Albisteak 2012

LEHIAKETA

24 Uzt 2012

"ARRAUNA GOGORRA DA, BAINA LOTU EGITEN ZAITU"

"ARRAUNA GOGORRA DA, BAINA LOTU EGITEN ZAITU"

Inder Paredes eta Josune Ugarte, San Juan Iberdrolako patroia eta arraunlaria

Inder Paredes San Juan Iberdrolako patroia da. Josune Ugarte arraunlaria. Biak Pasai Donibanekoak dira. Euskotren Ligan ari dira, klub gisa bigarrenez, eta azkenak badira ere, sustoren bat emateko gai direla erakutsi dute.

 

Zenbat urte daramatzazue arraunean dagoeneko?

Josune Ugarte: Nik zortzi.

Inder Paredes: Nik bat gutxiago.

J. U.: Azken urtetan traineruan, lehenago bateletan eta aulki mugikorrean. Hondarribian hasi ginen, eta ondoren herrian, Pasai Donibanen.

 

Eta, zer moduz daramazue herriko traineruan arraun egitea? Gogorra al da?

J. U.: Nik ondo daramat. Gogorra bada, baina pentsatzen dut guztiontzat berdina dela.

I. P.: Nekagarria egiten da batzuetan, baina tira, badakizu iraila erdirako denboraldia bukatzen dela, eta hortik aurrera asko lasaitzen dela kontua.

 

San Juan Iberdrola Euskotren Ligan lehiatzeko txartela lortu izana ustekabetzat jo dute batzuk, besteek ez. Zuek zer diozue?

I. P.: Nik barruan egongo ginela pentsatzen nuen. Entrenamendu gogorrak egin genituen sailkapen estropada baino lehen, eta estropada horren aurretik egindako beste batzuetan ere lau onenen artean sartzeko moduan geundela ikusi genuen.

J. U.: Inderrekin ados. Banderak irabaztea kontu bat da, baina lau onenen artean sartzea espero nuen. Aurten batela eta trainerilla alde batera utzi ditugu, hilabeteak daramatzagu traineru handiarekin lanean, eta sailkapena lan horren emaitza dela uste dut. Niretzako kolpe ikaragarria izango litzateke Euskotren Ligatik kanpo geratu izana.

 

Alde handia al dago Euskotren Ligan aritu, edo Gipuzkoako Ligan aritu?

I. P.: Bai, Euskotren Ligan lau onenak aritzen garelako. Gipuzkoakoan ere herrialdeko beste ontzi batzuen aurka ere aritzen gara, baina maila handiagoa dauka Euskotren Ligak.

J. U.: Nik komunikabideen jarraipenean-eta nabaritzen dut alde handia. Euskotren Ligako estropadak San Miguel Ligako estropadekin batera antolatzen dira, telebista bitartez ikus daitezke, eta horrek oihartzun handiagoa ematen dio gure jardunari.

 

Euskotren Ligan laugarren postuan zaudete, azkenak zarete, baina aurrekoengandik nahiko gertu zaudete. Pozik, orain arte lortutako emaitzekin?

J. U.: Balantzea ona da. Ezin da esan laurak pare-parean gaudenik, baina ez gaude minutu erdira. Ribamontan al Mar-go estropadan ez ginen ondo aritu, baina besteetan bai. Kanpotik ikusten da lehia egon, badagoela. Gipuzkoako Txapelketa ere irabazi genuen, eta ondoan zeuden Getaria-Tolosa eta Zumaia-Salegi, eta horrek ere gure hautagaitzari indarra ematen diola esan nahi du.

 

San Miguel Ligan zorrotza da lehiakortasuna, kluben arteko pike hori. Euskotren Ligan ere bai?

I. P.: Pikea uretan, baina hortik kanpo ez.

J. U.: Kirol lehia hor dago, baina horren gainetik arraunean aritzen garen emakumeok helburu berbera daukagula esango nuke: gure kirola hobetzea, eta arlo horretan, denok egin behar dugu arraun norabide berean. Estropada bukatu arte pike sano hori bai, gero denon arteko lana.

