Albisteak 2013

ELKARRIZKETAK

19 Uzt 2013

MAILA EMAN BEHAR DA, ZORTE ONA BALIATZEN JAKITEKO

MAILA EMAN BEHAR DA, ZORTE ONA BALIATZEN JAKITEKO

David Alvarez, Tiran-Pereira ontziko patroia

Metalgintzako semea da David (Vigo, 1979), baina amets bat zeukan txiki-txikitatik: arrauneko elitean egotea, handienen pare egotea banderak haizatzen. “Gure momentu gozoenean gaude”, onartzen du, orain dauden tokira iristeko egindako ahalegina urte askokoa eta gogorra izan dela gogoratuz. “Zortearekin bakarrik ezinezkoa da San Miguel Ligako Ligako bandera bat irabaztea”. Denboraldi hasiera gorabeheratsua izan da, baina polita, bi bandera irabazita. Irailera arte goranzko progresioa agintzen du, gainera.

 

Dagoeneko bi bandera, San Miguel Ligako historia osoan aurrez lortu zenituztenak adina, nola baloratzen duzu arrakasta hori?

Ba bandera bat irabaztea zaila bada, pentsa bi. Eta bi asteburutan jarraian. Oso pozik gaude, noski. Eta denboraldi hasiera izanda are gehiago. Hobetzen ari gara, eta horretan gaude, abuztu bukaerarako espero dugu sasoi punturik onena. Pasa den denboraldian ere indartsu ekin genion, eta postu onak lortu. Aurtengo ezberdintasuna ontzia da, platanito sonatua. Iaz izan bagenu, garaipenak iaz iritsiko zirela apustu egingo nuke.

 

Zer dauka, bada, platanito horrek, beste ontziak ez duena?

Itsasoan bestearen antzekoa da, baina ziabogetan sekulako aldea dago. Azkarrago ematen du buelta, eta arraunlariek ere indar handia aurrezten dute. Ziabogako hiru bat segundo direla esango nuke. Pasa den urteko ontzia oso astuna zen, 217 kilo, eta aurtengoak 202 baino ez. Halako ukitu magiko bat duela dirudi, hegan baitoa. Niri asko gustatzen zait ontzi horretako patroia izatea, ez da erraza kontrolatzea, baina zuk duzu aginte-makila, ez ontziak. Suabeagoa dela esango nuke, azkarragoa, eta olatu guztiei eusten die. Surf taula baten antzekoa da, gozamena. Barruan zaudenean hegan zoazela dirudi.

 

“Mar do Con” izena jarri diozue ontziari, zuek entrenatzen duzuen itsas tokiaren izena. Zergatik?

Hor ibiltzen gara egunero, halako omenalditxo bat da. Izena jarri eta egun pare baten buruan gurasoen etxera joan nintzenean arrebak esan zidan ama ez zegoela batere pozik, aspaldi aitona zena eraman zuelako itsasoak, eta eraman zuen ontziak “Mar do Con” izena zeukalako. Nik esan nion akaso zorte ona ekarriko zigun izena izango zela, Tirango historian izen horrek indar handia duela, eta tira, oraingoz badirudi zortea eman digula.

 

Patroien sailkapeneko buru ere bazara. Hori ere ontzi berriari esker al da?

Badu bere eragina. Orain balio handia ematen diot iaz, orain bi urte lortzen genituen denborei, ontzia kaskarra zelako. Orain azkar irteten zara, ziaboga ona izan gabe ere. Lehen ezinezkoa zen. Konfiantza ematen du ontziak, badakizu ziaboga ondo eginen duzula, eta hori jakiteak ere halako lasaitasuna ematen dio lanean ari diren arraunlariei.

 

Patroi izatea erantzukizun handiko lana da.

Bai. Lore asko jasotzen dituzu, baina egur asko ere bai. Ordezkoa izan nintzen urte luzez, eta nekeza izan zen ontzia nireganatzea. Beste patroien lanarekin ikasi nuen, teknika ikasi, ontzia sentitu, xehetasun txikiei garrantzia eman… Ziabogetako bideo mordoa ikuskatu! Orain ziurtasuna irabazi dut, baina entrenamendu lan sakonaren ondorioa da.

 

Irabazitako bi banderetan zortea oso aldeko izan duzuela esan izan da.

