ACT TV 2019
07 Uzt 2019
Garaipen bikoitza Orio Babyautorentzat
Go fit Hondarribia nagusitu da gaurko estropadan baina "San Nikolas" ontziak irabazi du III. Cidade da Coruña Bandera. Euskotren Ligan, berriz, Orio Babyautok eraman du II. Cidade da Coruña Bandera
Azken unera arte ez jakin zein taldek eramango zuen III. Cidade da Coruña Bandera. Bi jardunaldietan jokatzen diren banderek berezitasun bat dute, eta asteburu honetan hala gertatu da. Gaurko estropada Go fit Hondarribiak hasieratik lehen postuan egon da eta nagusitasunez irabazi du 20’33”86ko denbora eginda eta Orio Babyautori 8"ko aldea aterata. Halere, bi jardunaldietako deborak batuta "San Nikolas" ontziak irabazi du III. Cidade da Coruña Bandera atzoko estropadan lortutako abantailari esker (11"). Jon Salsamendiren mutilek laugarren postuan amaitu dute, Santurtzi Iberdrola, berriz, bosgarren geratu da 12 segundora eta Urdaibai Avia, aldiz, 13ra.
Bigarren txandan, borroka estua egon da Donostiarra eta Zierbena Bahias de Bizkaiaren artean. Amaieran, Torrekua ontzia nagusitu da 20’37”86ko denbora eginda eta gaurko estropadan bigarren postuan geratu da. Igor Makazagaren mutilek bizkaitarrei 3 segundoko aldea atera diote, eta Ondarroa Cikautxori, berriz, 31 segundo. Antiguako Amak zortzigarren postuan amaitu du eta Cabok, aldiz, hamaikagarren posturaino erori da 43 segundo galduta.
Lehen txanda Kaikuk gobernatu du hasieratik eta zazpigarren postuan geratu da 20’59”96ko denbora eginez. Bestalde, Lekittarra Elecnorrek eta Astillero Repsol Electricad y Gasek lehia oso estua izan dute azken paladara arte. Amaieran, lekittarrek lortu dute lehen txandako lehen postua eta 32 ehuneneko aldea atera diote San Jose XVri. San Pedrok, aldiz, gaurkoan asko sufritu du eta hamabigarren postuan amaitu du "Bizkaitarra" ontziarengandik 20 segundora.
Orio Babyautok hegan egin du
Oriotarrek hasieratik beraien nagusitasuna erakutsi dute eta beraiek izan dira II. Cidade da Coruña Banderako irabazleak. "Txiki" ontziak Donostiarrari 10 segundoko aldea ateratzen zion lehen ziabogan. Hortik aurrera, Orio Babyautok itzulerako luzean hegan egin du eta trapua etxera eraman du Donostia Arraun Lagunaki 19 segundo ateraz. Torrekua II.ak hirugarren amaitu du 26 segundora eta Hondarribia Bertako Igogailuak, berriz, 27 segundora.
Gauzak horrela, Orio Babyautok jarraitzen du Eusko Label Ligako lider 67 punturekin Go fit Hondarribia bigarren sailkatuari 6 puntuko aldea duelarik. Hirugarren postuan, berriz, Santurtzi Iberdrola dago oriotarrengandik 10 puntura. Euskotren Ligako sailkapen nagusiari dagokionez, Orio Babyautok jarraitzen du lider eta Arraun Lagunaki bi puntuko aldea ateratzen dio.
CaixaBank Patroi Onenaren Sariari dagokionez, gaurko 3 puntuak Juan Mari Lujanbio Soterako patroiak eskuratu ditu, eta Arkaitz Diaz Dononostiarrako lemazainak segitzen du lider Iñaki Goikoetxea Lekittarra Elecnorreko lemazainari hiru puntuko aldea ateratzen diola. Emakumezkoen Patroi Onenaren sailkapenean, aldiz, Nadeth Agirre Orio Babyautoko patroiak jarriatzen du lehen postuan.
Hurrengo asteburuan, Donostian eta Castron jokatuko dira Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako zazpigarren eta bosgarren jardunaldiak, hurrenez hurren.