Albisteak 2026
BEREZIAK
24 Uzt 2026
ACTk lurreko azpiegiturak egokitu ditu biharko jardunaldiri begira, meteorologiaren ondorioz
Kirol-lehiaketa mantendu egingo da, betiere arraunlarien segurtasuna eta erabat bermatuta badago.
Traineru Kluben Elkarteak (ACT) jakinarazten du, biharko iragarrita dagoen eguraldi txarraren aurrean, lurreko logistika eta azpiegiturak berregituratzea erabaki duela, bertaratutakoen zein langileen segurtasuna bermatze aldera.
Prebisio meteorologikoak ikusita, erakundeak bertan behera utziko ditu ohiko protokolo eta aisialdi eremuak. Horrela, ez da Fan Zone-rik jarriko, ez eta gonbidatuen tribunarik ere eta ez da agintarien ontzirik aterako. Lurrean tribuna teknikoa bakarrik mantenduko da, ezinbestekoa baita epaileen lana, kronometrajea eta telebista emankizuna ziurtatzeko.
Kirol-arloari dagokionez, eta biharko eguraldi-baldintzak berresteko zain, estropadak aurreikusitako moduan mantentzen dira. Une honetan ditugun itsas-txostenen arabera, uren egoerak lehiaketarekin jarraitzea ahalbidetzen du, arraunlarien segurtasuna ziurtatuz. ACTtik argi utzi nahi dugu kirolarien osasuna dela gure lehentasun nagusia; ez dira inola ere arraunlariak arriskuan jarriko lehiaketari eusteagatik.
Batzorde teknikoak eta itsasoko epaileek uneoro jarraituko dute uren bilakaera, eta estropada hasi aurreko azken momentura arte eguraldiak okerrera egingo balu, beharrezko erabakiak hartuko lirateke arraunlarien segurtasuna babesteko.
ACTk balioan jarri nahi du kluben zein balizapen-taldearen profesionaltasuna, eta eskerrak ematen dizkie zaleei eta babesleei antolakuntza-egokitzapen hauen aurrean erakutsitako ulermenagatik. Edozein berrikuntza berehala jakinaraziko da kanal ofizialen bidez.