Faktore askok dute eragina, eta noski zorteak ere bai. Baina aurrean geratzen garenean, eta azkenak geratzen garenean. Beti. Eta San Miguel Ligan zortearekin bakarrik ezin da bandera bat irabazi. Zortea baliatzen jakin behar da. Portun ados, zorte handia izan genuen, baina Moañan ez, txanden arteko itsaso baldintzak oso antzekoak zirelako. Arraunlariak garaipen gosearekin aritu ziren, eta jota iritsi zirenj helmugara. Zorteak baino garrantzi handiagoa izan zuten beste faktore batzuk: arraunlari aldaketak, larunbatean egindako ahaleginaren nekea… Nork egin zituen aldaketak? Hondarribia Orsak eta Tiran-Pereirak. Horri larunbat arratsaldeko 35 graduko tenperatura, oso urrunetik etorri eta nekatuta zegoen jendea eta beste gehitu behar zaizkio. Denak du eragina.

 

Aldaketa asko egin dituzue ontzian. Batzuk joan, besteak etorri. Maila galtzeko arriskua present egon al da zuen eztabaidatan noizbait?

Talde barruan egoera onartu genuen hasieratik. Hainbat mutilek beste bide batzuk hartzea erabaki zuten, eta kito, ez dago bueltarik. Halere denboraldi hasiera hobea izan da. Ez gabiltza iaz bezain erregular, baina bai ondo. Ontzian sartu direnak kanpoan geratzen ziren iaz, eta orain barruan daudela ikusita, ilusio bereziarekin egiten dute arrauna.

 

Zuk 17 urte daramatzazu dagoeneko klubean. Askorako ematen du horrek…

Bai, 11 urte nituenetik. Hor egon zen bost urteko epe bat urrundu egin nintzela, bete egin nintzelako, baina ilusioa galdu gabe. 18 urte bete arte arraunlaria izan nintzen, gerora patroia. Orain patroi nagusia naiz, baina lan handia egin behar izan dut gora iristeko, beti izan naizelako bigarren patroia. Nire txikitako ametsa bete dut, lema hartuta. Gaixo bat izan naiz arraunarekin. Inor baino lehenago etortzen nintzen, eta maila guztikoekin entrenatu, baita neskekin ere. Eskolan ere zer, ikasi? Bai zera, beti ontzi eta txalipetako marrazkiak egiten… Urteekin ere nire lan egiteko modua aldatu dut. Urte batzuk atzera egurra ematen nien arraunlariei, eskatu eta eskatu, neurtu gabe. Orain bestela saiatzen naiz, haiek zuzentzen, oreka bat lortzen arraunlarien artean, eta Danik irratitik esaten didanari kasu egiten diot.

 

Garaipenek jendartearen onarpena handitu al dute?

Bai, zaletasuna asko handitu da, batez ere Citroen enpresako langileen artean, eta milaka batzuk bagara (barrez)… Jendea egiten ari garenaz jabetzen ari da, eta nire nagusiek ere zoriondu egiten naute, polita da. Jendeak zure lana jarraitu, baloratzen duela da gauza politena. Ez guretzat edo arraunarentzat soil-soilik, kirol guztientzat baizik. Guk milaka kilometro egiten ditugu astero, onenekin lehiatu ahal izateko, eta hori egin eta zure lana eskertu edo goraipatzea, oso atsegina da.

 

Onarpen horretan garrantzitsua da San Miguel Ligak 10 urte bete izana. Ze balorazio egiten duzu?

Oso ona. Niretzat San Miguel Liga futboleko Champions League bat bezalakoa da. Zabalkunde mediatikoa, zaletasuna, dena dute neurtua… Antolakuntza ere bikaina da: ordutegiak, arauak, denborak, kontrolak… Eta ematen den ikuskizuna. Aurten Bartzelonan hasi gara, eta horrek sekulako oihartzuna eman dio. Guretzat mingarri samarra izan da Bartzelonan hastea, arraunlari guztiak hara eramateko dirurik ez eta arraun egin zutenekin bakarrik joan ahal izan ginelako. Urte osoa entrenatzen egon den mutilari etxean geratu behar duela esatea gogorra da, baina onartuta dauka. Trukean arrauna gero eta ezagunagoa da, eta hori ona da.

