Albisteak 2012

LEHIAKETA

13 Uzt 2012

"UMILTASUNA ETA HARROTASUNA UZTARTZEN BADITUGU IBILIKO GARA ONDO"

"UMILTASUNA ETA HARROTASUNA UZTARTZEN BADITUGU IBILIKO GARA ONDO"

Jon Salsamendi, Astilleroko entrenatzaile eta arraunlaria

Osteguneko lan saioa bukatu eta trasteak gorde ondoren erantzun ditu galderak Jon Salsamendik (Orio, Gipuzkoa). Balantzeak egiteko azkarregi dela dio, Galiziatik bueltan egingo dituztela, baina nahi duten lekuan omen daude: 2. txandan. “Gorago egoteko grina badugu, baina momentuz ezin da, sei onenak urrun ditugu, eta hori onartzeak mesede egingo digu”

 

San Miguel Ligako zazpigarren postuan dago Astillero. Konforme?

Beno, balantzeak egiteko azkarregi dela esango nuke. Liga hasi aurretik ere Galiziatik bueltatu arte itxaron beharko zela esan genuen, eta hala mantentzen dugu. Lau estropada kopuru txikia da balantze sakona egiteko. Halere, konforme gaude. 11. eta 12. postuak atzean utzi, eta bigarren txandan egonkortzea zen asmoa, eta momentuz hala gaude. Zuhurtasunez jokatzea komeni, dena den. Zumaiari zer gertatu zitzaion ikusi dugu, zorte txarra eta bi estropada pattal, eta zulora. Edozeini gerta dakioke, eta are gehiago Galizian, non zorteak asko erabakitzen duen. Handik orain gauden postuan bueltatuta, pozik ginateke.

 

Bistan da aurten pasa den denboraldian baino okerrago zabiltzatela. Zer gertatu da?

Iazko errealitatea bat zela, eta aurtengoa beste bat. Ez dago besterik. Iaz Ohorezko txandan ibili ginen, eta San Miguel Ligako lider ere izan ginen egun batzuetan, gero 7. postuan bukatzeko. Negua eta udaberria oso gogorrak izan dira aurten, nik ezagutu ditudan gogorrenetakoak. Talde erdia aldatu behar izan dugu ia-ia, ababorrean denak bat izan ezik. Jende gutxi eduki dugu entrenamenduak egiteko eta beste, eta gure potentziala apaldu egin da. Ez gara konformatzen, dena den. 7. sailkatzea ondo dagoela esaten badugu, errealitatea hori delako diogu, ez presioa kentzeko eta beste. Une jakin batean uzta jasotzeko prest dagoen langile talde ona gara, baina gauden postuan egotea onartuz.

 

Eta zer moduz eramaten da Astillero bezalako talde handi batean, helburu apalagoak edukitzea? Ze giro sumatzen da herrian?

Egokitzea gogorra da, batez ere goitik behera egiten duzunean. Arrakastaren gurpila martxan hasten denean gurpila geratzea ez da erraza. Neguan Luciano Prego galdu genuen, eta udaberrian Leandro Salvagno. Hori gertatuko dela baldin badakizu, badaukazu mugitzeko tartea, baina bat-batean gertatzen bada, ezinezkoa da irtenbideren bat bilatzea. Modu eta asmo batzuekin hasten zara, baina moldatzeko beharra topatzen duzu… Norabidea zuzentzeko bide laburrena egoera onartzea da, eta hala helarazi diogu zaleei. Ingurura begiratu, eta adibide egokia bilatu dugu Oriori gertatu zaionarekin. Orain bi urte bigarren San Miguel Ligan, eta urtebete geroago, maila galdu. Nire ustez lortu zituzten emaitzak onak izan ez, onartu ez eta hondoratu egin zirelako. Ligako talde handienetakoari halako zerbait gertatu bazaio, edozeini gerta dakioke, gu tartean, eta non zauden onartzea onena. Umiltasuna eta harrotasuna uztartzen asmatzen badugu ibiliko gara ondo. Umiltasuna, non gauden onartzeko. Harrotasuna, hobetzen jarraitzeko. Lortzen badugu, pozik egingo dugu arraun, eta hori funtsezkoa da.

 

Zer ikusi duzu San Miguel Ligan hasiera honetan, zer nabarmenduko zenuke?

Orain hiru aste galdetu izan bazenit, argi esango nizuke faboritoa Kaiku Ambilamp zela. Txapelduna delako eta aurten daukan taldea iazkoa baino osoagoa delako. Hondarribia Orsa, Urdaibai Umpro Avia eta Tiran Pereira goialdean egotea ez da ezustekoa, baina Hondarribiak lautik hiru bandera irabaztea bai. Zorionak berdeei, sekulako lana egiten ari baitira. Pasaitarrak ere lan ona egiten ari dira, eta hor zulo bat irekitzen dela esango nuke. Sei goitik, eta beste seiok.

 

Kantabriako ontziak beheko sei horien artean ibiliko zirela zioten aditu askok, eta zoritxarrez zuentzat, asmatu dutela dirudi.

Zoritxarrez ez, nik neuk ere antzeko aurreikuspena egingo nuke, neguko jaitsieretan hiru ontziek lortu genituen emaitzak ikusita. Okerxeago ere bai, agian. Lehen txandan izango ginela ere esan nuen, eta ez gaude oso aparte. 

Itzuli