Albisteak 2010

LEHIAKETA

18 Abu 2010

SAN MIGUEL LIGA AZKEN TXANPAN SARTUKO DA, ASTILLEROKO ITSAS ADARREKO UR LASAIETAN

SAN MIGUEL LIGA AZKEN TXANPAN SARTUKO DA, ASTILLEROKO ITSAS ADARREKO UR LASAIETAN

Ontziek erlojupekoan osatuko dute euren lana, banan bana, aurkarien erreferentzia zuzenik gabe, ustekabe asko eman daitezkeen estropadan

Zarauzko estropada ikusgarriaren ostean, San Miguel Liga Astilleroko itsas adarreko ur lasaietara itzuliko da. Olatuek ematen duten abiada handia atzean utzi, eta Kantabriako herriko sakonera gutxiko urek eragin ditzaketen ustekabeak izango dira hizpide. Astillerokoa San Miguel Ligako 13. estropada puntuagarria izango da, eta larunbatean jokatuko da, abuztuak 21 dituela, arratsaldeko 5etan hasita. Ontziek aurkarien zuzeneko erreferentziarik gabe egin beharko dute arraun, ziabogetako denborak salbu, estropada erlojupekoa izango baita.

Eguerdian egin da XIII. BANDERA REAL ASTILLERO DE GUARNIZO - XXXVIII GP AYTO. DE ASTILLERO - III TROFEO HEWLETT PACKARD estropadaren aurkezpen ekitaldia Astilleroko udaletxean. Hara bertaratu dira Astillero arraun elkarteko presidentea, Francisco Garate jauna, Kantabriako Kirol Kontseilaria, Ramon Cuesta Jauna, Kantabriako Arraun Federazioko presidentea, Jose Antonio Martinez Liaño Jauna, eta Astilleroko udaleko kirol zinegotzia, Consuelo Castañeda anderea.

Estropadak ohiko distantzia izango du: 5.556 metro, lau luze eta hiru ziaboga. 22.500 euro banatuko dira saritan, eta irteera ordena San Miguel Ligako sailkapenaren arabera erabakiko da. Zarautz Inmobiliaria Orio, Zumaia Altuna y Uria, Kaiku Ambilamp eta Hondarribia Orsa abiatuko dira lehen txandan, minutu bateko tartearekin. Irizpide bera erabiliko da beste bi txandetan ere.

Astilleroko estropadak pizgarri asko ditu. Etxeko ontzia lan bikaina egiten ari da, onenekin batera ari den lehen denboraldian. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko bosgarren postuan dago Astillero, baina esku-eskura du lau onenen artean sartzea. Lau puntura bakarrik du geografikoki aurkari zorrotza dena: Pedreña. Orio Amenabarrek eta Urdaibai Umpro Aviak orpoz orpo jarraitzen dute Caja Madril Koroa lortzeko deman. Zarauzko estropadaren ostean, gipuzkoarrek lau puntura handitu dute zeukaten aldea. Hitzordu garrantzitsua, era berean, San Pedro Ecolmare, Hondarribia Orsa eta Kaiku Ambilampentzat. Sei puntuko aldea dago hiru ontzi hauen artean, baina postu bakarra dago jokoan: zortzigarrena

Itzuli