Albisteak 2017

LEHIAKETA

16 Ira 2017

Hondarribiak bere aukerei eusten die

Hondarribiak bere aukerei eusten die Hondarribiak bere aukerei eusten die

‘Ama Guadalupekoa’k Bermeo Hiriko XXXV. Bandera irabazi du gaur eta Urdaibai Aviari bi puntura gerturatu zaio sailkapen nagusian

Garaipen garrantzitsua gaurkoan Hondarribiak lortu duena Bermeoko uretan, 19’44”32eko denborarekin, Eusko Label Ligako sailkapen nagusian Urdaibai Aviarengandik bi puntura jartzeko balio izan diona. Bestalde, Ondarroa Cikautxoko Iñigo Larrinaga hiru puntura gerturatu zaio Ioseba Amunarrizi CaixaBank Patroi Onenaren sailkapenean.

Hondarribiak gaurko ohorezko txandan lortu du bandera errendimendu izugarri bat eman ostean. 19’44”32ko denborarekin, ‘Ama Guadalupekoa’k beste bandera bat gehitu dio bere palmaresari. Urdaibai Avia izan da bigarren bere zaletuen aurrean 19’51”84rekin eta Orio Babyauto hirugarren postuan sailkatu da bermeotarrengandik 8 ehunenekotara. Kaiku Produchak itxi du gaurko ohorezko txanda, laugarren postua lortuz, 20’07”34ko kronoarekin.

Gaurko lehenengo txanda hasieratik amaierara San Juan Sumelec-ek dominatu du et ez die inongo aukerarik eman beren txandakideei. Sanjuandarrek 20’27”38ko denborarekin, gaurko bostgarren postua erdietsi dute. Ondarroa Cikautxoren ‘Antiguako Ama’ seigarren izan da 20’39”22rekin eta Zierbena Bahías de Bizkaia, zazpigarren 20’45”18rekin. Gaurko estropadako azken postua Tirán Pereirarentzat izan da, Hondarribiaren denboratik 1’03ra iritsita.

Santurtzi Iberdrola playoff-ean aurreratu da

Gauzak aurpegiz jarri zaizkio gaur Santurtzi Iberdrolari, playoff-eko lehen jardunaldian lorturiko garaipenarekin. 20’32”90eko denborarekin bizkaitarren lehenengo bost puntuak batu ditu sailkapenean. Donostiarrak bigarren postua erdietsi du 20’34”08rekin eta S.D. Samertolameu hirugarren izan da 20’37”96rekin. Azkenik Ares eta C.R. Pueblak itxi dute playoff-eko txanda, laugarren eta bostgarren izanik hurrenez hurren, Santurtzi Iberdrolarengandik 24”60 eta 37”66ra.

Bihar azkeneko jardunaldia

Bihar amaiera emango zaio 2017ko Eusko Label Ligaren denboraldiari eta oraindik gauza asko daude erabakitzeko. 12.00etan emango zaio hasiera estropadari Eusko Label Ligara igotzeko playoff-aren bigarren jardunaldiari. Hau amaitu ostean denboraldiko hemezortzigarren jardunaldia jokatuko da, XLIII Bandera El Corte Inglés, non aurtengo CaixaBank Koroa nork irabaziko duen ezagutuko dugun.
 

Itzuli