Albisteak 2023

LEHIAKETA

13 Abu 2023

Nortindal Donostiarra nagusi Boiron

Nortindal Donostiarra nagusi Boiron Nortindal Donostiarra nagusi Boiron

Bantxak denboraldiko hirugarren Bandera lortu du IV Bandeira de Traiñeiras Feminina Rianxeiran garaipena eskuratuta.

Nortindal Donostiarrak irabazi du IV Bandeira de Traiñeiras Feminina Rianxeira jardunaldia. Hasiera oso parekatua izan den arren, lehen luzearen amaieran Nerea Perezenak aurrea hartu dute eta pixkanaka aldea handitzea lortu dute, helmugan 10:24ko denbora ezarriz, Donostia Arraun Lagunak baino  hiru segundo lehenago.

Orio Orialki hirugarren izan da, irabazleengandik 7 segundora. Hibaikak irabazi du lehen txanda, Hondarribia Bertako Igogailuak taldeari lau segundoko aldea aterata.

Sailkapen orokorrean, Donostia Arraun Lagunak taldeak asteburuaren hasieran zuen abantaila berarekin jarraitzen du, Zarautzen azken bi jardunaldiak falta direnean. Beraz, Lugañeneren taldeak 80 puntu ditu, Orio Orialki da bigarren 74 punturekin, Nortindal Donostiarra hirugarren 65 punturekin eta Tolosaldeak 60 punturekin dira lehen lau sailkatuak.


Zierbenak asteburua biribildu du Boiron
Zierbena Bahías de Bizkaiak ere garaipena lortu du XXXIII Bandeira Concello de Boiron eta asteburu honetan Galizian jokatutako bi banderak eramango dituzte etxera. Galipoek garaipena lortu dute, ozta ozta etxeko traineruak, Cabo da Cruzek, bigarren txandan egindako denbora gaindituz. Azken luzearen azken metroetan erabaki da dena, eta bertan bizkaitarrak nagusi izan dira. Garaipena hirugarren txandako traineru batek lortu badu ere, bigarren eta hirugarren postuak bigarren txandako bi trainerurentzat izan dira. Helmugan, Zierbenak 19:30eko denbora egin du, CR Cabo da Cruzek 3 segundo gehiago behar izan ditu estropada eremua zeharkatzeko, hirugarren sailkatua Orio Orialki izan da galipoak baino 7 segundo gehiagorekin, eta Hondarribia laugarren izan da ere zazpi segundoko atzerapenarekin.

Horrenbestez, asteburu honetan lortutako bi garaipenei esker, Zierbena Bahías de Bizkaia bete-betean sartu da Eusko Label Ligako lehian. Txapelketako zazpigarren asteburua jokatu ondoren, Bermeo Urdaibaik 140 puntu ditu, Hondarribiak 137 puntu eta Zierbenak 136 puntu. Donostiarra Amenabar laugarren da 108 punturekin.
 

Itzuli