Albisteak 2018

BEREZIAK

24 Abu 2018

Galiziak itxiko du fase erregularra

Galiziak itxiko du fase erregularra

Estropadako bi asteburuen ondoren ezagutuko dira sailkapen orokorreko azken lau postuak

Eusko Label Liga azken txanpan da jada eta lau estropada, besterik ez, ditu aurretik txapelketa bukatu baino lehen. Horietatik bi Galizian izango dira asteburu honetan, Moañak eta Boirok arraunaren gorengo maila hartuko dute beste urte batez eta sailkapeneko beheko aldea erabakiko dute.

Larunbatean arratsaldeko 18:00etatik aurrera XXXVI Bandeira Concello de Moaña – GP Fandicosta jokatuko da. Lerro formatuan arituko dira 12 ontziak 3 txandatan banatuta 4 luze eta hiru ziabogarekin araututako 3 millak osatu arte. Irteera ordena Eusko Label Ligako sailkapen orokorraren araberakoa izango da, beraz, lehen txandan Tiran Pereira, San Juan Sumelec, Kaiku Producha eta San Pedro arituko dira. Bigarrenean Ondarroa Cikautxok, Donostiarrak, Cabok eta Santurtzi Iberdrolak hartuko dute parte. Eta, azkenik, ohorezko txandan Orio Babyauto, Zierbena Bahias de Bizkaia, GO fit Hondarribia eta Urdaibai Avia lehiatuko dira.

Iaz Ama Guadalupekoak eraman zuen bandera, Moañan irabazitako bigarrena. Bou Bizkaia da Eusko Label Ligan gehienetan nagusitu den ontzia. Bermeokoek 4 Bandeira Concello de Moaña – GP Fandicosta dituzte etxean. Berdeak eta urdinak garaile izan dira 2011 urte ezkeroztik 2013an izan ezik, non Tiran Pereira etxeko traineruak irabazi zuen. Estropada eremuko denbora onena Mecosek du, 2001. Urtean 18’54”76ko denbora eginda.

Igandean XXVIII. Bandeira Concello de Boiroren txanda izango da. Larunbateko formatu berean beriz elkar ikusiko dute gorengo mailako 12 ontziek, oraingoan Caboko uretan. Irteeran ordena sailkapen orokorraren araberakoa izango da Lehiaketa Araudiak 11b artikuluan dioen bezala.

Iazko edizioan Urdaibai Aviak eraman zuen garaipena etxera, estropada eremuko errekorra eginda gainera 19’03”96ko denborarekin. Bermeokoek azken bi edizioetan nagusitu dira eta 2004koarekin batera, 3 bandera dituzte guztira. GO fit Hondarribiak dituen berberak 2005, 2006 eta 2015ean irabazi eta gero.Caboko  uretan oroitzapen onak dituen beste ontzia Orio Babyautorena da, 2007an eta 2014an irabazi zuen bertan.

Estropada honen ondoren ezagutuko dira Eusko Label Ligako sailkapen orokorreko behin betiko azken lau postuak. Azken sailkatuak maila galduko du, azken aurrekoak Play Offa jokatu beharko du irailean klub gonbidatuekin mailari eusten saiatzeko, eta hamargarrenak eta bederatzigarrenak amaituta izango dute CaixaBank Koroa eskuratzeko aurtengo borroka.

Beraz, gauza asko jokoan asteburu honetan Galizian. Uretan ikusiko al gara?

Itzuli