Albisteak 2012

ELKARRIZKETAK

10 Abu 2012

"ITSASOAN EZIN ZARA FIDATU INOIZ; BETI ERAKUSTEN DIZU ZERBAIT"

"ITSASOAN EZIN ZARA FIDATU INOIZ; BETI ERAKUSTEN DIZU ZERBAIT"

Ioseba Amunarriz, Hondarribia Orsako patroia

Zaleen artean San Miguel Ligako Fernando Alonso deitzen omen dizute. Patroi onena zarelako ote?

Patroiak ematen ditu hemen loreak, baina meritua talde osoarena da. Taldea ona ez bada, eta berarekin ondo moldatzen ez bazara, jai dago. Guk talde ona dugu. Aurreko onak daude, eta Mikel Orbañanos entrenatzailearekin ere asko ikasi dut.

 

Ze garrantzitsua den ziabogak ondo ematea, ezta?

Bai, eta ontzian doazenak ere. Ziabogara mantso sartzen bazara, ziaboga ez da ona izango. Edo mantso atera eta nik nahi dudan norabiderik hartzen ez badugu, ezin da ezer egin. Taldea da gakoa, ez ni. 14 lagunen lana da estropada bat.

 

Zenbat ziaboga egingo zenituen zure kirol ibilbidean?

Asko. Ez dakit.

 

Alderik ba al da entrenamenduetatik lehiaketara?

Bai, eta handia. Ziaboga bat ez da inoiz berdina izaten.

 

Mikel Orbañanos entrenatzaileak zure lana goraipatu  zuen Castron, Espainiako bandera irabazi ostean. Pozik?

Beno, Mikelekin 10 urte daramatzat dagoeneko lanean, eta konfiantza sortu da bion artean. Asko eman dit, asko erakutsi, eta bere babesa funtsezkoa da niretzat. Erakutsitakoa praktikan jartzen ari naiz ontzia eramaterakoan. Estutu egiten nau egoki ikusten duenean, eta horri etekina ateratzen asmatu dut.

 

Nola prestatzen da estropada bat, ziaboga bat?

Baldintza asko eduki behar dira kontutan: korronteak, mareak, haizeak nondik jotzen duen… Gure lana ziaboga nola egin asmatzea da.

 

Larunbaterako ipar mendebala eman dute, 10-15 korapilo.

Estropada egunean erabakitzen dira kontuak. Klubeko kideren batekin txalupan joaten gara, itsasoko baldintzak, haizea eta beste aztertzera, ziabogak nola egin eta beste.

 

Zure lana ez dela 20 minutukoa.

Ez, ez. Hala izango balitz a ze desastrea. Goizetik arratsaldera ere aldatu egiten dira baldintzak, pentsa. Brankan eta poparean ere dena aldatzen da: ze norabide hartu, ze arraunketa egin… estropada aurretik erabakitzen dira kontu horiek.

 

Deigarria da ze animo oihuak ematen dizkiezun mutilei. Beti baikor.

Beno, eskatu eskatu behar da, baina animatu ere bai. 10 urte daramatzat, eta urtez urte une bakoitzean nola jokatu ikasten duzu.

 

Sekreturik ba al dauka itsasoak zuretzat?

Bai, eta beti edukiko ditu. Itsasoak dauka hemen aginte makila, berak agintzen du, eta berak erabaki. Beti erakusten du zerbait. Gipuzkoako txapelketan ontzia bueltatzeko zorian egon ginen. Ezin zara inoiz fidatu.

 

Olatuak hartzen ere iaioa zara. Zer sentitzen da olatu on bat hartzean?

Kristoren sentsazio ona da. Olatua ondo hartu eta gainean 20 palada ematen badituzu, ontzia ez da geratzen, ondo kontrolatzen baduzu abiadura ikaragarria da.

 

Eta zaila al da kontrolatzen?

Olatuen aurreneko zatia kontrolatzea da gakoa. Hori lortzen baduzu, olatu osoa ere bai.

 

Patroiak beste inork baino estres handiagoa al dauka?

Errazago ikusten da gure akatsa. Ondo egiten baduzu, ordea, loreak ere jasotzen ditugu.

 

Hondarribia, bihar. Kaiku Ambilampek alde egin du edo oraindik ez?

Bost puntu asko dira. Sasoi hasieratik esan genuen estropadaz estropada joango ginela, eta orain ere bai. Etxean gaude, eta kontrako alde hori txikitzen saiatuko gara, ea beraiek pixka bat urduritzen diren. Kontuz, dena den, Kaikurekin. Oso talde ona dauka, lehen mailako 20 arraunlari, eta haien parean egotea asko da guretzat. Edozein trainerutan titularrak izango lirateke. Gu pozik gaude haien pare gaudelako.

 

Berezia da Hondarribia, zaleek eskaintzen dizueten berotasuna, giro berezi hori. Sumatzen al duzue zuek, ontzitik?

Bai noski. Presioa kentzen digute, 1.go edo 10. egin babes bera ematen digutelako. Nabari da herriko jendeak trainerua maite duela, bai onean, bai txarrean, eta hori guretzat gauza handia da.

 

Zuen arrakastaren gakoa al da, batasun hori?

Bai. Neguan ere jendea ikusten da itsas adarrean, lan saioak egiten ditugunean-eta, eta horrek beti ematen dizu indarra lanean jarraitzeko.

 

10 urte aurten San Miguel Ligak, Ioseba. Ondo ezagutzen duzu, bide onetik al doa Liga?

Urtez urte hobetzen ari dela uste dut, egiten diren akatsetatik ikasi. Kritika asko entzuten dira, baina orain urte batzuk non geunden, eta orain non gauden aztertzeko eskatuko nuke. Gauzak oso ondo egiten ari dira. Arraunean beti daude gauzak ikasteko, eta liga ere ari da, eta San Miguel Liga oso liga ona dela esango nuke. Antolakuntza mailan, batez ere. Hobea izan daitekeela? Izango da, pixkanaka.

Itzuli