Albisteak 2012

LEHIAKETA

20 Uzt 2012

"GAUZA ASKO ALDATU DIRA URTE BATETIK BESTERA, TENTUZ JOKATU BEHAR DA"

"GAUZA ASKO ALDATU DIRA URTE BATETIK BESTERA, TENTUZ JOKATU BEHAR DA"

Juan Mari Etxabe, Urdaibai Umpro Avia taldeko entrenatzailea

Pasai Donibaneko bihotzean bizi da Juan Mari Etxabe, bere jaioterrian. Arraun mundua ondo ezagutzea, normalena. Bizkaian, Bermeo aldean ari da aurten, entrenatzaile jardunean. Denboraldiko lehen bandera irabazita erantzun ditu galderak. Pozik, baina zuhur.

 

Kostata iritsi da, baina Urdaibai askok espero zuten tokira iritsi da: denboraldiko lehen bandera, Moañan. Ze balorazio egiten duzu?

Bueno, balorazioa orokorrean egin behar da, ez Moañako estropadakoa bakarrik. Zierbenan azkeneko txandan atera ginen, eta oilarrak lehen txandan. Haize aldaketak ere bere eragina izan zuen, eta hor halako zalantzak sortu ziren taldean. Astilleron emaitza hobea izan zen, hirugarren postua lortuta. Portugaleten ere postu bera, baina Zarautzen berriro ere nahi eta ezin, kalearekin ere zorte kaskarra… Galizian, O Groven ondo, Kaikurengandik 10 segundora, ez harritzeko moduko aldea. Konfiantza hartu genuela esango nuke, eta igandean, Moañan, ba arraunketa biribilagoa, indar handiagoa eta bandera. Zorte apur bat izan genuela kalearekin? Bai, zergatik ukatu, baina zorteak zorte, liga honetan probak irabazteko eman egin behar zaio derrigor.

 

Alor fisikoari hainbeste buelta, eta ze garrantzitsua den burukoa ere, ezta?

Erabakigarria. Inork uste duena baino handiagoa. Emaitzak onak ez direnean buruak bere lana egiten du, galderak egiten hasi, eta horri buelta ematea ez da erraza. Urdaibain ere gauza asko aldatu dira urte batetik bestera. Javier Lolo prestatzaile fisikoa eta ni neu iritsi berriak gara, eta kanpotik ezer ez dela aldatu ematen badu ere, ez da hala. Herriak kluba goian ikusi nahi du, guk bezala, baina tentuz jokatu behar da. Ababor aldeko tripulazio guztia berria da, igandean arraun egin zutenetatik denak berriak ziren Rua eta Zulaika brankako arraunlaria izan ezik. Pazientzia pixka bat behar da.

 

Sasoia hasi aurreko analisiek ere Urdaibai Kaiku baino koskatxo bat beherago zegoela zioten. Ligako 3. postua al da, zuen benetako tokia ligan?

Nik hasieratik esan nuen Kaiku Ambilamp eta eta Hondarribia Orsa zirela faborito nagusi, eta gu eta Tiran Pereira hor ibiliko ginela, gertu antzean. Goiko biek taldea eginda dute, eta eskarmentu handia. Nik noizean behin goi-goien ibili gintezkeela banekien. 3. postuak gu gure lana ondo egiten ari garela esan nahi du.

 

Norberaren mugak onartzea gauza ona da ezta? Herriko jendea jabetu al da egoera berri horrekin?

Zuzendaritza ari da borrokan, mezu hori zabaldu asmoz, eta herritarrek ulertu dutela uste dut.

 

Zein da, gaur-gaurkoz, San Miguel Liga irabazteko faboritoa?

Nik Hondarribia Kaikuren pare edo hobe jarri nuen, sasoia hasi aurretik egin zizkidaten elkarrizketetan. Benetako ustekabea Hondarribia goian ez egotea izango litzateke. Lanean bikain ari dira, urte askotan jarraian, eta uzta jasotzen ari dira orain. Klub bakoitzak ligaz kanpoko txapelketei ze garrantzia ematen dien hartu behar da kontutan orain, horrek bere eragina izango duelako ligako emaitzetan. Dena eman edo indarrak neurtu. Kaiku eta Hondarribia koska bat gorago daude.

 

Eta beste taldeen inguruko jarduna ikusi, eta zerk harritu zaitu?

Akaso Pasai Donibane izan da ezustekoa, ez baitzen espero hain goian egotea. Ustekabe ona da, pasaitarrena. Zierbena kenduta, bestela parekotasuna handia dela esango nuke. Begira Portugalete, pattal samar hasi, estropada on pare bat egin eta gora egin dute nabarmen. Castro ere hirugarren izan zen Galizian… Deskuiduak garesti ordaintzen dira. San Pedrok ere zorte txar samarra izan duela esango nuke, puntu gehixeago eduki beharko lituzketela.

 

Ondo ospatu al zenuten lehen bandera lortu izana?

Bueno, ez zen sekulako ustekabea izan. Espero genuen bakarren bat lortzea. Ia-ia talde bera jarri nuen larunbatetik igandera, konforme geratu nintzelako larunbatean. Muturra sartu nahi genuke, ea lortzen dugun.

 

Ona da parekotasuna egotea.

Bai, oihartzun mediatikoari begira bai. Ontzi bakarrak dena irabazten badu ez da hain polita. Ezagutzen dut hori, Castron egon nintzenean, baina produktua saltzeko ez da egoera egokia. Lehiakortasunak ikuskizuna handitzen du.

 

Ligak 10 urte aurten. Ia denak ezagutu dituzu. Bide onetik al doa arrauna?

Bai, zer hobetua badago, baina araututako liga bat, antolakuntza aldetik txukuna eta abar, oso garrantzitsua da. Klubentzat eta zaleen aldetik ere. Arau mailan eta, gauzak nabarmen hobetu behar dira, kontuak azken asanbladan lotzen ibili gabe eta. Klub bakoitzak bere interesak ditu, baina finkatzen diren arauak epe luzeagorako finkatuko nituzke, ez urtero aldatzea. Bakoitzak zertara moldatu behar dugun jakiteko, ezta? Arau finkoak bost urterako edo jartzearen aldekoa naiz ni.

Itzuli