Albisteak 2017

LEHIAKETA

19 Abu 2017

Zarautzen Orio Babyautok hartu du abantaila

Zarautzen Orio Babyautok hartu du abantaila

'San Nikolas'ek, biharko XL. Zarauzko Estropadakeko bigarren jardunaldirako, 15"ko abantaila lortu du

20'21"52 eginez eta aurkariei inolako aukerarik utzi gabe, Orio Babyautok lortu du XL. Estropadakeko lehenengo jardunaldi honetako garaipena. 146 punturekin, Urdaibai Aviak jarraitzen du lider, eta Patroirik Hoberenaren CaixaBank garaikurreko lehenengo postuan, 15 punturekin, Ioseba Amunarriz dago.

Lehenengo arraunkadetatik, Orio Babyautok erritmo oso bizia ezarri du, eta bere txandako aurkariek ezin izan diote erritmo horri eutsi. Azkenean, 'mirotzek' 20'21"52ko denbora erregistratu dute. Gaurkoan, Urdaibai Aviak, 'San Nikolas'engandik 15"38ra, bigarren lekua eskuratu du. 20'40"76rekin, aldiz, hirugarren egin du Hondarribiak. Kaikuk, 21'14"42 eginez, itxi du gaurko ohorezko txanda, baina sailkapenean, bosgarren postura jaitsi da.

Zierbena Bahías de Bizkaiak, bigarren luzetik aurrera, bigarren txanda mendean hartu du. Helmugako denbora 21'07"88 geldituz, laugarren postua eskuratu dute. San Juan Sumelecek 'galipo'engandik 19"42ra eta seigarren postuan amaitu du estropada. Ondarroa Cikautxo, 21'44"rekin, hamargarren posturaino jaitsi da, eta hamaikagarren, 21'49"88rekin, Tirán Pereira izan da.

Gaurko lehengo txandak Astilleroren eta San Pedroren arteko borroka polita eskaini digu. Azkenean, 21'29"12 eginez eta zazpigarren postua eskuratuz, 'Libia' nagusitu da. 21'36"28rekin, Astillerok zortzigarren egin du, eta bederatzigarren, 21'40"56rekin, berriz, Aresek. 22'03"78ko denborarekin, Cabok itxi du gaurko XL. Zarauzko Estropadakeko lehenengo jardunaldia.

Laugarren Liga Euskotren San Juan Iberdrolarentzat

Jardunaldi baten faltan, Zarauzko IX. Ikurriñako lehenengo jardunaldia 11'41"65rekin irabaziz, San Juan Iberdrolaken 'Batelerak' izendatu da, laugarren urtez jarraian, Liga Euskotreneko txapelduna. Sanjuandarrengandik 9"78ra, bigarren, Hibaika Jamones Ancín izan da. 12'09"00ko erregistroarekin, aldiz, hirugarren izan da Orio Babyauto. Gaurko Liga Euskotreneko ohorezko txanda, 12'45"34ko denborarekin, Arraun Lagunak Donostiak itxi du.

Guztia erabakitzeke

Bihar, XL. Zarauzko Estropadakeko eta Zarauzko IX. Ikurriñako bigarren jardunaldiak jokatzeko, hurrenez hurren, Eusko Label Ligako eta Liga Euskotreneko taldeak eszenatoki berean hitzartuko dira. Jardunaldia 12.00etan hasiko da emakumezkoen txandarekin, eta ondoren, gizonezkoen estropadak izango dira.

Itzuli