Albisteak 2010

LEHIAKETA

07 Uzt 2010

PEDREÑAN JOKATUKO DA SAN MIGUEL LIGAKO 3. ESTROPADA: MARINA DE CUDEYOKO VI. BANDERA DYNASOL-ENDESA SARI NAGUSIA

PEDREÑAN JOKATUKO DA SAN MIGUEL LIGAKO 3. ESTROPADA: MARINA DE CUDEYOKO VI. BANDERA DYNASOL-ENDESA SARI NAGUSIA

Kantabriako herri horretan hasiko da Emakumeen Euskotren Ligako II. ekitaldia

Bizkaia, Gipuzkoa, eta hirugarrenean Kantabria. San Miguel Ligak mendebalderantz egingo du asteburu honetan, Kantabria aldera. Pedreñak hartuko du arraunaren karabana larunbat honetan, uztailak 10 dituela: Marina De Cudeyoko VI. Bandera, Dynasol-Endesa Sari Nagusia. Santanderko badian jokatuko da estropada, itsas adarra eta itsaso zabala batzen diren gunean. Lehiaketa arratsaldeko 4retan hasiko da, hiru txandatan, eta ontziek hiru itsas miliako distantzia osatu beharko dute. 5.556 metro, lau luze eta hiru ziaboga.

 

Asteazken honetan egin da aurkezpen ekitaldia Pedreñako udaletxean, eta bertan izan dira hango udaleko alkatea, Severiano Ballesteros jauna, Pedreña arraun elkarteko presidentea, Calixto Presmanes, Dynasol etxeko Miguel Angel Lopez Rivas ordezkaria, eta enpresa bereko Giza Baliabideen saileko Jose Luis de La Maza zuzendari jauna

 

Kantabrian jokatuko den lehen estropadak Oriok lehen bi jardunaldietan erakutsitako nagusitasuna berretsi dezake. Edo kolokan jarri. Baita Castro eta Urdaibairen, San Miguel Ligako 2. eta 3. sailkatuen hautagaitza lehen asteburuan ikusi bezain sendoa den. Pedreñak etxean egingo du arraun, eta haien aurrean lan ona egiten ahaleginduko da. San Juan atzean utzi, eta lau onenen artean lekua egin nahi dute Kantabriakoek. Lehen asteburuan espero zen neurria eman ez zutenentzat ere aukera aproposa da Pedreñakoa, norabidea zuzentzeko. Kaiku eta Hondarribiarentzat, adibidez. Zer esan Zumaia eta Zarautzi buruz. Hasi eta berehala zuloan sartu dira, baina bertatik ihes egin nahiko dute lehenbailehen.

 

Zarautz, Zumaia, Kaiku eta Tiran ariko dira lehen txandan. Bigarrena bero-beroa izango da, Hondarribia, Astillero, San Pedro eta Pedreña lehiatuko baitira elkarrekin. Azken txandan San Juan, Urdaibai, Castro eta Oriok egingo dute arraun. Estropada ETBk eskainiko du, diferituan, Frantziako Tourreko etapa bukatu eta berehala.

 

Nabarmentzeko modukoa da Pedreñan hasiko dela Emakumeen Ligako bigarren ekitaldia, Euskotren Liga. Aurtengo ligak zortzi estropada izango ditu, eta Zarauzko jardunaldi bikoitzarekin bukatuko da abuztuaren 14-15ean. Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria eta Galiziako selekzioek parte hartuko dute. Galizia da, hain zuzen ere, jarduneko txapelduna. Estropada mutilen lehen txanda baino ordu erdi lehenago hasiko da, eta arraunlariek 1,5 itsas miliako tartea osatu beharko dute: 2.778 metro, bi luze eta ziaboga bakarra

Pedreñara eta Portugaletera hurbiltzen diren zale guztiek kamiseta bat lortzeko aukera izango dute Ambilamp enpresaren postuan. Nahikoa izango da balio ez duen bonbilla edo fluoreszente bat eramatea, trukean kamiseta jasotzeko.

Itzuli