Albisteak 2019

LEHIAKETA

28 Eka 2019

Beste asteburu bat, zure bihotz taupaden erritmora

Beste asteburu bat, zure bihotz taupaden erritmora

Santander eta Lekeitio izango dira Eusko Label Ligako hirugarren eta laugarren frogen testigu, baita Euskotren Ligako estreinaldiarena ere
 

Asteburua gerturatzearekin batera, badatoz Eusko Label Ligako estropadak ere. Larunbatean, “I. Repsol Electricidad y Gas Bandera” lehiatuko da Santanderren, eta igandean, berriz, XXXIV. El Correo Ikurriña - BBK Sari Nagusia jarriko da jokoan. Horrez gain, Euskotren Ligako bederatzigarren edizioari emango zaio hasiera. Hondarribia Bertako Igogailuak, Donostiarra, Donostia Arraun Lagunak eta Orio Babyauto lehiatuko dira 14 jardunaldietan zehar Euskotren garaikurra eskuratzeko. Gauzak horrela, asteburu honetan, emakumezkoen gorengo mailan “I. Repsol Electricidad y Gas Bandera” eta “III. El Correo - Kutxabank Bandera” jokatuko dira. 

Ohi denez, larunbateko jardunaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da Santanderreko uretan. Eusko Label Ligako historian bigarren aldiz (lehen aldiz, 2011n izan zen)  jokatuko da estropada eremu horretan, eta hitzordu horretan, lehenik, Euskotren Ligako lau ontziak arituko dira (bi luze eta ziaboga bakarra egin beharko dute). Ondoren, gizonezkoen gorengo mailako 12 ontziak lehiatuko dira. Lehen txandan, Astillero Repsol Electricidad y Gas, San Pedro, Lekittarra Elecnor eta Cabo arituko dira. Bigarrenean, Ondarroa Cikautxo, Kaiku, Urdaibai Avia eta Santurtzi Iberdrolaren txanda izango da. Azkenik, ohorezko txandan, GO fit Hondarribia, Donostiarra, Zierbena Bahías de Bizkaia eta Orio Babyauto Eusko Label Ligako egungo liderra. Iraganera joanez gero, 2011n jokatutako estropadan Urdaibai Avia izan zen nagusi 19’42”38ko denborarekin, eta “XLII. Ciudad de Santander Bandera” Bermeora joan zen. 

Igandean, berriz, 10:30ean emango zaio hasiera jardunaldiari, Lekeition. Bertan, Euskotren Ligako bigarren jardunaldia izango da lehenik, eta “III. El Correo - Kutxabank Bandera” jarriko da jokoan. Orain arte emakumezkoen gorengo mailan Lekeition ez da jokatu estropadarik, bai, ordea , ETE Ligan. Iaz, Donostiarra izan ze garaile 12’19”99ko denbora eginda, eta hiru segundoko aldea atera zion Deusto Bilbao bigarren sailkatuari. 

Emakumezkoen estropada jokatu eta gero, gizonezkoen txanda izango da. Eusko Label Ligako laugarren jardunaldiari emango zaio hasiera, eta XXXIV. El Correo Ikurriña - BBK Sari Nagusia jarriko da jokoan. Gogoratu beharra dago gorengo mailan jokatutako Lekeitioko estropada guztietan, hiruretan, zehazki, Astillero Repsol Electricidad y Gas izan dela nagusi. Modu horretan, San Jose XV.ak du estropada eremu horretako errekorra; 2005ean, kantabriarrek 19’42”26an gelditu zuten kronometroa. 

Informazio guzti hau kontuan izanda, asteburu zirraragarri baten aurrean gaudela esan dezakegu non berriz ere arrauna izango den protagonista. 
 

Itzuli