 

Orain dela zortzi, bost urte, traineru onenak elkartuko zituen liga bat egotea posible ikusten al zenuten?

J. U.: Ez, ez, inondik inora. Behin sortu dela, segi lanean, jarraipena emateko.

I. P.: Nik ere ez nuen pentsatzen, eta nahiko nuke Euskotren Liga neska gehiago arraunean hasteko akuilua izatea.

 

Zuek ikusten duzue mugimendurik ba ote dagoen arlo horretan. Ba al dago?

I. P.: Badirudi baietz. Aurten lau neska berri etorri dira, eta kontent daudela dirudi. Jarraitzekotan daudela esaten dute behintzat. Ni neu eta Ander Otero entrenatzailea halako ikastaro batzuk ematen ari gara neska gazteekin, udan, eta bide hori eraginkorra izan daiteke, hurrengo denboraldian klubean izena emango dutela esan dutelako.

J. U.: Nik neskak txikitatik animatuko nituzke. Jakina, politena arraunean hasi eta tarte txikian onenekin batera lehiatzea da, baina hori ezin da lortu arraunean hasi eta bigarren urtean. Trebakuntza lana hor dago, eta ikaste prozesua pixkanaka doa. Horregatik da garrantzitsua txikitatik arraunean hastea.

 

Arraunak ahalegin fisiko handia eskatzen du. Ondo moldatzen al zarete?

J. U.: Badakizu zer dagoen. Neguan hasi eta sei lan saio egiten ditugu astero. Lehiaketetan parte hartu gabe aritzea gogorra da: entrenatu, entrenatu eta entrenatu. Aurpegiaren bestaldean, badaukala lotuta mantentzen zaituen zerbait, eta ezin duzula utzi. Estropadetako giroa izan liteke. Jendearen oihuak-eta entzuten dituzu, eta sufritu arren, jendeak zuk egiten duzunari begira dagoela ikusten duzu. Lagunarteko giroa ere oso polita da.

I. P.: Lagunarteko giro hori nabarmenduko nuke nik. Zenbatzen hasi, eta ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta horrek halako lotura bat sortzen du.

 

Zu patroia zara, Inder. Nolatan?

I. P.: Beno, hasieran arraunlaria ere izan nintzen, eta azken bi urteetan patroia. Erraza da, baina buruz-eta argi egon behar duzu, uretan baldintzak berehala aldatzen direlako. Jakin behar da une bakoitzean arraunlariei zer esan, eta sor litezkeen liskarrak estropada eremura mugatu, alor pertsonalera eraman gabe.

 

Klubeko mutilekin eta harreman ona al duzue?

I. P.: Bai, elkarrekin joaten gara autobusean. Uretan gu estropada betean gaudenean, eta beraiek berotzen, animo asko ematen dizkigute. Klub berekoak gara denak.

 

Emakumeak eta gizonak. Alde handia al dago oraindik? Parekatuko al dira biak noizbait?

J. U.: Tarte txikian lan handia egin dugu, baina oraindik nabaritzen da aldea handia dela. Mutilek ez dakit zenbat urte behar izan zituzten liga arautu bat edukitzeko. Neskok ere lan saio gogorrak egiten ditugu, sufritu mutilek bezala ontzian sartu eta arraunean egiteko. Urteak aurrera joan ahala jendeak gu ere kirolari petoak garela onartzen duela esango nuke.

 

Nork irabaziko du Euskotren Liga?

I. P.: Nire ustez Zumaia-Salegik. Fuerte daude.

J. U.: Nik Zumaia-Salegik irabaztea nahi nuke. Beste urtetan Galicia-Mecalia eta Getaria-Tolosa ibili dira goian, eta aurten txapela beste ontzi batek lortzea onuragarria izango litzateke.

Itzuli