Albisteak 2013
ELKARRIZKETAK
09 Ira 2013
"HARROBIKO TALDE PETOA GARA; MERITU HANDIKO LORPENA LITZATEKE SAN MIGUEL LIGAN LEHIATZEA"
Iñaki Goikoetxea ‘Xagua’, Lekittarra BMko patroia
Iñaki Goikoetxea Xagua aspaldi bilatzen ari zen erronkaren atarian dago (Lekeitio, 34 urte): San Miguel Ligako kide izateko play-offa. Xagua berak gertutik bizi izan zuen Itsasoko Amaren azken denboraldia elitean, 2005ean, eta KAE-1 Ligan ere gustura ari badira ere, klubean eta herrian koskatxo bat igotzeko gogoz omen daude. Bermeoko estropadan dute fedea: itsaso zabala, alboko olatua, lekeitiarrek ezin hobe ezagutzen duten eremua.
Borroka estua mantendu zenuten Santurtzirekin KAE-1 Ligako bigarren postua lortzeko, baina zuena da play-offeko txartela. Ze giro duzue klubean, herrian, bi estropaden atarian?
Herriak tratu bikaina eman izan digu beti. Inoiz ez da kexarik egon gure jardunaren inguruan. Ondo aritzen baginen, txaloak. Gaizki arituz gero, animoak. Presiorik ez dugu sentitu. Jarraipen handia du arraunak Lekeition, baina presiorik gabeko zaletasuna da.
Abuztuaren 24an bukatu zenuten denboraldia, play-offa hiru aste luze geroago. Nola prestatu zarete, luze egin al zaizue itxaronaldia?
Egia esan ez da oso sasoi neketsua izan, 12 estropada izan direlako denera. Hiru aste hauetan halako aurre-denboraldi bat egin dugu, Lekeition, itsaso zabalean, eta Lutxanan, errekan lan saioak eginez. Herriko festak ere izan dira, arrauna albo batera uzteko aukera izan dugu, eta egunak azkar pasa dira.
Lekittarra MBk denboraldi bikaina egin du KAE-1 ligan. Igotzen bazarete, ezin hobe, baina igotzen ez bazarete zer?
Lanean jarraitu KAE-1 Ligan. Denoi gustatzen zaigu onenekin lehiatzea, eta jakina, zaleei ere bai, baina harrobiko taldea gara, eta badakigu zer dagoen. Nik KAE-1 Ligan izugarri gozatu dut arraunean. 5-6 urte on samar egin ditugu, urte politak, eta orain saria etorri da, baina presiorik ez dugu nahi. Badira taldeak fitxaketen bitartez osatzen dituzten klubak, guk ez. Ez dut hautu hori kritikatzen, baina nire ustez meritu handiagoa dauka igoera lortzea harrobiko talde soil batekin, fitxaketetan oinarritzen den taldeak baino.
Nola ikusten duzu play-offa? Badirudi Zierbena beste laurak baino koska bat gorago dagoela. Ados?
Bai, hala erakutsi du denboraldi osoan. Zazpi estropada irabazi ditu KAE-1 Ligan, eta eroso irabazi txapela. Kontxako sailkapen estropadan ere koska polita atera zigun beste lauroi, eta hasiera batean bi postuetako bat haientzako izango dela esan liteke. ACT ligan arrauna egin duten mutil sorta polita dauka, eta hori nabaritu egiten da epe luzean. Beste lauren artean borroka handia egongo dela uste dut. Meira gure pare ibili zen Kontxan, eta Espainiako Txapelketan ere ez zuen urrunegi izan Tiran. Akaso itsaso zabalean ez dira hain ondo moldatzen, baina Zumaiak, bere aldetik, ez dauka arazo hori. Parekatua dago egoera.
Kontxako sailkapen estropadako denborak aintzat hartzeko modukoak al dira?
Bai, bai, han inor ez da ateratzen paseatzera. Baliteke estropada hobeagoa edo txarragoa egitea, baina han dena ematen da. Meira aste osoan Donostia aldean egon zela uste dut, eta hori egiten duenarentzat ezinezkoa da sailkapen estropada hori lasai hartu. Kontuz, horrek ez du esan nahi Kontxan gertatutakoa play-offeko bi estropadetan derrigor errepikatuko denik.
Lekeitio eta Bermeo gertu daude, ondo ezagutzen duzue Bermeoko itsas eremua. Zuen aldeko apustua egiten du jende askok, horregatik.
Beno, egia da gu itsaso zabaleko arraunlariak garela. Lekeitiokoak izanda, ezin da itsas adarrean trebatu, itsaso zabalean baizik. Alde horretatik, guretzat berri ona da lehen estropada Bermeon jokatzea. Itsaso zabalean, alboko olatu kapritxoso samarra… Egia da Bermeon lan ona egiten duenak abantaila txiki bat izango duela psikologikoki, indarra hartu, konfiantza, baina Bermeon lan ona egin eta Portuko errekan txarra, ez du ezertarako balio. Bi estropada on egin behar dira igoera lortu nahi bada, eta Portuko itsas adarrak ere zeresana emango du. Erlojupekoan abiatuko gara, baina lehena irteten denetik azkenekora bost minutu luze dira, baldintzak asko aldatu litezke, eta ezin esan ba, zer izango den erabakigarria eta zer ez.