuen liga, eta barrutik ikustera pasa naiz. Egoera kanpotik ikusteko pribilejioa eduki dut, eta horrek nire analista objektiboagoa izatea ekarri du. Denen partetik tratu bikaina eduki dut, eta urte asko ligatik kanpo egon ondoren, gauza asko ikasi dut.

 

Pasa den urtean ziur esan zenuen zure konpromisoa urtebeterako zela, ez gehiago, baina jarraitzea erabaki duzu. Zergatik?

Konpromisoa bete dut. Egoera gaiztoan ekin nion, eta hortik nire zalantzak. Behin barruan, nire zuzendaritzako kideekin batera, denei arreta bera eskaintzen saiatu naiz. Urtarrileko batzarrean zuzendaritza batzordea klubek ziotenaren baitan geratu zen, eta haien babesarekin, hasitako bideari beste urtebeteko jarraipena emateko babesa eman digutela ulertu dugu. Kontratua urtebete luzatu digutela esan genezake.

 

Babestuago sentitzen al zara kluben aldetik? Urtarrileko bozketak hori erakusten duela dirudi…

Zehaztasunetan sartu gabe, klubek lana egiteko denbora gehiago eman digutela esango nuke. Hemen klubak ez daude inoren alde edo kontra. Klub bakoitzak bere helburuak ditu, bere arazoak, eta horiei irtenbidea bilatzen saiatzen gara elkartearen baitan. Horretan laguntzea da gure zeregina, proposamenak entzun eta San Miguel Liga hobeagoa egingo duten ideiak mahai gainean jarri.

 

Zer moduzkoa izan da ACT elkarteko presidente jarduna? Ze helburu finkatu dituzue 2013 denboraldirako?

2012a egoera aztertzeko urtea izan da niretzat. Ezin genuen, ez zen komenigarria, erabakita zegoen kontu garrantzitsurik aldatu. Denboraldiak xehetasun txiki asko alda daitezkeela erakutsi digu, lehiaketa hobetuko duten aldaketak. Ligak 10 urte bete ditu, eta hamar urte urte asko dira. Muina bigarren maila batean geratzen da egunerokoan, eta egoera hori landu beharrekoa da. Klub askok ez dute elkartea eurena balitz bezala ikusten, edo ez behintzat komenigarria litzatekeen neurrian. Beste lehiaketa batzuetan ere antzera gertatzen dela jakitun naiz, baina orain ACT elkarteko presidentea naiz, eta taldeak aspertzeko joera izan dut gai honekin. Zuzendaritza Batzordetik klub guztiei elkartearen funtzionamendua gertuagokoa egiten ahaleginduko gara.

 

Klubek sortzen den informazio edo txosten guztiak berehala eta uneoro eskura izateko baliabideak jarriko ditugu abian. Horrek klubek jarri nahi dituzten erreklamazioen prozesua azkartuko du, batez ere kirol arlokoak. Klub batek kalte egin zaiola ulertzen badu, pasatzen den minutu bakoitzak kalte hori areagotzen du, eta barne burokraziak, beharrezkoa izanda ere, ezin du inoren jarduna mugatu. Eskarmentua dugu, ikasten ari gara, eta arazo horiei irtenbidea eskaintzen saiatuko gara. Internet sareak, eta beste teknologia aurrerakuntzek arazo horiek murrizten lagunduko digutelakoan gaude.

 

Laburbilduz, elkartea gertuagotzen saiatuko gara, kluba eta elkarteen arteko halako giro egokia sustatzen. Kirol eta antolakuntza arloan, orain arteko hazkuntza mantentzea da erronka. Estropada pribatu berri bat antolatuko da Galizian, Sanxenxoko Udalak babestuta, eta horrek eskualde hartako arrauna indartuko du. Bartzelonan estropada bat antolatzeko lanean ari gara, eta lortzen bada, bultzada handia suposatuko du arlo askotan.

 

Gure arraun liga hain hiri garrantzitsura eramatea gure lehiaketa ederresteko aukera bikaina da. Onuragarria denontzat: liga babesten duten enpresentzat, klubak babesten dituzten enpresentzat. Puxika sobera puztu gabe, baina liga Bartzelonan hasteko erronkak arraunari beste dimentsio bat emango diola uste dugu.

 

San Miguel Ligaz mintzatu zara, baina Emakumezkoen Ligak, Euskotren Ligak ere bosgarren urteari ekingo dio.

