Albisteak 2014

LEHIAKETA

29 Api 2014

Zazpi hautagai eta hiru txartel dantzan

Zazpi hautagai eta hiru txartel dantzan

Zumairekin batera Euskotren Ligan parte hartzeko 7 talde aurkeztu dira: lau gipuzkoar, bi galiziar eta kantabriar bat.

Euskotren Liga denboraldi berrirako berotzen ari da, emakumezkoen lehiaketa honek aurten bere seigarren denboraldia burutuko du. Guztira zortzi estropada izango dira, lehiaketa Pedreñan hasiko da eta, urtero bezala, Zarautzen amaituko da. Iazko Euskotren Ligako txapelduna izan zen Zumaiak bakarrik izango du zuzenean parte hartzeko eskubidea. Beste hiru txartelentzako zazpi hautagai egongo dira: gipuzkoatik lau traineru, galiziatik bi eta kantabriatik beste bat.

Galiziatik bi traineru aurkeztu dira: Cabo eta Samertolameu. Bi klubak aurre-denboraldian  sendo aritu dira, bai jaitsieretan eta baita beste diziplinatan ere. Kantabriatik Santoña Grupo Taneek hartuko du parte, iazko esperientziarekin, bere talde gazteari %100a ateratzen saiatuko da. Euskaldunen aldetik, iazko hiru partaidek errepikatu nahi dute: Hibaika Jamones Ancín, San Juan Iberdrola eta Orio Babyauto. Aurre-denboraldian hiru traineru hauek parekotasun handia erakutsi dute, baina esan beharra dago Errenteriako neskak neguko garaipen garrantzitsuenak poltsikoratu dituztela. Laugarren trainerua Getaria-Zarautz izango da, elkarte honetatik emaitza politak espero dituzte.

Zazpi hautagai hauek lehenengo sailkapeneko jardunaldia uztailaren 12an izango dute Pedreñan, hurrengo egunean, ordea, Donostian. Bi estropada hauetatik, Zumaiarekin bat lehiatuko diren hiru traineru sailkatuko dira. Hasierako bi jardunaldi hauek hauek Sailkapen Nagusirako puntuagarriak izango dira. Hortik aurrera Euskotren Ligak ez du etenik izango abuztura arte. Ibilbide horretan Pasaia, Orio, Getxo eta Zierbenan izango dira. Azkenik, eta urtero bezala, abuztuaren 16 eta 17an Euskotren Ligari Zarautzen emango zaio amaiera. 

Itzuli