Albisteak 2012

LEHIAKETA

17 Uzt 2012

"EZ GENUEN HAIN ONDO IBILTZEA ESPERO, INONDIK INORA"

"EZ GENUEN HAIN ONDO IBILTZEA ESPERO, INONDIK INORA"

Atsegin Odriozola, Zumaia-Salegi traineruko arraunlaria

Arratsaldeko 6rak Zumaiako Aita Mari arraun elkartean. Neskak eta mutilak azaltzen hasi dira elkartera, eta denek begiratu diote harritu antzean Atsegin Odriozolari (Zestoa, Gipuzkoa), elkarrizketa bat egiten ari delako. Ez alferrik, Zumaia-Salegi Euskotren Ligako liderra da.

 

Hirugarren estropada badator, Zumaia-Salegik aise pasa zuen sailkapeneko langa, eta Euskotren Ligako liderrak zarete, lehiaketako laurden bat pasa denean. Ze balorazio egiten duzu?

Guretzat ere sorpresa handi samarra izan da. Bagenekien guk gure lana eginez gero sailkatzeko aukera genuela, eta hala izan da. Euskotren Ligan sartzea zen helburua, baina ez genuen espero hain ondo ibiltzea. Inondik inora. Aurrena sailkatu, eta gero gerokoak, baina ikusiko da. Oinak lurrean ditugu, estropadaz estropada pentsatzen, eta gure lana eginda konforme.

 

Portugaletekoa ezustekotzat jo zen, baina eguraldiak ere asko baldintzatu zuen emaitza. Biharamunean, ordea, Zarautzen, berriz ere bikain. Nola ospatu zenuten Euskotren Ligan lehiatzeko sari hori? Pentsatzen dut berezia izango zela, ezta?

Bai, oso. Bazkari polita egin genuen, helburua lortu genuelako. Behin sailkapena lortuta beste helburu bat finkatu dugu, erregularrago izatea, eta hor gabiltza. Ez da lan erraza. Liga hasi besterik ez da egin, sei estropada geratzen dira oraindik, eta pentsatzen dut beste ontziak ere bultzaka etorriko direla. Gure asmoak ere horixe izan beharko luke, hobetzen joatea asteak aurrera doazen heinean.

 

Zumaia-Salegi Euskotren Liga irabazteko faboritoa al da orain?

Nik esan dezakedana da gu ez garela faborito gisa ikusten. Estropada politak egin ditugu, baina beti egitea… Gipuzkoan talde indartsuak daude, eta herrialdeko arrauna indartzen joango dela sumatzen da.

 

Emaitza onak lagungarri izango dira, noski, gehiago saiatzeko.

Jakina. Bizitasun bereziarekin etortzen zara lan saioetara, gogotsu. Garbi dago motibazio onena banderak irabaztea dela, eta hori oso gauza handia da. Banderak irabazi badituzu, arraunean ondo eta gustura egin duzula esan nahi du. Dena doa multzo berean. Emaitza onek motibazioa handitzen dute, motibazioak emaitza onak bilatzeko grina, entrenatzera etortzeko gogoa… beti oinak lurrean edukita.

 

Getaria-Tolosako neskei ere galdetu genien, ea bi herrien artean halako pike berezirik ba ote dagoen. Ba al dago?

Ez. Aspalditik ezagutzen gara. Agian beste urtetan maila hobea eduki dute haiek, eta aurten ere hor ibiliko dira. Guk beraiengana hurbiltzeko asmoa dugu, lehen bi estropadetan ikusi den bezala.

 

Pentsatzen dut klubeko presidentea ere, Luis Mari Goikoetxea, asko poztuko dela zuen emaitza onekin.

Poza ematen du. Klubean urte asko daramatzan jendea da, eta itzalean lan handia egiten dutenak. Gu ateratzen gara itsasora, baina gure atzetik jende askoren lan isila dago, eta haiei pozen bat ematea ere oso polita da arraun egiten dugunontzat. Laguntza ikaragarria ematen digute. Kaira bueltatu eta ontzitik jaistean, besarkada zintzo bat jasotzea oso une polita da barruan gaudenontzat.

 

Emakumeen arrauna hobetzen ari dela da kanpotik sumatzen den sentsazioa. Benetako sentsazioa al da?

Bai. Neskak lotzea da zaila, ez egotea uda bat eta kito. Traineru asko daude Gipuzkoan, baina neska kopurua ez da handia. Ari gara egonkortzen pixkanaka, baina oraindik lan handia geratzen da egiteko.

 

Zenbat urte daramatzazu zuk?

Sei urte. Bost traineru barruan.

 

Nola baloratzen duzue antolatutako liga bat egotea?

Oso ondo. Urtez urte forma hartzen ari dela sumatzen da. Klub mailan garatzen hasi da, eta ez herrialdeetako selekzio mailan soilik. Hainbat klubek emakumeen arraunaren aldeko apustua egin dute, baina esan dudan bezala, badago lana. Dena ondo joaten bada, asko aurreratuko dugu. Espero dezagun arraunean egiten dugun emakume kopurua handitzea, entrenatzaileak arraun egingo dutenen artean hautatzeko aukera izatea eta beste. Horrek lehiakortasuna handituko du, bide batez.

 

Zer esango zenioke neska bati, arraunean has dadin?

Ni Zestoakoa naiz, ez kostaldekoa, eta nik beste lagun talde bat egin dut urteek aurrera egin ahala. Egunero klubean zaude, eta oso harreman polita sortzen da kideen artean. Probatzea da, hasi, eta zenbat eman dezakezun ikustea eta erabakia hartzea. Sakrifizioa suposatzen duela? Bai, baina bere alde onak ere baditu. Ni behintzat lotu nau, eta zerbait badauka.

 

Eta mutilen taldearekin eta, ba al dago bromarik?

Ez, hemen denak klub bera ordezkatzen dugu, eta Zumaia bultzatzea da erronka. Mutilak animo beharrean daude, emaitzak gorabeheratsuak izan direlako, eta gu gara haien egoera ondoen ulertzen dugunak. Urte osoa egon dira gogor entrenatzen, eta orain emaitzak ez lortzea, ez da samurra. Taldea oso gaztea da, eta zailtasunak etortzen direnean, ez da erraza jaikitzea. Jaikiko dira, halere, ahalmena badutelako.

Itzuli