Albisteak 2012

LEHIAKETA

13 Eka 2012

TRAINERUA HERRIAREN NORTASUNAREN LUZAPENA DA

TRAINERUA HERRIAREN NORTASUNAREN LUZAPENA DA

Mikel Orbañanos, Hondarribia A. E.ko entrenatzaile eta arraunlaria

Parekotasun handia ikusten du Orbañanosek, Kaiku eta Urdaibai koska bat gorago ikusten baditu ere. Konfiantza du harrobi lanean, eta Hondarribiak Ohorezko Txandan egotea omen du helburu. Harro mintzatzen da herriak ematen dien babesarekin, herriarekin duten batasun handiarekin.

 

-Pasa den astean Bilbon egindako Galan 2011ko entrenatzaile onena hautatu zintuzten zure lankideek. Pozik?

-Oso pozik. Ezin da ahaztu lankideen botoen ondorioz jasotzen dudan saria dela, eta hori are pozgarriagoa da. Nik jaso nuen saria, baina merezimendua askok dute, nire atzetik jende askok egiten baitu lana. Gazte mailako entrenatzaileak, adibidez, ezkutuan geratzen direnak, eta horiei eskaini nahi nieke saria.

-Ez zenekien saria jasoko zenuenik.

-Ez, baina 2011n egindako lan ona eskertzeko modu bikaina da. Emaitza onak lortu genituen, koadrila polita, arraunketa ona, eta arraunlariek ondo barneratu zuten nire lan egiteko modua.

-10. urtea hasiko duzu entrenatzaile gisa. ACT elkarteko historia osoan entrenatzaile jardunean mantendu den bakarra zara. Lorpen polita da hori.

-Bai, baina hori lortzeko jende askok eman didan, eman duen laguntza azpimarratuko nuke berriro, haiek lagundu izan ez balute ezinezkoa litzatekeelako hainbeste urte irautea. Une gozoak eta gogorrak bizi izan ditugu, eta une ez hain gozotan ikusten da arraun elkarteetan dabilen jendea jende berezia dela, jende zintzoa. Horrek lan egiten segitzeko indarra eman dit beti.

-Entrenatzailea eta arraunlaria zara, bi lanak batera. Ondo moldatzen al zara?

-Sei lagun gabiltza jardun bikoitz horretan San Miguel Ligan: Aizperro, Joseba Fernandez, Mauri, Gabi Larrinaga eta Salsamendi. Barrutik lan handia egin behar dela ikasi dut, baina baita ere kanpotik begiratzea komeni dela, barruan zaudenean xehetasun askok ihes egiten baitute. Barruko lanak ziurtasuna ematen du, kanpokoak, lana osoagoa izateko aukera.

-Nolako entrenatzailea da Orbañanos?

-Exijentea, baina errespetuz jokatzen duena. Gauzak ondo egiten saiatzea derrigorrezkoa da niretzat. Erantzukizun handiko lana da, baina klubak ziurtasun handia ematen dit. Lana egiten uzten dute, eta koadrilak ere erantzun egiten du, gustura nago.

-Hondarribiak harrobiaren aldeko apustu garbia egin du. Erabiltzen duen dirua harrobia indartzeko erabiltzen du. Nolakoa da lan egiteko modu hori?

-Arraunak momentuz ez du diru asko sortzen, beraz sekulako inbertsioak egitea ez da erraza. Arraun elkartean funtsezkoa da herria eta herritarren bultzada. Trainerua herriaren nortasunaren, izaeraren jarraipena, luzapena da, eta herria kluba eta arraunlariekin identifikatzen da. Egoera horrekin, zer hobe arraunlari gehienak herrikoak izatea baino. Nik ere badakit harrobia landuz goi-goian ibiltzea ez dela erraza, baina halako oreka bat bilatu behar da. Zaila da oreka hori lortzea, baina guk gazte mailatan lan handia egiten dugu, eta gero fruituak jaso. Ez ditut inbertsioen bidea aukeratzen duten taldeak kritikatuko. Bakoitzak nahi duena egiten du, baina niretzat lortzen dena nola, zerekin lortzen den baloratu behar da. Niretzat kirol meritu handiagoa dauka arrakasta harrobiarekin lortzea.

