Albisteak 2012

LEHIAKETA

31 Uzt 2012

"POZIK GAUDE; LASAI, ETA GAZTEEKIN LAN ONA EGITEN"

"POZIK GAUDE; LASAI, ETA GAZTEEKIN LAN ONA EGITEN"

Gabi Larrinaga, Pasai San Pedro Ecolmare taldeko arraunlari eta entrenatzailea

Gabi Larrinagak bere dentista kontsulta ondoan egin du hitzordua (Donostia, 35 urte). San Pedro 6. postuan da San Miguel Ligako sailkapen nagusian, eta baikor da sasoi bukaerari begira, itxaropentsu etorkizuna polita ikusten duelako.

 

Nola doa denboraldia behin San Miguel Ligak lan erdiak eginda? Pozik al zaudete?

Hausnarketa sakona egiteko, pasa den denboraldira egin ebhar dugu jauzia, orduan hasi baikinen lanean bloke batekin, asko mutil gazteak, eskarmentu gutxirekin. Kide beteranoak ontzitik kanpo uzten hasi ginen, mutil horiek trebatzen joan zitezen, arraunlari egin zitezen. Baja garrantzitsu batzuk eduki genituen, Loren Jauregirena, adibidez, nahiz eta pasa den denboraldian bera ontzian egon gabe lortu genituen emaitzak onak izan. Blokeari eusten diogu, San Miguel Ligan jarraitzea bermatzen duen blokea. Ilusio handiarekin ekin genion, lan saio onekin, eta neke fisiko gutxiagorekin. Bagenekien Ligako maila ertaina hobetu egingo zela Zierbena Bahias de Bizkaia eta Portugalete  Eulen-en etorrerarekin, Oriok 2011n eman zuen mailaren gainetik zeudelako. Onartuta genuen denboraldia gogorra izango zela, sufritu egingo genuela, eta egoera horretan egin genuen lana gogor neguan: udan emaitzak hobeagoak izateko helburuarekin. Lehen jaitsieretako emaitzak onak izan ziren, bigarren ontziarekin egin beharreko lana ahaztu gabe. Ixi Isidro Sistiagaren lana nabarmendu nahi nuke arlo horretan, funtsezkoa baita. San Miguel Ligan duela bi urte ARC-2 mailan zeuden mutilak erabiltzen ari naiz, pentsa. Lana beltz egin ondoren egin diren arraunlariak, hobetzeko tartea dutenak. Traineru berria probatu genuen, banana entzutetsua, jendea ondo moldatu zen, eta Bilbon, sasoia hasi aurreko estropadan, oso ondo ibili ginen. Hondarribia Orsak ehunen batzuk bakarrik atera zizkigun.

 

Hor agerian geratu zen San Pedro ondo ibil zitekeela, eta hala baieztatu da. 6. postuan zaudete San Miguel Ligako sailkapen nagusian.

Bai. Pozik nago. Beheko seiak atzen utzi ditugu. Unean-unean zorte txarra izan dugu. Zierbenan, ligako lehen estropadan, adibidez. Estropada ona egin, baina haizeak ez gintuen lagundu, eta ohorezko txandatik kanpo geratu ginen hurren estropadetan. Garrantzitsua da hori, normalean onenen artean arraun egiteak mesede egiten dizulako. San Juan Iberdrola eta Tiran-Pereira gertuago edukitzea gustatuko litzaidakeela? Bai, badugulako maila haien pare ibiltzeko, baina pozik gaude. Ez gaude Hondarribiarekin buruz buru lehiatzeko moduan, estropada jakinen batean ez baldin bada. Lortzen badugu, ezin hobe.

 

Sei estropada geratzen dira azken bi estropadetako galbahea baino lehen. Ze helburu duzue?

Sasoi hasierako plangintzak lehen etena herrialdeetako txapelketekin bat egiten zuen. Orain bigarren zikloa hasiko da, abuztu bukaerara arte, Kontxarekin, eta gero azken bi estropadak. Ahalik eta sailkapen onena lortzea da erronka, beti zortzi onenen artean egonda. Nahiko lotuta daukagula uste dut, baina lanean jarraitu behar da. Helburu polita da gurearen moduko talde batentzat, harrobiarekin egiten baitugu lana. Datorkigun krisia ikusita, etorkizunari begira baikorra naiz. Bizkor jokatu behar da, bigarren ontziarekin lan egin, eta hor ari diren mutilei egunen batean onenekin batera ariko direla pentsarazi, ARC-2 eta San Miguel Ligaren arteko diferentzia handia delako. Guk egin dezakegun bide bakarra da, eta momentuz, bere fruituak ematen ari da. Emaitza ikusgarririk gabe, baina harrobiko eta arraunlari propio askok ematen duten aberastasunarekin.

 

Mutilak ere pozik egongo dira lehen ontzian jarduteko aukera horrekin ezta?

Jakina. Ondo gogoan dut, mutil horietako batzuk bigarren ontzian lehen aldiz sartu ziren eguna. Nire buruari ‘nora demontre goaz gazte hauekin?’ esan nion. Hor dago Ixi, lan handia egiten, motordun txaluparekin, bideoekin, eta bagoaz, gorantz. Egun batean San Miguel Ligako estropada batean egiten dute arraun, eta harrituta geratzen zara 19.25 denbora egiteko gai direlako, arraunean hiru urte bakarrik emanda ere.

 

Nola ikusten duzu bi oilarren arteko dema? Nahikoa izango al da Kaikuk lortutako bost puntuko aldea?

Nik Hondarribiak halako maila ematea espero nuen, egia esan. Urteak daramatzate bloke berarekin, eta arrauna kalean paseatzen ariko balira bezala egiten dute, erraz. Haien azken bi luzeak ikusi besterik ez dago. Beste guztiok sufritzen, eta haiek eman eta eman. Kaikurena Kortaren ohiko plantilla bat da. Estropada batetik bester 7 edo 8 arraunlari alda ditzake, baina ez da ezer pasatzen, sartzen direnak garaipen gose latza dutelako, eta aurreko estropadan aritu direnei eurak hobeagoak direla erakusteko grina handia dute. Lehen mailako 20 arraunlari dituzte, eta sasoi bukaerara fresko iritsiko direla uste dut. Orduan ikusiko dugu benetako Kaiku. Bost puntuko aldea alde ona da, eta ez da izango erraza tarte hori kentzea.

 

San Miguel Ligak 10 urte bete ditu dagoeneko. Zu zeu hasieratik zaude. Ze balorazio egiten duzu?

Beno, Liga sortu zeneko lehen estropadarekin gogoratzen naiz, Ono bandera. Irabazi egin genuen. Hasierak inoiz ez dira samurrak izaten. Gauza batzuk ondo egin dira, eta beste batzuk ez hain ondo. Egoera kanpotik aztertzea komeni da apur bat, eta liga estropada serioak antolatzeko ekimena dela ikusi, azpiegitura eta antolakuntza onarekin. Hor daude ETBko datuak, onak, eta ezin da ukatu San Miguel Ligak bizitasun handia eman diola arraunaren munduari. Gauzak ikusi nahi ez dituenak, ba ez ditu ikusiko, baina nire ustez Ligak onura ekarri dio arraunlariei, eta pixkanaka hobetzen joango da.

Itzuli