Albisteak 2013

ELKARRIZKETAK

09 Uzt 2013

"SINPLEA, LANGILEA ETA UMILA DENAK EGITEN DU AURRERA, ETA HALA EGITEN SAIATZEN GARA GU"

"SINPLEA, LANGILEA ETA UMILA DENAK EGITEN DU AURRERA, ETA HALA EGITEN SAIATZEN GARA GU"

Igor Makazaga, Orio Babyauto klubeko entrenatzaile eta arraunlaria

Igor Makazagak askorako ematen du (Pasai Donibane, 40 urte). Orio Babyautoren hasiera ona hizpide hartu, eta hainbat gai hartu ditu ahotan: lehiakortasuna, garapen emozionala, ACT eta ARCren inguruko hausnarketa… Pozik dira horiak San Miguel Ligako bigarren postuan daudelako, baina emaitzekin baino gehiago, lanean ondo ari direla sumatzen dutelako. Ondoko esaldia, horren adibide: “Garaipenekin gozatu ezinik ibili ginen ARC-n, garaipenik gabe gozatzen ari gara ACT-n”.

 

San Miguel Ligak laurden bat jan du dagoeneko, eta bikain ari da Orio-Babyauto. Ligako bigarren talde onena da. Aurreikuspen baikorrenetan ere ez zenuten halakorik espero, ezta?

Nabarmendu nahi dudan lehen kontua, oso talde konpletoa osatzen dugula denok: zuzendaritzako kideek, arlo teknikoan gaudenok eta arraunlariek. Hiru esparru horiek ondo uztartu dira, ilusioa dago, eta gauzak ondo doaz. Pasa den urtean, ARC-tik ACT-ra igo ginenean, halako hausnarketa bat egin zen klubean. Orio ACTko historian zein postutan ibili den aztertu genuen. Kalkulu matematiko sinplea, eta 4. eta 5. arteko batez bestekoa atera zen. Horrek ez du esan nahi 2013rako helburu hori jarri genuenik. Bide bat jorratu nahi genuen, eta bide hori eginda, helburu hori lortu. ARC-n geundenean, helburua epe laburrekoa zen: ACT-n aritzeko sailkatu ahalik eta azkarren. Behin ACT-n gaudela, helburuak epe ertain edo luzera finkatu ditugu. Erdialdean ibiltzea espero genuen, ohorezko txandatik gertu, baina baita borroka latza izango zela. Bigarren goaz momentuz, eta oso gustura nago, mutilengatik batez ere. Errespetu osoz, ez baita berdina ARC-n, edo ACT ligan aritzea. Bost estropadetatik hirutan Kaiku-Ambilampekin borrokan aritu gara, eta lorpen handia da hori. Oinak lurrean, halere. Badakigu non dagoen gure langa.

 

Igor Makazagak ezustekoa hartu al du ontziaren jardunarekin?

Neurri batean bai. Ez emaitzetan soilik, egunetik egunera lortzen ari garen hobekuntza nabaria delako. Esparru guztietan talde oso konpletoa osatzen dugu, esan dudan bezala, eta hori asko laguntzen ari da. Hainbat mutil ausart ikusten ditut, buruz-eta indartsu, gauzak ondo egiten direla ikusita, pasa den urtean nahiko jota zeudenean. Fisikoki eta teknikoki hobetu egin dugu, baina batez ere emozionalki.

 

Zu zeu al zara horren erantzulea?

Ez inondik inora. Talde osoa. Gure artean batasun, elkartasun handia dago.

 

Pasa den urtea ez zen samurra izan Orion.

Ez, baina batzuetan jakin behar izaten da atzera edo behera pauso bat eman, eta gero bi aurrera. Proiektu berri honen oinarriak jartzen ahalegindu gara, urtero hobetzeko. Oinarri sendoa dugu, mutilek ere ikasi egin dute une txarretatik. Bizitzan gauzak sinple egiten saiatu behar da, arazorik bilatu gabe. Langilea denak, eta umil jarduten duenak egiten du aurrera. Hala egiten saiatzen gara gu.

 

Herrian tristura joan al da?

Bai, bai. ACT-n hiru estropadetan bigarren geratu gara, eta jendea pozik dago. Denok ikasi dugu lehen baloratzen ez genituen gauzak baloratzen.

 

Banderaren bat irabazten denean, a ze harrera.

Beno, gauza guztiek dute bere momentua. Egongo da denbora ospakizunetarako. Gu, banderak irabazi gabe ere, gozatzen ari gara, eta pasa den denboraldian, ARC-n, banderak irabazi eta ez genuen gozatzen. Zergatik? Nahi dugun egoera horretara bueltatzen ari garelako. Azken 10 urteetan ARC-n eta ACT-n ibili naiz, erdi eta erdi, eta nahiago dut ARC. ACT goi mailako lehiaketa da, kirolarien arteko harremanak zurrunagoak, ARC-n lagunartekoa gehiago… Ez genuen jakin gozatzen ARC-n geundenean, gure erruagatik. Aurten plantilla osoa erabili dugu dagoeneko, ARC-2 mailan Orio “B” ontzian zeuden bi mutilek debuta egin dute dagoeneko, ohorezko txandan Urdaibai Umpro Avia eta kaiku Ambilampen aurka, eta horiek dira gure banderak.

