Albisteak 2012

ELKARRIZKETAK

16 Abu 2012

"ESTROPADA ASTEBURUA UDAKO HITZORDU GARRANTZITSUENA DA GURETZAT"

"ESTROPADA ASTEBURUA UDAKO HITZORDU GARRANTZITSUENA DA GURETZAT"

Juan Luis Illarramandi, Zarauzko alkatea

Lanpetuta dabil Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkatea. Milaka bisitari hurbiltzen dira Gipuzkoako hiri horretara udan, eta horrekin, alkatearen lana handitu egiten da asko. Aste bukaera honetan San Miguel ligako estropada onenetakoa jokatuko da bertan, eta estropada horrek Zarauzko herriarentzat daukan garrantziaz mintzatu da.

 

Nola aurkeztuko zenioke Zarauzko estropada arraun zaleari?

Batez ere Kontxarako atea irekitzen duen estropada bezala ezagutzen dela esango nuke. Donostiako Badiako arraun eremua eta gurea antzekoak direla esango nuke, eta bizpahiru asteko tartea dago bi estropaden artean. San Miguel ligari dagokionez, herriko estropadan bi jardunaldi jokatzen dira, puntu asko banatu, eta Liga bertan erabakitzen hasten da. Alkate bezala, Zarautzentzat oso hitzordu garrantzitsua dela uste dut, eta zale bezala, ba oso estropada kuttuna, milaka zale elkartzen dituen horietakoa. Uda honetan ere beste estropada bat izan genuen, uztailean, eta lehiaketa eremua pixka bat aldatu. Dena ondo joan zen, eta aste honetan ere, dena ondo joan dadin itxaropena daukagu.

 

Zarautzentzat abuztuko estropada bikoitza hori garrantzitsua dela esan duzu. Zergatik?

Herri turistikoa da Zarautz, eta abuztuaren erdialdea uda osoan jende gehien biltzen den unea izango da ziurrenik. Orduan jokatzen da estropada, lehenago triatloia. Guretzat funtsezko kirol ekintzak dira, haien bitartez ematen gara ezagutzera, eta haiei esker jendea Zarautzera erakartzen saiatzen gara. Bietan biltzen den jende kopurua aintzat hartuta, asmatzen dugula esango nuke.

 

Orain alkatea zara, baina zalea bazarela ere esana duzu sarri. Nola bizitzen duzu orain estropada saioa?

Posible dudanean itsasotik jarraitzen ditut estropadak, eta hala ez denean, ba itsas ertzetik. Iaz ere bandera emateko aukera izan nuen, eta oso une bereziak dira. Aurtengoan pena apur batekin biziko dut estropada. Getariarra naiz jaiotzez, baina Orion hazi nintzen, eta Zarautzen bizi, gaur egun. Herri horietako ordezkaririk ez da izango San Miguel ligan, eta gogorra da niretzat. Kaiku Ambilamp eta Hondarribia Orsa hor dabiltza, borroka estuan, eta Zumaia Altuna y Uria ere, gertuen daukagun herria, gero eta indartsuago. Estropada lehiatua izatea nahi nuke, bizia, zaleek ere goza dezaten, eta eskatzeko baimenarekin, itsaso pixka bat, itsasoko egoerak politago egiten baititu estropadak.

 

35. ekitaldia du aurten Zarauzko estropadak, ze etorkizun ikusten diozu?

Beno, denok gara kontziente krisi ekonomikoa gogorra dela, eta alor guztiak kaltetzen dituela. Udaletxeok ere bai. Sosei begiratu behar diogu, baina estropada tradizio handiko kirol hitzordua da, eta ezin dugu baztertu, jende asko hurbiltzen delako Zarautzera asteburu horretan. Bide batez, ondoan dauden herrietako arduradunei euren laguntza eskertu nahi nieke. Estropada egunean errepide nagusia ixten dugu, eta badakigu horrek herritarrei oztopoak sortzen dizkiela. Haien ulerkortasuna eskertu nahi dugu, eta estropadan parte har dezaten animatu.

 

Esan duzu zale sutsua zarela, ziur San Miguel ligaren ibilbidea jarraitu duzula azken urte hauetan. Aurten 10. urtea du Ligak, ze hausnarketa egiten duzu?

Lehiaketa serioa dela esango nuke. Egitura mailan oso liga txukuna dela uste dut, eta halako antolakuntza ona edukiko zuen lehiaketaren bat behar zela, aurrera egiteko. Arraunean bakoitzak bereari begiratzeko joera badagoela esango nuke, eta Ligak denen asmoak liga batean biltzen asmatu duela uste dut.

Itzuli