ACT TV 2018
BEREZIAK
07 Uzt 2018
Coruñak gorengo mailako arrauna hartuko du
Cidade da Coruña Bandera jokoan izango da bihar eta etzi Eusko Label Ligan zein Euskotren Ligan
Riazor hondartzak beste behin ere momentuko traineru onenak hartuko ditu asteburu honetan. Iaz Eusko Label Ligak Coruñako uretan debuta egin bazuen, aurtengo zitan berritasun garrantzitsuak izango dira. Izan ere, Cidade da Coruña Bandera bi jardunaldi izatera pasa da, non gizonezko 12 traineruak garaipenaren bila borrokatuko dira ahalik eta puntu gehien biltzeko asmoz CaixaBank Koroaren lehian. Baina hori ez da berritasun bakarra, aurten Euskotren Liga ere iritsi baita Coruñako badiara. San Juan Iberdrola, Orio Babyauto, GU Arraun eta Hondarribia Bertako Igogailuak lehen aldiz izango dira aurrez aurre gorengo mailan.
Beraz, bi jardunaldietan, bihar larunbata 18:00tan eta igandean 11:45ean, egindako denborak batuta erabakiko da sailkapen nagusia eta Banderaren garailea, bai Eusko Label Ligan bai Euskotren Ligan. Iaz, haizeak zeharo baldintzatu zuen estropada hasieratik bukaerara, traineruak jauzika ikusi genituen eta patroiek dena eman behar izan zuten norabideari eusteko. Zalantzarik gabe, arraun zaleek gogoan izango duten ikuskizuna, non Urdaibai Avia atera zen garaile 22’ 07” 12 denbora eginda eta bakarrik 14 ehuneneko aldea aterata Go Fit Hondarribiari. Orio Babyauto izan zen hirugarren bi segundo baino gehiagora.
Iaz bezala, estropada eremuak 4 luze eta hiru ziaboga izango ditu Riazor Hondartzan, eta barruko balizak Las Esclavas kai-muturraren ondoan kokatuta egongo dira. Irteera ordena hurrengoa izango da: Larunbatean 18:00etatik aurrera emakumeen jardunaldiak emango dio hasiera lehiari eta gizonezkoena jarraian izango da. Lehen txanda Kaiku Produchak, Tiran Pereirak, San Juan Sumelecek eta San Pedrok osatuko dute. Bigarrenean Ondarroa Cikautxo, Donostiarra, Cabo eta Orio Babyauto izango dira. Eta ohorezkoan, berriz, Santurtzi Iberdrola, Zierbena Bahias de Bizkaia, GO fit Hondarribia eta Urdaibai Avia, azken hau Eusko Label Ligako lider iritsi da Coruñako uretara. Igandean Euskotren Ligako lehia 11:45ean hasiko da eta ondoren mutilen txapelketari emango zaio hasiera, irteera ordena larunbatean izandako sailkapenaren araberakoa izanik.
Azkenik, azpimarratzeko, Eusko Label Ligako egutegi osoan izango den Fan Zone-a Las Esclavas kai-muturrean kokatuta izango da.