ACT TV 2015

ELKARRIZKETAK

27 Mai 2015

NT2 Hondarribia, titulua berrestera

NT2 Hondarribia, titulua berrestera

Talde hondarribiarrak lehengo urtean “la Caixa” Koroa lortuz borobildu zuten denboraldiaren parekoa egin nahi du aurten

Lehengo urteko San Miguel Ligako txapeldunak dira eta beraz, aurtengo txapelketan garaikurra berresteko faboritoen artean ageri dira. Horretarako, Mikel Orbañanosek jarraituko du taldearen buruan 13. urtez jarraian, lehengo urteko arraunlari taldearen oso antzekoarekin. Lehengo urtetik hona ez dira aldaketa asko egon taldean, baina bi baja egon dira: Ander Zelaia eta Ander Etxart, bigarren traineruko entrenatzaile izatera pasa dena. Bestalde, Iurgi Iruretagoiena eta Alex Udaberen altak eduki ditu taldeak. Prestatzaile oriotarrak dio taldea ez dela "asko aldatuko" eta denboraldi guztian zehar maila ona ematea espero du.

Negu luze honetan zehar NT2 Hondarribiak jaitsiera eta prestaketa proba ugaritan parte hartu du eta Orbañanosek dio lehengo urteetan emandako maila antzekoa ematea lortu dutela eta pozik dago bertan lortutako emaitzekin, hauek "gogor lanean jarraitzeko" laguntzen baitute. Taldeak aurtengo San Miguel Ligan daukan faborito postuaren inguruan entrenatzaile gipuzkoarrak ulertzekoa dela uste du, baina gogorarazten du “la Caixa” Koroa irabaztea oso zaila dela eta “zirkunstantzia” askoren menpe dagoela, baina gauzak ondo eginez “gertu” egongo direla uste du. San Miguel Ligako beste aurkarien inguruan dio dena oso berdindua egongo dela eta azkeneko urteetan bezela estropada asko segundu gutxitan erabakiko direla.

Itzuli