Albisteak 2014

LEHIAKETA

25 Uzt 2014

Bizkaitar zaporea San Miguel Ligarentzat

Bizkaitar zaporea San Miguel Ligarentzat

Aste bukaera honetan jokatuko dira Getxoko Estropaden XXXVI Ikurriña - J.A. Agirre Lehendakariaren X. Omenaldia larunbatean Getxon eta XXXI Petronor Bandera igandean Zierbenan

Getxokoa San Miguel Ligaren egutegiko estropaden artetik ohikoenetakoa da eta nolabait esan liteke aproposa dela Kaiku Ambilampentzat, dominatzaile argia izan delako Getxoko Estropaden azken hiru edizioak irabaziz (2013, 2012 eta 2011). Bestalde, Castroren 'La Marinera' izan da azken urteetako trainerurik bizkorrena, 2009an garaipena lortuz 19'18"70ko denbora eginez, orain arte iñork hobetu ezin izan duen denbora. Estropada hau ez da denbora askoren aldearekin erabakitzen normalean, baina lehengo urteko denboraldian 23 segundoko aldea atera zion helmugan Kaiku Ambilampek bigarren sailkatu zen Orio Babyautori.

Honela,  biharko Getxoko Estropadaren XXXVI Ikurriña - J.A. Agirre Lehendakariaren X. Omenaldia inoiz baina hautagai sorta handiagoarekin iritsiko da. Esan beharra dago gizonezkoen estropadaren aurretik, 18.00etan, Euskotren Ligako lau traineru hoberenak lehiatuko direla Getxoko VI Ikurriña eramateko, bostgarren jardunaldiari dagokiona, aurrez San Juan Iberdrolak eta Zumaiak egin bezala. Horretarako, milia bat eta erdi, bi luze eta ziaboga bat dituen ibilbide batean azkarrenak izan beharko dira.

Gizonezkoen 12 traineruak hiru milia, lau luze eta hiru ziaboga dituen Getxoko Portu Zaharrean kokaturiko ibilbide batean lehiatuko dira. Larunbateko txandak Getxoko Estropaden XXXVI Ikurriña - J.A. Agirre Lehendakariaren X. Omenaldiarako beti bezela San Miguel Ligako sailkapen nagusiaren araberakoak izango dira. Honela, Urdaibai Avia, Pedreña, San Pedro Ecolmare eta Astillero izango ditugu lehenengo txandan; bigarrenean aldiz, Portugalete Eulen, Zierbena Bahias de Bizkaia, Cabo eta San Juan Iberdrolak egingo dute arraun; azkenik, ohorezko txandan, Tiran Pereira, Kaiku Ambilamp, Hondarribia Orsa eta Orio Babyauto izango dira.

Igandean Zierbenan

Bestalde, igandean XXXI Petronor Bandera jokoan jarriko da, denboraldiko bederatzigarren jardunaldiari dagokiona. Zierbenak San Miguel Ligako estropada bat edukiko duen bigarren aldia da. 2002ko edizioan, Ioseba Amunarriz buru zuen Hondarribia Orsa izan zen garaile 20'18"24ko denbora eginaz eta bigarren izan zen Tiran Pereirari lau segundoko aldea ateraz. Beste behin, emakumezkoen I Petronor Bandera jarriko da jokoan. Behin Euskotren Ligako estropada amaitu ondoren, San Miguel Ligako ontziek euren hitzordua edukiko dute azken hilabeteetan jasan dituen birmoldaketa lanen ondorio zertxobait aldatu den Zierbenako estropada-eremuarekin, baina beste behin lau luze eta hiru ziaboga edukiko ditu hiru miliako estropada honek. Igandean jokatutako estropada izanik, txanden eraketa aurreko eguneko estropada amaitu bezain laister jakin ahal izango da, estropadaren sailkapena jarraituz.

Denboraldiaren nondik norakoak zertxobait argitzeko balio izango duen aste bukaera izango da Bizkaian jokatuko den hau. Momentu honetan, 'la Caixa' Koroagatiko lehiaren buruan Orio Babyauto dago, Hondarribia Orsarekiko puntu bateko aldearekin. Antzeko kasua ematen da Euskotren Ligan, non San Juan Iberdrola den liderra, Hibaika jamones Ancinekin puntuetara berdinduta. Azkenik, 'la Caixa' patroi hoberenaren Garaikurreko sailkapenean Vicente Carpintero doa lehen postuan, Gorka Aranberrirekiko puntu batekin eta Asier Zurinagarekiko bi puntuko aldearekin.
 

Itzuli