Albisteak 2010

LEHIAKETA

22 Uzt 2010

ERTZETIK ERTZERA, ARROSATIK MORERA: KOFRADIAREN XVI. IKURRINA

ERTZETIK ERTZERA, ARROSATIK MORERA: KOFRADIAREN XVI. IKURRINA

Testiguak Pasaiako itsas adarra zeharkatuko du, Donibanetik San Pedrora, San Miguel Ligako 8. proba puntuagarria jokatzeko

San Miguel Ligako emozioa auzoz auzo ibiliko da asteburuan. Ertzetik ertzera. Arraunaren karabanak 200 metro eskaseko jauzia egingo du igandean, Pasai Donibanetik Pasai San Pedrora. Kolorea aldatuko da. Donibaneko arrosatik San Pedroko morera. Larunbat arratsaldeko ohiko estropada formatutik igandeko eguerdiko erlojupekora. San Pedrok KOFRADIAREN IKURRINAKO XVI. Ekitaldia antolatuko du, San Pedroko arrantzaleen kofradiak babestuta. Aurkezpeneko mahaian Miguel Buen, Pasaiako Portuko Agintaritzako Presidentea, Pasaiako Udaleko Turismo, Gazteria eta Kirol zinegotzia, Ander Poza, eta Josetxo Aranburu egon dira, Sanpedrotarrak Arraun Elkarteko Presidentea.

Hitzordua eguerdiko 12etan da, eta ontziak lau ontziko hiru txandatan abiatuko dira. Guztiak minutu bateko tartean, bost minutukoa txanden artean. Irteera ordena bezperako estropadako sailkapenaren araberakoa izango da. Hitzordua berezi-berezia da San Pedrorentzat. Bere zaleen aurrean egingo duelako lana, itsas adarra inor baino hobeto ezagutzen duelako, eta bigarren txandan lekutxoa egiten saiatuko delako. Beharko egin, Caja Madril Koroa lortzeko borrokari agur esan nahi ez badio. Erlojupekoan jokatuko den 3. estropada da, eta aurreko bietan Orio Amenabar (Bilbo) eta San Juan Iberdrola (Moaña) izan ziren garaileak.

Estropadak 22.500 euro banatuko ditu saritan, eta ontziek 5.556 metroko tartea egin beharko dute, hiru itsas milia.

Itzuli