Albisteak 2013

ELKARRIZKETAK

26 Uzt 2013

"ASTEBURU HAU DA PEDREÑARENGANA HURBILTZEKO AZKEN AUKERA; EA BIZPAHIRU PUNTURA JARTZEN GAREN"

"ASTEBURU HAU DA PEDREÑARENGANA HURBILTZEKO AZKEN AUKERA; EA BIZPAHIRU PUNTURA JARTZEN GAREN"

Xipri Elorza, Zumaiako arraunlaria

Xipri Elorzaren egunerokoa gogorra da (Endoia, 24 urte). Lana arratseko 6.30ak arte, autoa hartu, Zumaiara, entrenatu, eta normalean gaua sartuta, etxera. Horrela estropadarik gabeko egun gehienak. Herriko estropadaren atarian, Telmo Deun ontziko arraunlariek mailari eustea dakarren 10. postura iristeko azken aukera dutela sentitzen omen dute. Pedreñarengana hurbiltzeko erronkak ematen omen die indarra.

 

Denboraldiak lan erdiak egin ditu, baina egin dezagun orain arte gertatutakoaren errepaso labur bat. Ze balantze egiten duzu?

Emaitzak hor daude, eta sailkapenak dio 11. postuan gaudela. Sei puntura dugu Castro, jaitsiera zuzena, eta beste hainbestera mailari eustea ekarriko lukeen 10, postua, Pedreña. Hor gaude, ez da txarra. Erabat gustura ere ez gaude, baina gaizki ere ez. Ontzi bat behintzat atzetik dugu, eta hori ona da. Denboraldiari buruz, pixkanaka gorantz goazela esango nuke, emaitzek halakorik erakusten ez badute ere. Ea zer gertatzen den asteburuan, gure etorkizuna finkatuko duten bi estropada garrantzitsu jokatuko dira.

 

Denboraldi hasierako helburua mailari eustea zen, eta momentuz, play-off postuan bada ere, barruan zaudete. Pozik?

11. gara, baina 10. postuan bageunde, nahiago. Bederatzigarrena ere txarra ez. Bat dugu atzetik, bi utzi nahi genituzke. Kontua borroka egitea da, egoskorrak izan eta Pedreñari lasaitzen ez uztea.

 

Sei puntu zer dira, asko, gutxi?

ACTn parekotasuna handia da, eta asteburu bakarrean gauza asko alda daitezke. Gure esku dago puntu kopuru hori jaistea, eta hori garrantzitsua da. Guk zerbait gaizki egiten badugu, Pedreña urrundu egiten da, edo Castro hurbildu. Orain zu, orain ni, jolasean bezala gabiltza, eta ea asteburuan jolas horretatik garaile gu irteten garen.

 

Pedreña gorabeheratsu dabil, eta azken astetan haiek garaitzeko gai zaretela erakutsi duzue. Indarra ematen al dizue horrek?

Noski. Kontua zera da, gu haien aurretik sailkatzeaz gain, beste traineruren bat ere tartean sartzea nahi genukeela, puntu kopuru handiagoa irabazteko, baina Astillero eta aurretik doazenak oso sendo dabiltza, eta ez da erraza izango.

 

Getxo eta Zumaia, asteburuan. Telmo Deun ontziarentzat oso estropada garrantzitsuak direla esan duzu. Zergatik?

Ba bi estropada horietako emaitzek esango digutelako zein den gure benetako helburua denboraldiko bigarren zatian. Edo 10. postua bilatu, edo 11. konformatu eta play-offa prestatzen hasi buru-belarri. Gure asmoa Pedreñarengana hurbiltzea da, bizpahiru puntura edo, guk geuk konfiantza irabazteko, eta abuztuan geratzen diren sei estropada horietan 10. postu hori bilatzeko. Igandean Zumaian egiten dugu arraun, beste inork baino hobeto ezagutzen dugu estropada eremua, eta ea gure helburua lortzen dugun.

 

Ez da samurra izango beti tentsiopean jardun behar hori, 11. postua, jaitsiera… Zer moduz daramazue ontzi barruan presio hori?

Oso ondo. Taldean sekulako giro ona dugu, Xanti Zabaleta entrenatzailearekin ere harremana ezin hobea da, eta tentsio horrek ez du eraginik egunerokoan. Banderak lortzeko borrokan egongo bagina, akaso presioa handiagoa izango litzateke, baina ez da gure kasua. Ez gabiltza nahi bezain ondo, baina horrek ez du eraginik eguneroko jardunean.

 

Astebururo entzuten dira Galiziako traineruen emaitzak, KAE-1 ligakoak… Pentsatu liga bukatuta 11. postu horretan geratzen zaretela, beste bi liga horietako emaitzei erreparatze al diezue?

Jakina. Eta asko. Garbi dago play-offa urtetik urtera gogorragoa dela, maila gero eta hobea, eta aurtengoa ere hala izango da. Broma gutxi, esaten den bezala. Galizian gure mailan edo hobe ibil daitezkeen bizpahiru ontzi badaude, eta Zierbena ere gure pare, KAE-1 ligan egonda ere.

Itzuli