Klubek Emakumezkoen Ligari jarraipena emateko babesa eman zioten abenduan. Hala erabaki zen, jaso genezakeen babesa zein izango zen jakin gabe ere. Orain arteko berbera izatea espero dugu, egindako lanak hala merezi duelako. Gipuzkoan lan handia egin da emakumezkoen arraunarekin, Galizian bezala, eta nik dakiten neurrian, Bizkaian ere traineru bat antolatzeko lanean ari dira. Gertutik jarraituko dugu bilakaera. Pasa den urteko Euskotren Ligak bukaera arte emozioari eutsi zion, eta kirol mailan oso lehiaketa polita izan zen, jarraipen handia eduki zuen komunikabide eta zaleen artean. Oso pozik gaude.

 

Krisi garaian gaude, nabaritzen al da hori ACTn? Nola bizi dute egoera klubek?

Elkartearen osasun egoera ona da une honetan. Guregan fedea eduki dutenei, eta edukitzen segitu nahi dutenei esker. Klubek kirol maila hobetzeko duten grina, babesleen laguntza ikaragarria eta ETBren jarraipen fidela osagai ezinbestekoak dira, arraun lehiaketa sendotu eta etorkizunari itxaropenez begiratzeko.

 

San Miguel etxeak berez sendoa izan den babesa indartu du berriz. Bere babesletza berritu izana irizpide ekonomiko hutsetatik harago doa. Guretzat oso garrantzitsua da hainbeste urte Liga, arrauna babestu izana, eta konfiantza hori luzatu izana. San Miguel etxeak ospe, izen handia eman dio ACT elkarteari, arraun ligari. Zortzi urte daramatzagu elkarrekin, eta etorkizun polita ikusten da. La Caixa bezalako erakunde indartsu baten sarrera ere funtsezkoa da, eta ez soilik ikuspuntu ekonomikotik ikusita. San Miguel eta La Caixa enpresa handiak dira, oso ezagunak han eta hemen, eta arraunari eta ACT elkarteari egonkortasun handia ematen diotenak, epe luzera lanean jarraitzeko motibazio ezin hobea da.

 

Zoritxarrez, elkartearen antolakuntza mundu honetako atal bat baino ez da. Klubak dira zirkuloa ixten dutenak. Besteak beste, estropada bat antolatuz. Estropaden %60 klubek, ACT elkarteko bazkideek antolatu behar dituzte. Sosak asko murriztu dira, eta arraun klub askok euren diru sarrerak murriztu behar izan dituzten unean (erakunde publikoen aldetik, batez ere), ez da erraza 22.500 euro lortzea estropada bateko sariak banatzeko. Dirutza horri balizajea, harmailak, megafonia eta beste hainbat gastu gehitu behar zaizkio, diru asko. Erronka garrantzitsua da egoera hori elkartearentzat. Antolakuntza gastu horietan laguntzeko, kostua partekatzen saiatzeko borondatea dugu. Badakigu ez dela lan erraza izango, baina saiatu, behintzat, saiatuko gara.

 

Nola ikusten duzu arrauna, orokorrean? ACT-ARC-LGR?

Bi errealitate daude: kirol arlokoa eta ekonomikoa. Arrauna ondo dago, eta etorkizuna klubek hautatu duten gestio ereduak erabakiko du. Inbertsio handiak egin dituenak etorkizun zaila izango du epe ertain eta luzera. Krisi garaira ondoen egokitu direnak hobeto moldatuko dira. Oinarri ekonomiko soilarekin lan egin ez dutenek errazago egingo dute aurrera. Elkarteak garbi du eman dezakeen laguntza kluben antolakuntza mailara mugatzen dela, inoiz ez kirolari zerrenda bat osatzeko gaiaren inguruan. ACT elkartea traineruen liga erregularra antolatzeko sortu zen, eta hori da gure zeregin nagusia.

 

Beste Ligak ondo ikusten ditut, sendo. Galiziako Ligak jauzi kualitatiboa eman zuen, nire ustez, liga ezberdinak sortuz. Asmatu dutelakoan nago. Ekonomikoki arazoak antzekoak dira Liga guztietan, babesleak bilatzea lantegi zaila baita. Erakunde eta enpresei Ligak laguntzeko, babestuko eskatuko nieke, Liga horiek baitira arrauneko oinarri, dena Liga horietan hasten da. Ezin dugu ahaztu arrauna gure kirola dela, bertakoa, sustraiak gurean dituen bakarretakoa, batez ere Kantabrian eta Galizian. Bertan estrategikoa eta lehentasunezkoa da arrauna sustatzea, eta beharrezkoa den arreta eskaintzen ez badiegu, etorkizuna baldintzatuko dugu. Klub guztiek dituzte zailtasunak, eta denei egokitzen saiatzeko eskatuko nieke. Eustea da kontua, kirol proiektu erraldoiei muzin eginda, Liga batean edo bestean parte hartu.

Itzuli