-Filosofia horrekin onenengandik gertu ibili da Hondarribia, baina koska bat beherago.

-Konforme gaude. Urtero ezin dira fitxaketak egin, eta dirua falta baldin bada, zer? Guk halako sari ekonomiko bat agindu izan diegu arraunlariei. Ez dakit denboraldi honetan posible izango den sari hori ematea, gauza ez dagoelako ondo, baina arraunlari denek jarraitzea erabaki dute. Horrek haientzat lehentasuna dirua ez dela erakusten du, konpromisoa, eta nik asko baloratzen dut hori.

-Estropada antolakuntza onenaren saria ere jaso zenuten Galan. Gauzak ondo egin zale zaretela erakusten du horrek.

-Beno, egun polita izaten da herriko ikurrina jokatzen den estropada. Asko saiatzen gara, baina lan asko egin behar da, asko baitira lotu beharreko xehetasunak: eguraldia, hara eta hona dabiltzan ontziak, jende piloa…

-Aste pare bat geratzen dira San Miguel Liga hasteko. Nola ikusten duzu lehiaketa?

-Urdaibai eta Kaiku besteon gainetik daude aurten ere. Gu baino hobeto ibili ziren iaz, eta aurten ere antzera gertatu behar luke, bi klubek arraunlari gehienak mantendu dituztelako. Gure arraunlari askok urtebeteko eskarmentua irabazi dute, eta horrek itxaropena handitzen du. Ohorezko txandan egon nahi genuke estropada gehienetan, eta hortik aurrera, ba etortzen dena hartu, arrauna ez delako matematika kontua. Halere, batez besteko maila hazi egin dela esango nuke. Traineru sorta zabalak irabaz dezake banderaren bat, eta horrek sailkapena estutuko du.

-Ohorezko txanda aipatu duzu. Norekin?

-Urdaibai eta Kaiku esan ditut, eta Tiran ere sartuko da, ziur. Trainerilletan ere ondo ibili dira, eta iaz oso denboraldi txukuna egin zuten. Pasaiko bi ontziak ere ez dira urrun ibiliko.

-Zerekin konformatzen da Orbañanos?

-Gaur? Ezerekin ez. Ez dut ezer ematen ontzat, agindu gabeko lorpenak izaten baitira politenak. Iaz hiru bandera irabazi genituen, eta 3. postuan sailkatu San Miguel Ligan. Ez da erraza izango hori hobetzea, baina asmo horixe dugu.

-Nork emango du ustekabea?

-Lan zaila. Pasa den urtean, estropada batean, 23 segundoko tartean sailkatu ginen 11 ontzi, eta kopuru hori murriztu egin liteke aurten. Maila handitu egin da, eta ezusteko asko gerta litezke.

-Nola ikusten dituzu bi igo berriak, Zierbena eta Portugalete?

-Gerta liteke San Miguel liga gogorra izatea bientzat, arraunlari gazteak dituztelako-eta. Pazientziaz jokatu beharko dute.

-Krisi garaiak inbertsio mamitsuak egiten dituztenen pagotxa laster buka litekeela uste dute, eta orduan etorriko dela Hondarribiaren aro onena. Ados al zaude?

-Hala bada gure filosofiak uzta ona eman duelako izango da, eta noski, ni asko poztuko nintzateke. Arrauna osasuntsu dago, baina harrobi lanean oinarritzen den klub baten kirol arrakastak arrauna osasuntsuago egingo luketela uste dut, afizioak gehiago baloratuko lukeela gure lan egiteko modua.

Itzuli