Albisteak 2012

LEHIAKETA

16 Ira 2012

HONDARRIBIA ORSAK, IKARAGARRI, KAIKU AMBILAMPEN ERAKUSTALDIA SAIHESTU DU

HONDARRIBIA ORSAK, IKARAGARRI, KAIKU AMBILAMPEN ERAKUSTALDIA SAIHESTU DU

Orio Babyauto eta Zumaia Altuna y Uriak San Miguel Ligan egingo dute arraun 2013an

Hondarribia Orsak erabateko loria lapurtu dio Kaiku Ambilampi, EL CORTE INGLES Banderako 38. ekitaldia irabazita. Sestaokoek San Miguel Ligako azken bi estropadak irabazi nahi zituzten, baina erdizka geratu ziren. Bermeon eroso lortu zuten euren helburua, baina Portugaleten, euren itsas adarrean, belaunikatu egin behar izan zuten Hondarribiaren lan ikaragarriaren aurrean. Halere, ezin batere meriturik kendu Bizkaitarrari, San Miguel Liga eta Mapfre Koroa irabazteaz gain, 10 estropada irabazi dituelako. Zer esan Hondarribiari buruz, Ligako txapeldunordea eta sei bandera etxera.

 

Zorteak abantaila txiki bat eman nahi izan zien Kaiku eta Tirani, 3. eta 4. kaletik abiatu baitziren bi horiek. Itxuraz, eguerdian itsas adarrean lan egiteko onenak. Biak nagusi izan ziren lehen erdian, eta Tiranek asko behartu zuen Kaiku. Segundo bat aurretik, parean, galiziarrek asko estutu zuten, eta Sestaokoak nahi baino lan gehiago egin behar izan zuten. Bitartean, zaindari lanean zen Hondarribia. Bost, sei segundora. Itxuraz urrun, baina Ioseba Amunarriz Ligako patroi onenak beretzat gorde zuen azken hitza, eta hirugarren ziaboga ikusgarria egin. Bizpahiru segundoko atzerapena berdindu zuen aurrena, eta ziabogatik Kaiku eta Tiran baino hobeto atera zen. Segundo bat, bi, hiru ere bai, baina Kaiku bultza eta bultza. Hondarribiak, halere, eutsi egin zion, eta sekulako estropada irabazi, merezita.

 

San Miguel Liga denboraldiko estropada ikusgarrienetakoarekin bukatu da, eta ohore egin sasoiko babesle distiratsuenetakoari: EL CORTE INGLES BANDERA. Bi onenak San Miguel Ligako ontzian. Batzuentzat estropada, besteentzat Liga. Bukaera ezin hobea.

 

1.go txandan, San Pedrok ezustekoa eman zuen, eta aurrea hartu San Juango bizilagunei, eta Kantabriako bi ontziei: Castro eta Astillero. Estropada mugitua izan zen, kale batetik bestera alde handiak egon zirelako korronteen eraginez. San Pedrok izan zuen zorte handiena kalearekin, bera moldatu zen ondoen, eta meritu handiko garaipena lortu. Batez ere harrobiko 14 arraunlarirekin aritu zelako Libia. San Pedrok 4 segundoko alde handia atera zion bigarren sailkatuari, Castrori.

 

Orio eta Zumaia, San Miguel Ligara

 

Orio Babyauto eta Zumaia Altuna Y Uria ontziek bezperan Bermeon egindako lan ona berretsi zuten, eta biek San Miguel Ligan, onenekin batera egingo dute arraun hurrengo denboraldian. Pauso garrantzitsua eman zuten lehen jardunaldian, eta euren sasoi puntu ona baieztatu Bilboko itsas adarrean, estropadako lehen bi postuak lortuta. Estropada erosoa izan zen bi gipuzkoarrentzat, Santurtzik eta Amegrovek ez zutelako arriskuan jarri inoiz euren nagusitza.

 

Itsas adarrak eta itsaso bareak lau ontziak berdindu zituen, eta ez ziren atzo Bermeon eman ziren aldeak errepikatu. Oriok hasieratik hartu zuen estropadako burua, baina alde txikiekin. Segundo bakarra Zumaiari, eta lau Amegrove eta Santurtziri. Garaipena lortzeko lehia bere horretan mantendu zen bigarren luzean, baina Amegrove eta Santurtzi atzean geratzen hasi ziren: 6 eta 7 segundo, hurrenez hurren, Zumaiarekiko.

 

Oriok hirugarren luzean hautsi zuen estropada, ziabogan bost segundo aterata Zumaiari. Bere borroka beste bat zela ulertu zuten orduan Xanti Zabaletaren mutilek, bigarren postuari eustea, eta bigarrenez San Juango platanitoarekin, sei-zazpiko segundora mantendu zituen Sotera eta Amegrove. Estutasunik pasa gabe eutsi zioten zumaiarrek, helmugan zazpi segundo gehiago egin zituelako Itsasoko Amak, eta bi gehiago, bederatzi, Amegrovek.

 

Klasiko bat bueltan da San Miguel Ligan, Orio, eta beste klasiko bat, Zumaia, bertan mantenduko da. San Miguel Ligak Gipuzkoako beste ontzi bat izango du 2013an, Kantauri Itsasoko klub distiratsuenetakoa: Orio.

Itzuli