Albisteak 2019
LEHIAKETA
27 Uzt 2019
Garaipen bikoitza Orio Babyautorentzat
Santurtziko XL. Ikurriñan zein VIII. Euskotren Banderan oriotarrak nagusi izan dira
Denboraldiko bosgarren trapua irabazi du Orio Babyautok Santurtziko uretan estropada bikaina eginda, eta hala, "San Nikolas" ontziak Santurtziko XL. Ikurriña irabazi du 19'06"62ko denbora burututa. Bigarren postuan Santurtzi Iberdrola etxeko taldeak amaitu du irabazleengandik sei segundora. Modu onetara, Jon Salsamendiren taldeak Eusko Label Ligako sailkapen nagusian beste kolpe bat eman du mahai gainean; une honetan, oriotarrek 122 puntu dituzte eta Go fit Hondarribia, Santurtzi Iberdrola eta Zierbena Bahias de Bizkaia bigarren sailkatuei 15 puntu ateratzen dizkiete. Bestalde, CaixaBank Patroi Onenaren Sarian, Arkaiz Diaz Donostiarrako patroiak jarraitzen du lider 13 punturekin, eta Borja Gomez Zierbena Bahias de Bizkaiako lemazainarekiko bost puntuko abantaila du.
Orio Babyautok hasieratik amaiera arte estropada borobila egin du, eta beste behin, nagusi izan da Santurtzin jokatutako estropadan. Bigarren postua Santurtzi Iberdrolarentzat izan da irabazlearengandik sei segundora helmugaratuta. Hirugarren lekuan, berriz, Go fit Hondarribia geratu da bederatzi segundora, eta laugarren postuan, aldiz, Zierbena Bahias de Bizkaia, 18 segundora.
Bigarren txandan Donostiarra nagusitu da Urdaibai Aviarekin lehia estua izan eta gero. Torrekua ontziak 19'25"24ko denbora burututa bosgarren postuan eskuratu du. "Bou Bizkaia" ontziak, berriz, gipuzkoarrengandik hiru segundora heldu da helmugara, eta seigarren postuan amaitu du. Ondarroa Cikautxo, aldiz, sei segundora iritsi da eta zazpigarren lekuan geratu da. Cabo izan da txandako horretako laugarrena 19'41"50ko denbora eginda, eta hala, galiziarrek zortzigarren postuan amaitu dute.
Lehen txandan Kaiku izan da ontzirik azkarrena 20'19"40ko denbora eginda., eta ondorioz, bederatzigarren postua eskuratu dute. "Bizkaitarra" ontziak Astillero Electricidad y Gasi lau segundoko aldea atera dio. Lekittarrak Elecnorrek, berriz, hirugarren postuan geratu da Kaikurengandik 8 segundora eta hamabigarren postuan San Pedrorentzat izan da 20'34"68ko denbora eginez.
Orio Babyauto nagusi, beste behin
Denboraldiko zortzigarren garaipena eskuratu du Txiki ontziak, eta hala, oriotarrek VIII. Euskotren Bandera irabazi dute Santurtziko uretan. Santi Zabaletaren neskek 13'26"88an geratu dute kronometroa eta Donostia Arraun Lagunak bigarren sailkatuari 14 segundoko aldea atera diote. Hondarribia Bertako Igogailuak geratu da hirugarren lekuan irabazlearengandik 28 segundora. Donostiarra izan da gaurko talderik apalena, oriotarrengandik 39 segundora geratu ostean.
Bihar, Getxoren txanda
Eusko Label Liga zein Euskotren Liga Getxora mugituko dira bihar, eta bertan gizonezkoen Getxoko Estropaden XLI. Ikurriña eta emakumezkoen Getxoko XI. Ikurriña jokatuko dira 11:40etatik aurrera.