Albisteak 2013

LEHIAKETA

26 Eka 2013

SAN MIGUEL LIGA BUELTAN DA, LAREDOKO ESTROPADAREKIN: "LA CAIXA" BANDERA

SAN MIGUEL LIGA BUELTAN DA, LAREDOKO ESTROPADAREKIN: "LA CAIXA" BANDERA SAN MIGUEL LIGA BUELTAN DA, LAREDOKO ESTROPADAREKIN: "LA CAIXA" BANDERA

Bigarren proba puntuagarriak Bartzelonako estropadako lau traineru onenak elkartuko ditu Ohorezko Txandan

Laredo, ekainaren 26a. San Miguel Liga bueltan da, bi asteko atsedenalditxo laburraren ostean. Gaur eguerdian aurkeztu da Laredoko Udaletxean “la Caixa – XLI GP Ayuntamiento de Astillero” Bandera. Larunbat arratsaldez, ekainaren 29an jokatuko da ligako bigarren estropada puntuagarria. Aurkezpen ekitaldira bertaratu dira Astilleroko alkatea, Francisco Garate Jauna, Laredoko alkatea, Carlos Cortina Jauna, Laredo arraun elkarteko presidentea, Ramon Arenas Jauna, eta la Caixa aurrezki kutxak Kantabria eta Euskadin duen Erakunde Arduraduna, Pedro Bartra Jauna. Arratseko 6retan hasiko da estropada, 22.500 euro banatuko dira saritan, eta ontziek hiru itsas milia osatu beharko dituzte.

 

“la Caixa” San Miguel Ligako babesle nagusietakoa izango da hurrengo bi urteetan, eta horretaz gain, larunbateko estropada babestea ere erabaki du. Babes horrek arrauna eta arraunak mugitzen duen zaletasun handiarekiko konpromiso argia erakusten du. “la Caixa” erakundearentzat arraunak dituen balioak bereak ere badira: konpromisoa, ahalegina, hobetzeko grina edo talde lana. Horiek partekatu asmoz babesten du hain kirol tradizionala.

 

Kirol arloari dagokionez, Laredoko hitzordua ezin erakargarriagoa dator, Bartzelonako estropadako lehen lau sailkatuek Ohorezko Txandan egingo baitute arraun elkarrekin. Une honetan Urdaibai Umpro Aviak du lidergoa, baina bistan da Kaiku Ambilamp, Hondarribia Orsa eta Orio Babyautok ere helburu bera izanen dutela. Hitzordu berezia, era berean, Kantabriako hiru ontzientzat. Ehunka izanen dira Astillero, Pedreña eta Castrotik Laredoraino hurbilduko diren zaleak, Kantabriako ontziek Bartzelonan egin zuten lana hobetzeko itxaropen osoz.

 

Bukatu aurretik, estropada hasi aurretik minutu bateko isilunea gordeko dela jakinarazi nahi dizuegu, Pedro Mari Abad eta Gregorio Legorburu Lexo-ren omenez.

Itzuli