Albisteak 2017

LEHIAKETA

12 Abu 2017

Urdaibai Aviak bere egoera fisiko ona baieztatu du

Urdaibai Aviak bere egoera fisiko ona baieztatu du

Etxeko traineruarekin lehia ikaragarria izan ondoren, ‘Bou Bizkaia’k lortu du Hondarribiko XXX. Bandera – GP Mapfre

Aurreko asteburuko, Espainiako Txapelketako, garaipenaren ondoren, Hondarribiko XXX. Bandera – GP Mapfren lortutako lehenengo postu honek, ‘txo’ ontziaren egoera fisiko ona baieztatu du. Gaurkoan, 19’48”70eko denbora egin dute. Horri esker, Eusko Label Ligako sailkapen orokorrean, Bermeotarrek Hondarribiarekiko zuten abantaila lau puntutaraino zabaldu dute. Bestalde, 15 punturekin, Ioseba Amunarrizek jarraitzen du Patroirik Hoberenaren CaixaBank garaikurreko lider.

Hondarribiko XXX. Banderako ohorezko txandak, Eusko Label Ligaren sailkapenean, lehenengo bi postuetan dauden traineruen arteko lehia polita utzi du. Azkenean, 19’48”70rekin eta ‘Ama Guadalupekoa’ri 1”64ko abantaila ateraz, garaipena Urdaibai Aviarentzat izan da. Orio Babyauto, denbora 20’01”50tan geldituz, hirugarren izan da, eta Kaiku, 20’02”04rekin, laugarren postuan geratu da.

Bigarren txandan, Zierbena Bahías de Bizkaiak estropada ederra egin du. 20’05”62rekin, bosgarren postuan amaitu du. San Juan Sumelec, 20’13”30rekin, seigarren izan da, eta Tirán Pereirak, 20’19”14rekin, aldiz, zazpigarren postua lortu du. Ondarroa Cikautxok itxi du bigarren txanda hau. ‘Bou Bizkaia’k baino 34”60 gehiago behar izan ditu, eta ondorioz, zortzigarren amaitu du.

Cabok, gaurko estropadaren hasieratik amaierara bitartean, hobera egin du. Hobekuntza horri esker, 20’25”96 denborarekin, bere txanda irabazi du eta bederatzigarren amaitu du. 20’30”40rekin eta 20’33”60rekin, hurrenez hurren, San Pedrok eta Astillerok hamargarren eta hamaikagarren egin dute. Aresentzat gaurkoa ez da izan arratsalderik onena, irabazleengandik 1’07”26ra, sailkapeneko azkenengo postuan geratu baitira.

Bihar Ondarroa estreinatzen da

Bihar, Ondarroara iritsiko da, lehenengo aldiz, Eusko Label Liga. Bertan, 12.00etatik aurrera, XXXIII. Ondarroako Bandera – Cikautxo Sari nagusia izango da lehian. Estropada honek CaixaBank Koroa lortzeko borrokako hamabigarren jardunaldiari dagokio.

Itzuli