Albisteak 2019

BEREZIAK

13 Ira 2019

Osertz Aldayk beste urtebetez jarraituko du Lekittarra Elecnorren

Osertz Aldayk beste urtebetez jarraituko du Lekittarra Elecnorren

Talde bizkaitarrak baieztatu du Osertz Alday hondarribiarrak Lekittarra ontziko entrenatzaile izaten segituko duela datorren denboraldian
 

Bizitza osoa Go fit Hondarribian arraunean ibili eta gero, 27 urtez zehazki, Osertz Aldayk 2016an Lekittarra Elecnorreko entrenatzaile kargua hartzea erabaki zuen. Iazko denboraldian, Alday entrenatzaile gisa zegoen hirugarren urtean, “Lekittarra” ontziak Eusko Label Ligara igotzeko txartela lortu zuen, hamahiru urte luzez maila gorenetik urrun ibili eta gero. Talde bizkaitarrak, Aldayen gidaritzapean, denboraldi hasieran jarritako helburua ondo baino hobetu bete du: salbazioa lortzea, Lekittarra Elecnorrek Eusko Label Ligan hamargarren lekuan amaitu baitu. 

Gauzak horrela, 42 urteko hondarribiarrak “Lekittarra” ontziko entrenatzaile izaten jarraituko du datorren denboraldian, talde bizkaitarrarekin beste urtebeterako kontratua berritu eta gero. "Hurrengo denboraldiaz hitz egiteko eseri bezain laster proiektu honekin jarraitzeko gogoz zegola esan zigun", zehaztu du Santi Zumaran talde bizkaitarreko presidenteak. "Gu ere oso gustora gaude egiten ari den lanarekin eta dudarik gabe bere proiektuari jarraipena ematea erabaki dugu".

Alday Go fit Hondarribiarekin hirutan izan zen Eusko Label Ligako (2006, 2014 eta 2015) txapeldun, eta bitan Kontxako Banderaren jabe (2005 eta 2013). Hondarribiarraren azken lorpena, berriz, iaz Lekitarra Elecnorrekin Eusko Label Ligara igotzea izan zen. 
 

Itzuli