Albisteak

LEHIAKETA

26 Uzt 2019

Asteburua Bizkaiko uretan

Asteburua Bizkaiko uretan

Santurtzin eta Getxon jokatuko dira Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako bi jardunaldiak
 

Arraunaren gorengo mailak Bizkaiko uretan izango du zita asteburu honetan, Santurtzin eta Getxon, zehazki, eta hala, Eusko Label Ligako hamaikagarren eta hamabigarren eta Euskotren Ligako bederatzigarren eta hamargarren jardunaldiak izango dira. Larunbatean, 18:15etatik aurrera, Santurtziko XL. Ikurrila eta VIII. Euskotren Bandera jarriko dira lehian Santurtziko uretan. Igandeko jardunaldia, berri, Getxon izango da, 11:40etatik aurrera, eta bertan Getxoko Estropaden XLI. Ikurriña - J.A. Agirre Lehendakariaren XV. Omenaldia eta Getxoko XI. Ikurriña jokatuko dira. 

Gauzak horrela, bihar Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako 16 ontziak Santurtzin ureratuko dira. Biharko estropada gorengo mailan egiten den bigarrena izango da, eta aurten Santurtziko Ikurriñaren 40. edizioa izango da. Horrez gain, gizonezkoen aurretik emakumezkoen txanda izango da eta bertan VIII. Euskotren Bandera jarriko da jokoan. 

Bestalde, gizonezkoen zein emakumezkoen estropada eremua berezia izango da; Euskotren Ligako lehiari dagokionez, lau ontziak Portugaleteko Igerilekuen aurrean ainguratuta egongo diren balizetatik irtengo dira, eta kanpoko balizak, berriz, Portugaleteko atoiontzien inguruan egongo dira. Ontziek lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte, eta guztira 2.778 metroko distantzia osatuko dute.

Gizonezkoen estropadari dagokionez, ohi bezala, 12 ontziek hiru ziaboga eta lau luze egin beharko dituzte, halere, luze denek ez dute distantzia bera izango; irteera eman ondoren, traineruak Portugaleteko atoiontzien inguruan dauden balizen bila joango dira (832 metro), ziaboga eman eta gero Santurtziko portuko ABRA gunean egongo diren balizetan egingo dute bigarren maniobra (1.946), eta hirugarren eta azken ziaboga, berriz ere atoiontzien gunean egingo dute (1.946 metro). Amaitzeko, azken luzea, lau ontziek irteera eman duten balizetan amaituko dute (832). 

Eusko Label Ligako txandak sailkapen nagusiko ordenaren arabera banatuko dira. Beraz, lehen txandan lehiaketako lau ontzi apalenak ariko dira: San Pedro, Astillero Repsol Electricidad y Gas, Lekittarra Elecnor eta Kaiku. Bigarren txandan, Cabo, Ondarroa Cikautxo, Urdaibai Avia eta Donostiarra lehiatuko dira. Eta ohorezko eta azken txanda, berriz, lehiaketako lau oilar arituko dira: Santurtzi Iberdrola, Go fit Hondarribia, Zierbena Bahias de Bizkaia eta Orio Babyauto egungo liderra. Gogoratu behar da iazko estropadan Urdaibai Avia nagusitu zela 19’35”32ko denbora eginda, eta Euskotren Ligan, berriz, San Juan gailendu zen kronometroa 10:38,12an geratuta. Bestalde, Orio Babyautok du estropada eremuko errekorra ezarria; 2000. urtean “San Nikolas” ontziak 19'31"57ko denbora egin zuen. 

Igandean Getxon izango dira estropadak, eta bertan, Getxoko Estropaden XLI. Ikurriña - J.A. Agirre Lehendakariaren XV. Omenaldia eta Getxoko XI. Ikurriña jokatuko dira. 11:40eean emakumezkoen estropadari emango zaio hasiera estropadako ohiko formatuan ariko dira. Lau ontziek bi luze eta ziaboga bakarra egin beharko dute, eta Eusko Label Ligako 12 ontziek, berriz, hiru ziaboga eta lau luze. Txandak larunbatean Santurtziko estropadako emaitzen arabera osatuko dira. Bestalde, azpimarratu behar da Getxon jokatu diren azken bost estropadetan Go fit Hondarribia izan dela nagusi. Aurreko denboraldian, talde gipuzkoarrak 19’46”84ko denbora eginda lehen postuan eskuratu zuen. Aitzitik, Castrok du estropada eremuko errekorra ezarria; 2009an “La Marinera” ontziak 19’18”70an geratu zuen kronometroa. 

Gauzak horrela, Orio Babyauto iritsiko da asteburu honetara Eusko Label Ligako lider 110 punturekin. Oriotarrek 12 puntuko aldea ateratzen diote Zierbena Bahias de Bizkaia bigarren sailkatuari, eta 13 Go fit Hondarribiari. CaixaBank Patroi Onenaren Sariari dagokionez, Arkaitz Diazek sendo jarraitzen du sailkapeneneko lehen postuan Borja Gomez “galipoen” patroiari bost puntuko aldea ateratzen diola. 

Euskotren Ligari dagokionez, berriz, “Txiki” ontziak segitzen du lider 31 punturekin, eta Donostia Arraun Lagunak taldearekiko bost puntuko abantaila du. Horrez gain, Nadeth Agirre Orio Babyautoko lemazaina da lider Patroi Onenaren sailkapen nagusian 19 puntu poltsikoratuta. Agirrek Andrea Astudillo “Lugañeneko” patroiari zazpi puntuko aldea ateratzen dio. 
 

Itzuli