Albisteak 2018

BEREZIAK

27 Uzt 2018

Eusko Label Liga, Getxon eta Santurtzin

Eusko Label Liga, Getxon eta Santurtzin

Denboraldiko lan erdia beteko dute traineruek asteburu honetan

Ur bizkaitarretara iritsiko da Eusko Label Liga asteburu honetan. Larunbatean 18:00tatik aurrera Getxoren txanda izango da Liga Euskotreneko Getxoko X Ikurriña eta Eusko Label Ligako Getxoko XL Ikurriña - JA Agirre Lehendakariaren XIV Omenaldiarekin. Igandean Santurtzin 11:45etik aurrera VII Bandera Euskotren emakumetan eta XXXIX Santurtziko Ikurriña gizonezkoetan jokatuko da. 

Beraz, bihar traineruek Getxon hartuko dute lurra, lerroko formatu klasikoan lehiatzeko, 2 luze eta ziaboga bakarra nesken kasuan eta 4 luze eta 3 ziaboga mutilenean. Azken hauek 3 txandatan arituko dira eta ordena sailkapenaren alderantzizkoa izango da, beraz, lehen txandan arituko dira: Tiran Pereira, San Juan Sumelec, Kaiku Producha eta San Pedro. Bigarrenean Ondarroa Cikautxo, Donostiarra, Cabo eta Santurtzi Iberdrola eta ohorezkoan Orio Babyauto, Zierbena Bahias de Bizkaia, GO fit Hondarribia eta Urdaibai Avia. Larunbateko estropadak denboraldiaren lehen erdia itxiko du eta bertara bermokoak iritsi dira lider, baina oriotarrak konfiantzaz beterik dira joan den igandean etxean bandera irabazi eta gero eta Ama Guadalupekoak garaipena errepikatu nahi du azken lau urteetan bandera irabazi duen banderan. Estropada eremuko errekorra Castrok du, 2009an 19'18"70eko denbora eginda. 

Igandean Eusko Label Ligan eskuinaldea ezkerraldeagatik aldatuko du, eta Santurtzira iritsiko da lehen aldiz historian. Santurtziko Ikurriña estreinekoz jarriko da jokoan arraunaren gorengo mailan, 39. edizioa izango da. Jokoan jarriko da VII Bandera Euskotren ere Liga Euskotreneko ontzientzat. 11:45etik aurrera hasiko da ikuskizuna. Hau ere lerro formatuan lehiatu beharreko estropada izango da, 2 luze eta ziaboga bakarra emakumeentzat eta 4 luze eta 3 ziaboga gizonezkoentzat. Kasu honetan irteera ordena aurreko egunean Getxon jokatutako estropadaren araberakoa izango da. Nahiz eta lehen aldia den Santurtziko Ikurriña gorengo mailan jokatzen dena, egutegi banderarik beteranoena da, lehen edizioa 1927an jokatuta. Orduko hartan bertako Sparta klubak erdietsi zuen garaipena. Azkeneko bi edizioak Donostiarrak 2016an eta Santurtzi Iberdrolak 2017an irabazi dute, gaur egun Eusko Label Ligan parte hartzen duten klubak. Estropada eremuko denbora onena Orio Babyautok egin zuen 2000. urtean, erlojua 19'31"57an geldituta. 

Gauzak horrela, Eusko Label Liga Urdaibai Avia lider dela iritsiko da asteburu honetara, 104 puntu dituzte bermeotarrek, GO fit Hondarribiak baino 11 gehiago eta Zierbena Bahias de BIzkaiak baino 15 gehiago. CaixaBanken mallot txuria San Pedroko Ander Etxegoienek jantziko du, patroi onenaren sailkapenean lider baita 12 punturekin. Azkenik, Liga Euskotrenen garaiezin jarraitzen du San Juan Iberdrolak eta 8 puntuko aldea dauka Orio Babyautorekiko. Zer gertatuko da asteburu honetan?

Itzuli