ACT TV 2019

BEREZIAK

05 Abu 2019

Dena erabakitzeke

Dena erabakitzeke

Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako ontziak momentu erabakiorrenean murgildu dira

Abuztuan sartu gara jada, eta horrekin batera denboraldiko momentu erabakiorra iritsi da. Oraindik estropada asko geratzen dira jokatzeke, puntu asko daude jokoan eta dena ez dago erabakita. Eusko Label Ligari 8 jardunaldi falta zaizkio aurtengo edizioari agur esateko. Datorren asteburuan gorengo mailako 12 ontziak Ondarroan eta Hondarribian izango dira. Gipuzkoa mendebaldetik ekialde aldera joko dute, Zarautzera hain zuzen, bertan bi jardunaldietako estropada klasikoa jokatuko baita. Horren segidan, abuztuari agur esaterako Galiziara joango dira bigarrenez aurten; Bueuen eta Boiron izango dute hitzordua. Eta irailean, berriz, sailkapeneko zortzi onenak eta playoffetako lehiakideak Bermeon eta Portugaleten izango dira denboraldiko azken bi estropadak jokatzeko.

Orio Babyauto lider sendo dator denboraldiko bigarren zati honetara. "San Nikolas" ontzia bost estropadetan izan da nagusi eta guztira 133 puntu eskuratu ditu. Gauzak horrela, Salsamendiren mutilek gauzak oso zail jarri behar zaizkie CaixaBank Koroa lehen aldiz ez eskuratzeko. Halere, edozer gerta liteke, oriotarren atzetik datozen hiru ontziek hortzak asko estutuko baituzte. Santurtzi Iberdrola dago sailkapeneko bigarren postuan 117rekin, hirugarren lekuan, berriz, Go fit Hondarribia 115ekin eta laugarren lekuan 112rekin Zierbena Bahias de Bizkaia. Bestalde, Donostiarra egongo litzateke oilarren tropeleko atzealdean bosgarren kokatua 105 punturekin. Ezusterik ezean, bost ontzi horiek egon beharko lukete datozen zortzi jardunaldietan banderaren lehian, Urdaibai Avia ahaztu gabe. Bizkaitarrak seigarren dira sailkapenean 97 punturekin eta kosta ahala kosta aurtengo denboraldia leundu egin nahiko dute.

Sailkapeneko erdialdea ere dantzan ikusten da. Cabok eta Ondarroa Cikautxok 60na puntu dituzte bilduta eta Kaikuk, berriz, hiru gutxiago, 57. Beraz, hiru talde horien artean denboraldi amaiera arte lehia estua egongo dela ziurra da. Horrez gain, azken bi estropadetan, hots, Bermeo Hiriko XXXVII. Bandera - Avia Sari Nagusian eta XLIX GP – XLV. Corte Ingles Banderan, Eusko Label Ligako zortzi ontzi onenak lehiatuko direnez, erraiak bota beharko dituzte zazpigarren eta zortzigarren postuak eskuratzeko. Zortzigarrena geratzen denak, ordea, lehenago hartuko ditu oporrak. S

ailkapeneko erdialdean dantza baldin badago, zer esan behealdean. Dena dago erabakitzeke eta oraindik, ez dago bat ere garbi. Lekittarra Elecnor dago momentuz jaitsierako eta playoffetako postuetatik kanpo 30 punturekin. Halere, bizkaitarrak ez daude bat ere lasai, Astillero Repsol Electricidad y Gas hiru puntura baitute (27), eta oraindik sei jardunaldi geratzen zaizkie azken bi postuak saihesteko. San Pedro trantze handian dago sartuta eta galtzak bete lan izango du datorren urtean Eusko Label Ligan arraun egiteko. Momentu honetan "Libia" ontziak 23 puntu ditu, eta kantabriengandik lau puntura dago sailkapenean. Gipuzkoarren lehen helburua azken postutik hanka egitea izango litzateke, gutxienez playoffetako txartela izateko, KAE 1ko eta Galiziako ontziekin batera.

Euskotren Ligari dagokionez, Orio Babyautoko neskek datozen lau estropadetan hankazartze handirik ez badute egiten, Zarautzeko bigarren jardunaldian Euskotreneko garaikurra jasotzeko moduan izango dira. Momentu honetan, talde oriotarrak bederatzi bandera eskuratu ditu eta 39 punturekin dira sailkapeneko lehen postuan sendo. "Txiki" ontziak zortzi puntuko aldea ateratzen Donostia Arraun Lagunak bigarren sailkatuari (31). Bestalde, ez dago bat ere garbi irailaren 14 eta 15ean Bermeon eta Portugalen jokatuko diren playoffetako estropadetan zein Euskotren Ligako zein talden joango den. Donostiarrak 16 puntu ditu eta Hondarribia Bertako Igogailuak, berriz, bi gutxiago, 16). Gauzak horrela, batek daki zein taldek jarriko dion ziriari zotza.

Mailloten jabeak erabakitzeke

CaixaBank Patroi Onenaren eta Euskotren Ligako Patroi Onenaren sailkapenean ere badago mugimendua eta zirrara. Gizonen sailkapenari dagokionez, Arkaitz Diaz dago lider 13 punturekin, eta Borja Gomez eta Iñaki Goikoetxea bederatzina punturekin daude bigarren posturako lehian. Bestalde, emakumeen sailkapenean, berriz, Nadeth Agirrek ditu Patroi Onenaren Saria irabazteko aukera gehienak. Oriotarra 22 punturekin da eta Andrea Astudillori zazpi puntu ateratzen dizkio, eta Nerez Perezi, berriz, bederatzi.

Itzuli