Albisteak 2010

LEHIAKETA

15 Uzt 2010

GALIZIAK ETA ARRAUNAK BAT EGINGO DUTE ASTEBURUAN; HITZORDU BIKOITZA MOAÑAKO ITSASOA ETA AFAMO BANDEREKIN

GALIZIAK ETA ARRAUNAK BAT EGINGO DUTE ASTEBURUAN; HITZORDU BIKOITZA MOAÑAKO ITSASOA ETA AFAMO BANDEREKIN

San Miguel Ligak jendartean laguntza gehien behar dutenekiko elkartasuna erakutsiko du, eta Alzheimer gaitzak jotakoen lana gogoratuko du.

Galiziak eta arraunak bat egingo dute asteburu honetan. Pontevedrako Moaña herriak larunbateko eta igandeko estropadak hartuko ditu. Bertan, 12 ontzi onenak Caja Madril Koroa lortzeko ahaleginean murgilduko dira, estropada bakoitzean saritan banatuko diren 22.500 euroko poltsatik ahalik eta kopuru handiena poltsikoratu asmoz.

Larunbatean MOAÑAKO ITSASOKO XXVIII. BANDERA jokatuko da, 18:00an hasita. Zuzenean eskainiko du estropada ETBk Euskadin, Aqui TV kateak Kantabrian, eta TVGk Galizian. Gaur eguerdian egin da aurkezpen ekitaldia Moañako Bienestar hotelean, eta bertan izan dira Moañako Xose Millanb alkatea, Juan Tenorio Tiran arraun elkarteko ordezkaria, Jose Romero AFAMO elkarteko kidea, eta Iñaki Mikeo ACT elkarteko gerentea.

Ontziek 5.556 metroko lana egin beharko dute, hiru itsas milia. Lau luze eta hiru ziaboga, denera. Lehenengo txandan Zarautz Inmobiliaria Orio, Zumaia Altuna y Uría, San Pedro Ecolmare eta Tirán Pereira ariko dira. Bigarrenean Hondarribia Orsa, Kaiku Ambilamp, Naturhouse Castro eta Pedreñak egingo dute arraun. Hirugarrenean lau ontzi onenak elkartuko dira: Astillero, Urdaibai Umpro Avia, San Juan Iberdrola eta Orio Amenabar.

San Miguel Ligako bigarren asteburuak sailkapen parekatua utzi zuen Orio eta Pasai Donibaneren artean. Pasaitarren asteburu bikainak du horren errua. Urdaibai eta Astillero ere bultzaka datoz, denboraldiko lehen banderak irabazi ostean. Moañako hitzordua berezietan bereziena izango da etxeko ontziko kideentzat, Tirango arraunlarientzat. Euren zaleen aurrean egingo dute arraun, eta behingoz hirugarren txandatik irten eta bigarrenean sartzen ahaleginduko dira, ontzi indartsuenengana hurbiltzeko.

Euskotren Ligak ere hitzordua du Moañan. Ligako 3. estropada izango da, eta 17:30an hasiko da. 6.000 euro banatuko dira saritan, eta Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria eta Galizia ariko dira lehian. Lau selekzioek 1,5 itsas miliako distantzia osatu beharko dute: 2.778 metro, bi luze eta ziaboga bakarra.

Igandea AFAMO BANDERAREN txanda izango da, daukan esanahiagatik, denboraldi osoko estropada garrantzitsuenetakoa. AFAMO Alzheimer gaitzak jotako gaixoen alde lan egiten duen elkartea da, Morrazo herrikoa. Igandeko estropada elkarte horretako kide guztientzako omenaldia izango da. Kide horiek musu truk egiten duten lana komunikabideen oihartzunetik at geratzen da sarri, baina igandean, Moañan, AFAMO elkartekoek Moañara bertaratzen diren zale guztien berotasuna jasoko dute. San Miguel Ligak, bere aldetik, jendartean laguntza gehien behar dutenekiko duen konpromisoa erakutsi nahi du, eta arraun lehiaketa onena baino ispilu hobeagorik ez, halakorik egiteko.

Igandeko estropada eguerdiko 12tan hasiko da, eta zuzenean eskainiko du ETBk Euskadin, Aqui TV kateak Kantabrian, eta TVGk Galizian. Txandak bezperako estropadako sailkapenaren arabera finkatuko dira. 22.500 euro banatuko dira saritan, eta ontziek 5.556 metroko distantzia osatu beharko dute. Hiru itsas milia, lau luze eta hiru ziaboga. Gizonezkoen lehiaketa baino ordu erdi lehenago hasiko da Emakumezkoen Euskotren Liga. Aukera berri bat Galiziako selekzioarentzat, Gipuzkoa liderrarengana hurbiltzeko.

Itzuli