Albisteak 2012

ELKARRIZKETAK

14 Ira 2012

"AHALEGINA, TALDE LANA SAKRIFIZIOA, ILUSIOA; BALIOAK PARTEKATZEN DITUGU SAN MIGUEL LIGAREKIN"

"AHALEGINA, TALDE LANA SAKRIFIZIOA, ILUSIOA; BALIOAK PARTEKATZEN DITUGU SAN MIGUEL LIGAREKIN"

Carmelo Lezana, El Corte Ingles etxeko Kanpo Harremanetarako Euskadiko arduraduna

Carmelo Lezanak urtebete eskas darama bere jardun berrian. ‘El Correo’ kazetako erredaktorea izan zen bi hamarkadatan, baina igandean Portugaleten pasako du eguerdia, El Corte Ingles babeslearen ordezkari gisa. Babeslearen konpromiso luzearen zergatiak azaltzen ditu Lezanak. Ez alferrik, 38 urte daramatza dagoeneko El Corte Inglesek arrauna babesten: “arrauna gure kirola delako egiten dugu”, dio, ziur.

 

Igande honetan El Corte Ingles Banderako 38. ekitaldia jokatuko da Portugaleten. Deigarria da zuk ordezkatzen duzun etxeak hainbeste urte eramatea estropada hori babesten. Zein da arrazoia?

El Corte Ingles etxeak beti eduki du argi bertako kirola, euskal kirola sustatu behar dela, eta bi baldintza horiek betetzen dituzten kirol diziplina gutxi daude. Arrauna gutxietako bat da. Jende asko mugiarazten du udan, herri eta hirietako giro bikaina ikusi besterik ez, eta hori egoera ezin hobea da edozein babeslerentzat, gu tartean. 38 urte urte asko dira, babesle fidel garenaren seinale.

 

Estropada Portugaleten jokatzen da, baina El Corte Ingles Bandera bezala ezagutzen da han eta hemen. Enpresa horren izenak bere tokitxoa irabazi du zaleen artean.

Jendeak gure babesa estropadekin lotzen du, eta horrek halako begikotasuna, sinpatia sortzen du enpresa eta jendartearen artean. El Corte Ingles etxearen lehentasuna saltzea da, noski, baina baita kokatzen garen eskualde geografikoko kirol diziplinen sustapenean halako konpromisoa erakustea ere. Jende guztiak daki gure erakusleiho handiena Bilbo dela, eta lotura handia daukagu hiria eta herrialdearekin.

 

Gaur egun agian gutxixeago, gune komertzial erraldoien zabalkundearekin, baina Bilboko gune komertziala ikur bat izan zen. El Corte Ingles Bilbon zegoelako joaten zen jende asko  Bilbora.

Halaxe da. Jende asko etortzen zen Bilbora, gune komertzialean erosketaren bat egiteko aitzakiarekin. Instituzio bat garela esango nuke, eta hiriko toki ordezkaezin bilakatzeko gaitasuna izan dugu, hiriaren garapenean parte hartzen asmatu.

 

Ez duzue nolanahiko estropadarik babesten. Normalean, San Miguel Ligako azken estropada izaten dena, eta ziurrenik, herrialdeko toki ezagunenetako batean: Bizkaiko zubian.

Ligako azken estropada izatea halako pizgarria da guretzat. Aurten garailea nahiko erabakita dagoela dirudi, baina normalean azken estropadan erabakitzen da dena. Ziurgabetasun horrek are gehiago handitzen du gure babeslearen garrantzia. Bizkaiko Zubiaren kontuari dagokionez, ez dakit herrialde osoan beste toki ezagunagoren bat egongo ote den, eta horrek ere balioa ematen dio gure konpromisoari.

 

Ze balio sustatu nahi dituzue arrauna babestuz?

Orokorrean, gertutasuna, jendearengandik gertu egon. Zehatzago izanda, arraunak gure enpresak dituen balio asko dauzkala esango nuke: ahalegina, talde lana, sakrifizioa, ilusioa…

 

Etorkizunari begira, ez da hain urrun ikusten 50. urteurren hori. Posible ote da?

Ea hala den! Mugarri historikoa litzateke. Oraingoz, argi daukagu arrauna guretzat erakusleiho ezin hobea dela, eta orain arte bezala jarraituko dugula.

 

Nola ikusten duzu kanpotik San Miguel Liga?

Beno, arraunean oso jantzia ez nagoela onartu beharra daukat. Orain betetzen ari naizen lanak ordu asko kentzen dizkit, eta lana eta zaletasuna uztartzen saiatzen naiz. Halere, oso deigarria egiten zait arraunak jende gaztea erakartzeko daukan indarra, batez ere kostako herrietan. Ilusio emari hori bideratzea ez da batere erraza, eta asmatzen duten neurrian, arraunaren osasuna bikaina dela esango nuke.

 

Bilbokoa zara, ontzi gustukoren bat ba al duzu, San Miguel Ligan lehiatzen ari direnen artean?

Ondo diozu, bizkaitarra naiz, eta bertako ontzien alde egingo dut. Kaiku zoriondu nahi nuke, lan aparta egin dutelako, eta txapela esku-eskura dutelako. Haurtzaroko oroitzapenek Santurtzira eramaten naute, Soterara, eta haiei ere nire animoa bidali nahi nieke.

 

San Miguel Ligak 10 urte bete ditu aurten. Nola ikusten duzu arraunaren etorkizuna?

Etengabe aldatzen ari den kirola dela esango nuke, eta aldaketak onerako badira, izan bitez ongietorriak. Nire ibilbide pertsonala baliatuz pentsatzen dut hori. 25 urte egon naiz lan berbera egiten, eta bestelako esperientziak edukitzea oso aberasgarria da.

Itzuli