Albisteak 2013

ELKARRIZKETAK

31 Uzt 2013

"GAUDEN BEZALA EGONDA ERE, GURE DENBORALDIA BIKAINA IZATEN ARI DA"

"GAUDEN BEZALA EGONDA ERE, GURE DENBORALDIA BIKAINA IZATEN ARI DA"

Ivan Echeverria, Castreñako arraunlaria

“Guk ez dugu amore emango”. Ziurtasun horrekin mintzatzen da Ivan Echeverria, Castreña ontziko arraunlari beteranoa (Castro Udiales, 31 urte). Kantabriakoak San Miguel Ligako azken postuan geratuko zirela zirudien aste batzuk atzera, baina Getxo eta Zumaiako estropada onen ondoren, lau puntura dute 11. postua. Itxaropena hazi egin da Castron, baina denboraldia bukatzeko sei estropada geratzen direla, badakite ez dutela akatsik egiteko tarte handirik.

 

 

Pasa den astean heriotzara kondenatuak zeundetela zirudien, eta orain kontrakoa. Nola dago Castreña, Zumaia lau puntura duela?

Bizirik gaudela ikusi da, eta Zumaiaren bila joateko indarra dugula. Ez dago beste aukerarik, azken postua atzean utzi baino. Aste batzuk badaramatzagu Portugaleten egin genuen estropada kaskarra ordaintzen, eta kosta egin zaigu egoerari buelta ematea. Sei estropada geratzen dira, matematikoki 11. postua, play-offa lortzeko aukera dugu, eta ez dugu etsiko.

 

Ez du erraza izan behar ezkortasuna uxatzea.

Hemen inor ez da belaunikatu. Ez gu, arraunlariak, ez entrenatzailea, eta ezta zuzendaritzako kideak ere. Bi estropada zail geratzen dira, San Pedron eta Portugaleten, itsas adarra eta bere kale bereziekin, eta azken estropada, etxean. Dena dugu jokoan, badakigu ezin dugula oparirik egin.

 

Egoera asko aldatzen al da 11. sailkatutik 7 edo 4 puntura egonda?

Ez uste. Getxoko estropadan, Zumaiaz gain beste ontzi bat edo bi atzean uzteko gai garela erakutsi genuen. San Pedrok 40 ehunekogatik irabazi gintuen, eta lastima izan zen, oso puntu garrantzitsua izan zitekeelako. Lehentasuna Zumaia gure atzetik uztea da, eta ahal bada, beste ontziren bat tartean sartzea. Eskatzeko baimenarekin, azken estropadara, etxekora, dena erabakitzeko dagoela ez iristea gustatuko litzaidake.

 

Nola ikusten dituzu geratzen diren sei estropadak?

Sei final bezala. Agian Zumaiaren atzetik geratzeko aukeraren bat edo beste dugu, baina hobe horretan ez pentsatzea. Estropadako puntu bat kentzen badiegu nahikoa izan daiteke.

 

Ondoen zaudetenean, aste bateko atsedena etorri da. Horrek kalte egin diezazueke?

 

Ez, atseden apur bat inoiz ez da txarra. Denboraldia aurrera doa, eta nekea gero eta handiagoa da. Egun batzuetako lasaitasuna ondo etorriko da indar berritzeko.

 

Denboraldia hasi aurretik, aditu gehienek maila galtzeko hautagai ziur zinetela zioten. Nola bizi izan duzue egoera hori?

Ez zen samurra izan. Niretzat ere ez zen erraza izan herriko ontzira bueltatzea, erronka handia zen. Pasa den denboraldiko 6 edo 7 arraunlari geratu ginen, eta B ontziko arraunlariekin osatu genuen ACTkoa. Jende gaztea, grinatsua, baina eskarmentu handirik gabekoa, ARC-2 mailan trebatutakoak eta sailkapenaren erdialdean ibilitakoak. Begira, hiltzat jotzen gintuzten, eta bizirik gaude. Denboraldi bikaina egiten ari garela esango nuke.

 

Castrok arrakastaren gozoa eta ezinaren gabezia bizi izan ditu. Zu biak ezagututakoa zara, zer diote zaleek?

Garbi dago banderen borrokan aritzeak zale gehiago erakartzen duela, baina taldea babesten dutenak gurekin daude bukaerara arte, eta haientzat doa nire eskerrik beroena.

 

Zu zeu ere arriskatu egin zinen herrira itzultzen. Zer pasatzen zaizu burutik orain?

Santurtzin egon nintzen iaz, baina etorri banintzen, zegoen egoera jakinda etorri nintzen. Cuero entrenatzaileak itzultzeko animoak eman zizkidan, eta eskertu beharrean nago. Egiari zor, elitean irauteko aukeraren bat badugu, berari esker da, gugan konfiantza osoa duelako.

Itzuli