 

Garapen emozionalaz mintzatu zara, baina taktikoki edo teknikoki zein da Orioren sekretua?

Teknikoki, arraunketa bera esango nuke. Hobekuntza bilatzen duen arraunketa: lasaiagoa, luzeagoa, sendoxeagoa… gure onera itzultzea, arraunketaren bitartez.

 

Zer da, Hondarribia Orsaren antzeko eredua edo ez?

Haiei baino, gure buruari begira egindako arraunketa da. Pazientziarekin jardun, eta helburuak epe ertain edo luzera jartzen badituzu, errazagoa da dena. Presaka aritzean, epe laburrerako helburuak finkatzean da traketsagoa arraunketa: luze, lasai, sakon… Orion, edo Gipuzkoan betidanik eman den estilora bueltatzea da. Komuna herri askotan, ñabardurak ñabardura.

 

Kaiku-Ambilampek liga hautsi al du?

Nire ustez bere aurkariak Urdaibai Umpro Avia eta Hondarribia Orsa ziren, eta haiek urrun samar geratu dira. Gu ez gara alternatiba San Miguel liga irabazteko, guretzat ez da ezer hautsi.

 

Tiran-Pereirak bi bandera irabazi ditu, eta sailkapenaren arabera ez da zuek baino talde hobea. Zer diozu egoera horren inguruan?

Beno, Tiran-Pereiraren harira, nahiko deseroso sentitzen naiz haiek korronteengatik, kale zozketagatik eta beste irabazi dutela irakurri edo entzuten dudanean. Gure akatsak justifikatu eta besteei meritua kentzen saiatzen garela esango nuke. Gainera, ez zait iruditzen Tiran-Pereira gu baino talde apalagoa denik. Laugarren postuan bukatu zuen San Miguel Liga, eta Kontxan ere Ohorezko txandan egin zuen arraun. Ni ARC-tik etorri eta zer naiz, Tiran-Pereira baino hobea? Nola ba? Hemen itsasoan erakutsi behar da. Bost estropada eta hiru itsasotan aritu gara, itsasoak jartzen du bakoitza bere lekuan. Joera handia dago gure akatsak justifikatzeko.

 

Nonbait irakurrita, aurten Orio Babyauton kanpoko jende asko dagoela. Ze iruditzen zaizkizu halako iritziak?

Kanpotik? Orion inoiz arraun egin ez duten bi arraunlari bakarrik ditugu: Castroko mutil bat, prestatzaile fisikoaren lagun mina, eta bestea Pasai San Pedron jaio eta San Juanen arraunean aritutakoa nirekin, lagun mina hori ere. Beste guztiak noizbait hemen ibilitakoak, ez propioak izan gabe ere, Orion urte asko daramatzagunak. Nik neuk 13 urte dagoeneko. Jendea bueltatu egin da Oriora, eta kanpoko jendea ekarri dugula dioenak ez du daturik kontrastatu. Halako kritikek nire iritzia indartzen dute, ARC-a nahiago dudala diotenean. Maila horretan dena naturalagoa da, giroa bera ere hobea dela esango nuke. Ni oso gustura nago Oriorekin, baina ez naiz eroso sentitzen ACT-ko estropadetan, tentsio eta lehiakortasun gehitxo dago, giro txarra, denak balio duela, eta ez zait gustatzen. Nik neuk ere nire iritzia badut beste klubetan bertakoak ez diren arraunlari kopuruaren inguruan, baina ez dut jakinaraziko. Gure jarduna babesteko, indartzeko egiten dut hau, ez inoren aurka ez egiteagatik. Kaleen kontuan ere antzera… giro arraroa eta tentsio handikoa ikusten dut. Ez gara gai klub ezberdinen arteko bi kideren artean elkarrizketa luze bat edukitzeko.

 

Entrenatzailea zara, baina arraunean ere aritzen zara, 40 urte izanda ere.

Beno, berandu heldu nintzen maila fisiko duin bat ematera, 24-25 urterekin, eta daukadan lanbidea ere ez da oso nekosoa. Nibela mantendu egiten dut, eta ontzian sartzea erabakitzen badut, laguntzeko, hobetzeko helburuarekin da. Hasieran esandakoaren harira, hau familia bat da, eta ni ontzian egon edo ez ez da garrantzitsua. Exijitzeaz gain, exijitu eta laguntzeko aukera dut, eta horrek asko asebetetzen nau.

Itzuli