Barruko ikuspegiari buruz, umiltasun eta errespetu osoz jokatzen saiatzen naiz. Niretzat beste patroiak, arraunlariak, lagunak dira, ez aurkariak. Haiek besarkatzea, beraiekin solastatzea atsegin dut, badakitelako nik adina sufritzen dutela. Zertarako denbora galdu kontu itsusiekin, zortea, kaleen gorabeherak eta beste? Beste arraunlariak nire idoloak izan dira eta izango dira, eta orain haietako bat izatea ohore ikaragarria da niretzat.

 

Nola lortzen du Tiran-Pereira bezalako talde apal batek gailurrean mantentzea?

Arraunak zale asko du leku askotan, eta zale porrokatuak. Guk musu truk egiten dugu lana, kirola gustatzen zaigulako, eta horrek halako batasuna, talde lan sendoa sortzen du. Tiranen arraunean egin eta San Miguel ligan egotea, onenen pare arraun egitea gauza handia da guretzat. Laredon 9. geratu ginen, estropada kaskarra, baina inork ez zion errua beste inori bota. Danik esan ziguna entzun, akatsak konpontzen saiatu, eta “bihar beste estropada bat dago”, pentsatu. Hori da gure egunerokoa, eta gustura gaude. Baina bai, nabaritzen dira zailtasun batzuk. Zaila da lana eta arrauna batera egitea. Goizaldeko 5etan jaikitzen naiz egunero, eta zenbait egunetan jai eskatu behar izaten dut, estropadetan parte hartzeko. Lanpostu hobe bat ere eskaini zidaten, baina %100 egon behar nuen lanerako prest, eta lana alboratzea erabaki nuen. arraunagatik. Lagunek eta erotuta nagoela esaten didate, arrauna besterik ez dudala buruan: ez afaririk, ez parrandarik… Pentsa, oporrak abuztuan hartzen ditut, eta entrenatzeko baliatzen ditut!

 

Elitean zaudeten taldea zarete, baina arropa zuek ordaintzen duzue.

Bai, baina horrek are gehiago batzen gaitu. Pasa den urtean kamisetak, biserak eta beste erosteko laguntza eman ziguten taberna batzuk lortu genituen, baina aurten oso diru gutxi bildu dugu, eta guk jarri behar izan dugu dirua. Gure artean hitz egin genuen gaia, eta aurrera egin genuen, ez da arazo bat izan.

 

Ehunka kilometro egiten dituzue ia astebururo. Nola daramazue bidaien kontua?

Ba pokerrean jolasten. Hegazkinean sartzen garenetik, iristen garenera arte. Baina horrek ere talde indarra handitzen du. Fisikoki neke handi samarra eragiten digu, eta ekonomikoki kalte handi samarra egin, baina hori da dagoena.

 

Dagoeneko ligaren laurden bat joan da, zein izanen da Tiran-Pereiraren estrategia hurrengo estropadetan?

Ohorezko txandan egotea. Entrenatzaileak esaten digun guztia txintxo-txintxo entzun eta jartzen dugu praktikan. Abuztu bukaera aldera iritsiko da gure punturik onena, baina hala eta guztiz ere zaila izango da lau onenen artean bukatzea: Pasaiko bi ontziak daude, Portu ere begira nola dabilen… Orio eta Urdaibai ikaragarri dabiltza, eta Kaiku, aldiz, denok baino koska bat gorago.

 

Askotan aipatu duzu Dani Perez entrenatzailearen izena. Bistan da berarekin gertuko harremana daukazula, ezta?

Estrategia garbia du: talde lana. Ez zaizkio loreak gustatzen batere, baina meritu handia dauka. Oso isila da, eta beti esaten digu umilak izateko, ez egiteko inoren aurka, eta garaipenetan ere jentil jokatzeko.

 

Zer sentitzen da San Miguel Ligako ordezkari galiziar bakarra zarenean?

Gehiago izango bagina, hobe. Horrek Galizia bertako lehiaketak aberastuko lituzke, eta gure artean ere pike gehixeago egongo litzateke. Gu garen bezalakoak dira klub gehienak, borrokalariak. Garbi ikusi zen hori Mecos eta Cabo da Cruz-ekin. Orain Chapela eta Meira dira Galiziako Ligako indartsuenak, eta Mecos ere ondo dabil, Amegrove bezala. Horietako edozeinek du mailaz igotzeko kemena.

Itzuli