Albisteak 2012

LEHIAKETA

03 Abu 2012

"ACT-KO KLUBEK ARRAUNLARIEN OSASUNAREN ALDEKO APUSTUA EGIN DUTE"

"ACT-KO KLUBEK ARRAUNLARIEN OSASUNAREN ALDEKO APUSTUA EGIN DUTE"

Juan Jose Badiola, ACT elkarteko Dopinaren Aurkako eta Osasunaren Kontrolerako Batzordeko arduraduna

Juan Jose Badiola medikuak Astillero herritik erantzun ditu galderak. Bere lanaren xehetasunak azaltzeko eskatu diogu, nolakoa den dopinarena urkako lana elkartean. Badiolak egungo egoera “ona baino hobea” dela dio.

 

Zenbat urte daramatzazu ACT elkartearentzat lanean?

Tira, 2003 urtean hasi nintzen, Dopinaren Aurkako Batzordea sortu gabe zegoela. Elkarteko gerentziak eta Lehiaketa Batzordeak egiten zuten koordinazio lana. Dopinaren Aurkako eta Osasunaren Kontrolerako Batzordea 2004an sortu zen. Kudeaketa kolegiatua izan zen hasieran, nirea 2006an, eta urte pare bateko etenaren ostean, berriro hartu nuen ardura 2008tik aurrera.

 

Zein da zure lana, zehatz-mehatz?

Dopinaren aurkako kontrolak koordinatzea, aurrekontuaren baitan. Erreferentziazko zerrendan jasota dauden sustantzien erabilpen terapeutikorako baimenak tramitatzea (kirolariek mugatua dute horien erabilpena). Kirolariek botika batzuk erabiltzeko baimena behar dute, eta baimen horiek eman egiten dira batzuetan, eta besteetan ez, aurkezten diren mediku-txostenak aintzat hartuz. Ohikoa den beste jarduna kontrol hematologikoak dira. Horiek datu base batean gordetzen dira, eta horrela, aurretik egindako azterketekin konparatzeko aukera daukagu. Bide batez, datu horietan halako aldaketa arrarorik gertatu den jakiteko modua daukagu, eta baleude, aztertu. Kontrol hematologikoen kasuan, klubetako medikuen erabateko lankidetza dugu, beraiek izan baitziren urtero ezaugarri horietako bi kontrol burutzea eskatu zutenak: otsailean eta ekainean. Bertan lortutako balioak ACT elkarteko datu basea osatzeko erabiltzen dira.

 

Nola definituko zenuke San Miguel Ligako arraunlarien osasun egoera?

Klub guztiek euren medikua dute, arauek hala aginduta, eta nire ustez, arraunlarien osasuna oso ondo zainduta dago. Arraunlariak errendimendu handiko kirolariak direla hartu behar da aintzat.

 

Dopinaren aurkako zenbat kontrol egiten dira urtean?

Publikoki jakinarazten ez den datua da hori. Ez aldez aurretik, behintzat. Denboraldia bukatzen denean jakinarazten da, memoriaren argitalpenean. 2011. urtean 83 txiza analisi egin zren, eta 8 odol analisi. ACT elkarteak aurrekontu jakin bat bideratzen du nik zuzentzen dudan Batzordearentzat, eta nik egiten dut kontrolen plangintza, diru horren arabera. Aurrekontuak antzekoak badira, kontrol kopurua ere antzekoa izaten da urte batetik bestera. Odol analisiei dagokionez, honakoa nabarmentzea nahiko nuke: Espainiako Txirrindularitza Federazioarekin batera, 2011ko udan odol analisiak egiteko programa bat abiatu zuen erakunde bakarra izan ginen. ACT elkarteak bere baliabideetako zati handi bat dopinaren aurkako borrokara bideratzen du. Espainiako Arraun Federazioak bere diziplina guztietan egiten duen ahalegina baino handiagoa, hain zuzen ere.

 

Ze iritzi dute klubek zure lanaren inguruan?

Nik nire lana ACT elkarteko klubek hala nahi dutelako, hala erabaki dutelako egiten dut. Beraiek neurtzen, aztertzen dute nire jarduna, euren batzordean erabakitzen baitute nire lana balekotzat eman edo ez. Nire lana ontzat joko ez balute eurentzat lanean ez nukeela jarraituko pentsatzen dut.

 

Emaitza negatiboek komunikabideetan duten oihartzuna apala da, emaitza positiboren batek edo prozesu judizialen batek daukanarekin alderatuta. Ze iritzi duzu egoera horren inguruan?

Positibo bat agertzeak beti sortzen du oihartzun handiagoa. Polizi eta epaiketen ikerketek ere bai, horiek kontroletan hartutako laginek utzitako emaitzetatik harago doazelako. Dopatzeko sare antolatuak, adibidez. Guk, beste edozein kirol erakunderen moduan, beharrezkoak diren kontrolak egiten ditugu, baina arraunlarien intimitatea bortxatu gabe. ACT elkartearen lokalizazio sistema klubek ematen dizkiguten entrenamendu toki eta orduetan oinarritzen da. Ez da arraunlarien etxeetan kontrolik egiteko aukera aztertu.

 

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Ondo. Egoera, esan dudan bezala, ona da, eta hobetzen goaz pixkanaka. Azken nobedadea xiringarik gabeko sistema indartzea da. ACT elkarteko medikuek eskatu zuten “xiringarik ez” delako politika hori indarrean jartzea, eta kluben batzarrak baiezkoa eman zion. Helburua? Arraunlariek tratamendu modu hori mugatua dagoela jakitea, eta xiringa bat erabili nahi badute, beharrezkoa dela Dopinaren Aurkako Batzordearen baimena. Bide parenterala baztertu nahi da, neurriz kanpoko sarbide terapeutiko gisa. Hori bai, garbi utzita, bide parenteral hori erabili behar duen arraunlari orok erabiltzeko eskubidea izango duela, horren beharra justifikatzen badu.

Itzuli