Albisteak 2012

LEHIAKETA

26 Uzt 2012

"PATROIAK BESTE INORK BAINO ESTRES HANDIAGOA JASATEN DU"

"PATROIAK BESTE INORK BAINO ESTRES HANDIAGOA JASATEN DU"

Endika Perez, San Juan Iberdrolako patroia

San Juan Iberdrola denen ahotan dago. Ohorezko txandan sartu da, eta bere patroietako bat, Endika Perez, patroi onenaren sariko liderra da. Patroi lanaren nondik norakoak azaldu ditu Pasai Donibanekoak, eta bide batez, denboraldiak orain arte eman duenaren balantzea egin.

 

San Miguel Ligak lan erdiak egin ditu dagoeneko, eta zuek Ohorezko Txandan zaudete. Batzuentzat, espero zen egoera, besteentzat, ezustekoa. Zuretzat?

Balantzea oso ona da, bikaina. Azaroan jende gutxi geunden, baja asko, ziurgabetasuna, entrenatzaile berria, ziklo berri bat hastear, eta pentsatzen genuen sufritu egingo genuela 2012an. Denboraldia aurrera joan ahala, jaitsieretan, bateletan eta trainerilletan ondo ibili ginen, eta horrek itxaropena ematen dizu dezente ibiltzeko.

Agian pasa den sasoian bezala ez, baina txukun bai. Gainera, atzetik ibiliko ginela barneratu, eta hobeto ibiltzen bazara, sentsazioa oso ona da.

 

Urte hasierako helburua, beraz, ez zen Ohorezko Txandan egotea.

Ez, nik esango nuke asko konforme egongo ginatekeela bigarren txandan lasaitasunez arraun egingo bagenu, eta gorago gaude, beraz disfrutatzeko unea da. Presiorik gabe.

 

Liga hasi aurretik bandera bat irabaz zezaketen 7-8 traineru zeudela esaten zen, eta ez zaudete hain urrun, pasa den igandean ikusi bezala.

Ohorezko Txandan arraun eginez gero, oso zaila da irabaztea. Hondarribia Orsa eta Kaiku Ambilamp irits ezinak dira ia-ia.

Bigarren txandan irten, estropada aparta egin eta baldintzak txartuz gero, hor dago gure aukera. Buruz buru onenekin batera arituta zaila.

 

Ohorezko txandan arraun egitea polita dela, baina ondokoek duten maila ikusita, kolpe batzuk hartzea ere bai.

Hala da, bai. Buruak lan handia egiten du hor, eta hasieratik atzean geratzen bazara, asko sufritzen da.

 

Non dago San Juan Iberdrola une honetan? Bere sasoi puntu onenean, hobetzeko moduan?

San Juan Iberdrolak gora egingo du, baina besteak ere bai. Orain arte entrenatzaileak aldaketa asko egin ditu estropada batetik bestera, zazpi bat aldaketa, eta emaitzak onak izan dira. Horrek arraunlari asko neurria emateko gai direla esan nahi du, indarra badaukagula.

 

Zer moduz zu patroi lanean?

Laugarren urtea da hau.

 

Nola ikasten da patroi izaten?

Kolpeak hartuz. Nahiko zaila da. Presioa handia da. Talde guztiaren konfiantza eduki behar duzu, eta hori lortzea oso zaila, eta oso garrantzitsua da. Taldearen konfiantzak zurea handitzen du, eta zuk konfiantza baldin baduzu, errazagoa da emaitza hobeak lortzea.

 

Eta nola lortzen da konfiantza hori?

Ba entrenatzailearen aginduak aintzat hartuz. Gakoa animoso izatea da, baikortasuna transmititzea arraunlariei, zintzoa izatea erreferentziak ematerakoan. Psikologo lana da, azken finean. Fisikoki prestakuntza ez da gogorra, baina teknikoki eta taktikoki bai. Buruko neke handia eragiten du uneoro kontu guztiak kontrolatu behar hori: korronteak, olatuak, mareak, haizea, ziaboga… Gauza asko pilatzen dira segundo gutxitan, eta estresa sortzen da. Askatu ezin duzun estresa, gainera. Arraunlariek behintzat askatzen dute euren amorrua arraunei egurra ematen, patroiak ezin du halakorik egin.

 

Nola askatzen duzu zuk tentsio hori?

Gordetzen saiatzen naiz. Burua hotza eduki behar duzu derrigor, behin estropada bukatu ondoren askatu.

 

Nolakoa da patroi baten prestakuntza fisikoa eta taktikoa?

Fisiko aldetik neguan arraunlarien antzeko lana egiten duzu. Gimnasioan pisuak, korrika saioak sasoi puntu ona lortu eta pisua galtzeko… Ez da arraunlariaren prestakuntza bezain exigentea. Teknikoki zailagoa da. Teknikoki, arraunlariak milaka arraunkada egin ditzake, eta denak ezberdinak dira. Denak. Ziabogak bezala. Guk, ziabogak egiterakoan entrenamendu jakin bat egiten ditugu. Ostiraletan entseatzen dugu, eta eskertzen da. Ibaian eta itsasoan egiten ditugu, ziaboga bat inoiz ez delako berdina inoiz. Egoera guztiak landu behar dira. Entrenamenduetan asko ikasten da, baina lehiaketan, itsaso zabalean, egoera bakoitzera nola egokitu ikasten duzu. Eskarmentua erabakigarria da. Ez da gauza bera bi urteko eskarmentua duen patroia, edo hamar urtekoa duena.

 

Zuk lau urtekoa duzu, baina Mapfrek babesten duen patroi onenaren sariko liderra zara Igor Gaztañaga kidearekin batera. Pozik?

Oso, gure lan onak fruitua ematen duelako. Orain gabiltzan traineruarekin gustura gaude, eta bada kirol helburu bat, sailkapen hori irabaztea. Meritua denena delako. Patroiena, baina arraunlariena ere bai. Beraiek ere lan handia egiten dute ziabogak ematerakoan. Guk daramagu maillot gorria, baina meritua denena da.

 

Zein da estropada batean gehien erabiltzen duzun hitza?

‘Bukatu’ hitza, agian.

 

Zerekin konformatuko litzateke Endika Perez denboraldia bukatu bitartean?

Aukera edukiz gero, banderaren bat lortzea eskatuko nuke.

 

Etxeko banderan, larunbatean?

Zergatik ez? Ondo ezagutzen dugu estropada eremua, eta aukera ona izan dezakegu.

 

Zer gustatzen zaizu gehiago? Itsaso zabala edo ibaia?

Niri itsaso zabala. Estropadak, tradizioz, beti izan dira itsaso zabalean, eta itsaso zabalean gure lana ere erabakigarriagoa da. Polita da olatu bat hartzen saiatu eta asmatzea. Itsaso zabalean indarra ez da hain erabakigarria, abilezia ere garrantzitsua da. Ur bareetan normalean indartsuenak irabazten du, ur mugituetan beste faktore batzuk sartzen dira jokoan.

Itzuli