Albisteak 2018
BEREZIAK
13 Ira 2018
Bermeo da azken-aurreko urratsa
Bermeo Hiriko XXXVI. Bandera Eusko Label Ligako eta Liga Euskotreneko playoffeko lekuko izango da
Eusko Label Liga azken asteburuan sartzear da eta oraindik gauza asko ditu erabakitzeko. Larunbatean arratsaldeko 18:00tan Bermeo Hiriko XXXVI. Bandera jokatuko da, non ontziek denboraldiko azken aurreko estropadari egingo diote aurre.
Jardunaldi horretan Eusko Label Ligako lehen zortzi sailkatuek, Eusko Label Ligako playoffa jokatuko duten bost ontziek eta Liga Euskotrenekoa jokatuko duten bi traineruek hartuko dute parte. Beraz, guztira 15 ontzik emango dute ikuskizuna Bermeoko estropada eremu berezian.
Eusko Label Ligako ontziek lerro formatuan parte hartuko dute lau luze eta hiru ziabogarekin. Sailkapen nagusiaren araberako bi txandatan banatuta lehiatuko dira, beraz, lehenengoan: Ondarroa Cikautxo, Donostiarra, Cabo eta Santurtzi Iberdrola izango dira; eta ohorezko txandan Orio Babyauto, Zierbena Bahías de Bizkaia, GO fit Hondarribia eta Urdaibai Aviaren txanda izango da.
Gizonezkoen playoffari dagokionez, bost ontziek erlojupeko formatuan arituko dira, lau luze eta hiru ziabogarekin baita ere. San Juan Sumelec, San José XV Astillero, Samertolameu Oversea, Lekitarra Elecnor eta Aresen arteko irteera ordena ordezkarien bileran erabakiko da. Emakumeen playoffaren kasuan Hondarribia Bertako Igogailuak eta Donostiarra ere erlojupeko formatuan arituko dira, baina bi luze eta ziaboga bakarra egin beharko dute zozketak adierazitako irteera ordenean.
Iazko garaipena Ama Guadalupekoarentzat izan zen, zeinek estropada eremuko errekorra daukan 2014an kronoa 19'16"60ko denboran gelditu zuenetik.
Goizean izandako aurkezpenean Agustin Aramburu Urdaibai Aviako presidente eta Idurre Bideguren udalerriko alkatea izan dira.