Albisteak 2013

ELKARRIZKETAK

12 Uzt 2013

"EUSKOTREN LIGAN LAU GIPUZKOAR LEHIATUKO GARELA USTE DUT"

"EUSKOTREN LIGAN LAU GIPUZKOAR LEHIATUKO GARELA USTE DUT"

Oihana Erkizia, Zumaia Salegi Jatetxea Itziar ontziko arraunlaria

Oihana Erkiziak nahikoa du ordu laurden emakumezkoen arrauna, Euskotren Liga eta asteburuko sailkapen estropada aztertzeko (Arroa-Bekoa, Gipuzkoa, 35 urte). Txapelduna izan eta sailkapen estropadako urduritasunik ez edukitzea gauza ona dela dio, lasaitasuna ematen duela lana egiteko. Faboritotzat ikusten du bere kluba, baina gehiegizko konfiantzarik gabe. Lau gipuzkoar ikusten ditu Euskotren Ligan lehiatzen.

 

Euskotren Liga hasi bezperan, Zumaia da txapelduna, ze pasa da txapeldun izan osteko hilabeteetan, nola zaudete txapelketa hastear, ze sentsaziorekin?

Pasa den denboraldiko egoera eta hastear dagoena erabat ezberdinak dira. Iaz sailkapen estropadan parte hartu behar izan genuen, eta aurten sailkatuta gaude txapeldunak garelako. Horrek dena aldatzen du. Iaz justu-justu sartu ginen, aurten barruan gaude. Entrenamenduen plangintza-eta zeharo baldintzatzen du horrek. Azken hilabeteetan Euskotren Ligan lehiatzeko egiten duzu lan, iaz ez genekien hori lortu ahal izango genuenik. Sailkatuta ez bazaude, sailkapena lortzea bakarrik duzu buruan, horri begira egiten duzu lan. Barruan bazaude, beste patxada bat duzu. Guk asko nabaritu dugu aldaketa hori. Iaz ontzia osatzeko ere komeria batzuk izan genituen, gero irabazi eta olatuaren aparrean… behe-behetik hasi eta gailurreraino iristeko bidea egin dugu urtebetean.

 

Zer aldatu du zuengan txapeldun izateak?

Ez pentsa egoera erabat aldatu denik. Batez ere entrenatzen-eta disfrutatu egiten duzula, ilusio handiagoa, beste pizgarri bat daukazu.

 

Eta herrian? Emakumeak arraunean egiteko grina handitu al da?

Ez pentsa. Gehixeago animatzea ez legoke gaizki. Zumaian egiten dugu arraun, baina ontzian herrikoak, Arroa Behekoak, zestoarrak, Ondarruko jendea, Castroko neska bat ere bai… Herri dezentetako arraunlariak gabiltza. Zaletasunaren inguruan-eta, egoera ezberdina da. Zumaian beti egon izan da arraun zaletasuna, adin guztietakoak. Akaso ez hara eta hona mugitzen dena, baina bai herriko arraunlariak animatzen dituena.

 

Kirol arloan, ze ikusi, sumatu duzu aurre-denboraldian? Zumaia al da Euskotren Liga irabazteko faboritoa?

Nire ustez faborito izateko saria lortu dugu. Horrek, ordea, ez digu titulurik emango, uretan eman egin behar zaio. Besteak ez dira besamotzak. Gaur-gaurkoz, ez dut uste, adibidez, San Juan baino gehiago garenik, eta edozein despiste garesti ordain daiteke. Orio, Hondarribia eta Hibaika koska bat beherago ikusten ditut, baina horrekin ez dut esan nahi gu baino talde txarragoak direnik, estropada batean jarduna baldintzatzen duten koska asko daudelako. Liga honetan denek entrenatzen dute egunero, eta denek jan amak prestatutako dilista goxoak. Ezin da ezer lortutzat jo, lortu aurretik. Jaitsieratan-eta ondo ibili gara, baina horrek ez dit bermerik ematen, larunbatean Pedreñan bandera irabaziko dugula esateko.

 

Ze hiru klub ikusten dituzu Euskotren Ligan jarduteko aukera gehiagorekin?

San Juan eta Hibaika ziurtzat jotzen ditut, eta gero zalantza daukat. Bizkaia ondo ibili da, baina Donostian itsasoan da estropada, eta horrek Orioren aldeko apustua egitera bultzatzen nau. Euskotren Ligak lau ontzi gipuzkoar izango dituela esango nuke.

 

Kantauri Itsaso osoko liga batean herrialde bakarreko klubak egotea ona al da?

Oso ona ez… Halako boom bat egon zain orain bost urte, eta emakume gazte asko dabil arraunean, baina urteak daramatzana. Ez da halako segidarik ikusten, baina ez nuke jakingo arrazoi zehatz bat ematen.

 

Zuk lau urte daramatzazu, zergatik hasi zinen arraunean?

Lehengusu batek esan zidalako. Bateletan aritutakoa naiz 16-17 urterekin. Senarra entrenatzaile jardunean hasi zen, eta Joseba Urbieta orduko emakumeen taldeko entrenatzaileak hala esan zidan: “etorri hadi bihar poltsarekin”. Eta nik nire buruari: “Nola ba, 14 urteren ondoren?”. Eta horrela hasi nintzen. Gogorra egin zitzaidan lehen bi hilabeteetan, korrika egiten dugunean-eta, baina ondoren samurragoa da, eta arrauna gustuko dudanez, ba aurrera.

 

Zer esango zenioke gazte bati, arraunean hasteko?

Ba probatu duten guztiek segitu egin dutela, eta ez dela hain txarra izango. Kosta egiten zaiela uztea. Eta talde lana funtsezkoa den kirola dela. Zure malkoa, nire malkoa esaten dut nik, eta zuk zeuk albokoaren laguntza gabe zer eginik ez duzula sentitzea arrauna ederresten du. Batera aritzen ez bazara jai duzu.

 

Zeresana eman du, txapeldun izan diren azken bi taldeak, Zumaia-Getaria, eta Galizia, aurten ez direla uretan ariko. Ze hausnarketa eragiten dizu egoera horrek?

Galdera hori beraiek erantzun behar dute. Neska gutxi daudela egia da, baina klub bat zergatik sortu eta desagertu den ezin dut erantzun. Galiziaren kasuan, selekzio bat egin zuten, eta jende bat hautatu zuten, eta beste bat kanpoan utzi. Kanpoan geratu denari bueltatzeko gogorik geratuko al zaio? Haiek eskualde oso bateko selekzio bat dira, eta gu edo San Juan, klub soilak. Haiek garaitzeko gai diren klubak.

Itzuli