Albisteak 2011
LEHIAKETA
19 Urr 2011
TROFEO MAPFRE 2011KO PATROIRIK ONENA
Patroi Onenaren Mapfre saria Asier Zurinagarentzat.
Urriaren 19an, asteazkenez, Zarauzko Ondartza elkartea 2011ko Patroi Onenaren Mapfre sari banaketa ekitaldiaren egoitza bilakatu da. Aitor Carrillo Orioko patroiak pasa den urtean jasotako trofeoa itzuli du, eta Enrique Cid Mapfreko ordezkariaren eskutik erreplika bat jaso. Ondoren, Cid jaunak 3.000 euroko txekea eman dio 2011ko patroi onenari, Kaikuko Asier Zurinagari. Sari banaketan izan da Mapfre Gipuzkoako Miguel Olague jauna, ACT elkarteko beste hainbat klubetako patroi eta komunikabideetako kideek lagunduta. Zurinagak 31 puntu bildu ditu denera, bigarren sailkatuak baino 10 puntu gehiago. Hondarribia Orsako Joseba Amunarriz, hain zuzen ere. 3. postua Urdaibaiko bikoteak lortu du: Lur Uribarren eta Gorka Aranberri. Bikote horrek 15 puntu lortu ditu.
Patroi onenaren saria ahalik eta modu justuenean egiten da. Horretarako, ondoko datuak biltzen dira GPS-aren bitartez:
1. Ontziek arraun egin duten txandan osatutako distantzia osoa, metrotan.
2. Ziabogak osatzeko behar izan duten denbora.
Lehen neurketak, aurkariek baino metro gutxiago ze ontziko patroik egin duen esaten du. Bigarrenak, aldiz, ziaboga egiteko behar izan duen denbora erakusten du. Horretarako, ziaboga egiten hasi aurretik hasten da neurketa, 50 bat metro lehenago, eta ziaboga egin ostean bukatu, 50 bat metroko tartea osatu ostean. Datu honek ziaboga egiten hasi denean ontzia ze abiaduran doan, ziaboga nola eman duen, eta irteeran lortu duen abiaduraren berri ematen du.