Albisteak 2026
ELKARTEA
08 Uzt 2026
CaixaBank Bandera, larunbat honetan Castro-Urdialesen
Brazomarko badia izango da arraun eliteak Kantabriako uretan egingo duen geldialdi bakarra.
Larunbat honetan jokoan izango dira Euskotren Ligako X. CaixaBank Bandera eta Eusko Label Ligako XIV. CaixaBank Bandera Castro-Urdialesko uretan. Txapelketek Kantabriako uretan egingo duten estropada bakarra izango da. Arraunaren munduan eszenatoki historikoa da hau, eta CaixaBanki esker, lurraldeak arraun elitearekin duen loturari eusten dio.
Gaur goizean aurkeztu dituzte herriko udaletxean larunbatean jokatuko diren CaixaBank Banderak. Dagoeneko 14 edizio bete dira, eta horietatik 9 Brazomarko badian jokatu dira.
Aurkezpen ekitaldiko buru izan dira Susana Herrán, Castro-Urdialesko alkatea; Héctor Alonso, CaixaBankeko negozio-arloko zuzendaria; eta Borja Rodrigo, ACTko presidentea.
Susana Herránek, Castro-Urdialesko alkateak, estropada-eremuaren eta herriaren balio historikoa azpimarratu du: "Gure kokapenak, hiriko ondare historikoak eta zaleen babes kementsuak inguraturik, ingurune paregabea eskaintzen du arraunik onenaz gozatzeko. Castro-Urdiales itsasoari estu lotuta dago bere itsas, arraun eta arrantza historiaren bidez. Hemen, arrauna kiroletik harago doa: gure nortasunaren, gure ondarearen eta gure pasioaren parte da".
Bestalde, Héctor Alonsok, CaixaBankeko negozio-arloko zuzendariak, hauxe adierazi du: "Kantabriarekin dugun lotura sendoa eta etengabea da. Izan ere, hamargarren aldia izango da CaixaBank Bandera erkidego honetan jokatzen dela. Laredon izan ginen 2013an, Santanderren 2017an, eta larunbatean zortzigarren edizioa ospatuko dugu Brazomarko ingurune bikain honetan".
Borja Rodrigok, bere aldetik, alderdien konpromisoa nabarmendu du estropada beste urte batez aurrera eraman ahal izateko: " plazera da Castro-Urdialesera itzultzea. Brazomar eszenatoki bikaina da jendearentzat eta estropada-eremu bikaina kirol arloari dagokionez. ACTrentzat estrategikoa da Kantabrian presentziari eustea, eta CaixaBanken laguntzari esker lortzen dugu, isurialde kantauriar-atlantikoan hazten laguntzen digun funtsezko aliatua baita. Gure eskerrik beroenak Castro-Urdialesko Udalari ere; haien konpromisoa eta interesa ezinbestekoak izan dira hau egia bihurtzeko".


