Albisteak 2010

LEHIAKETA

01 Eka 2010

BANDEIRA AFAMO

BANDEIRA AFAMO

ACT elkarteak aurrerapausoa emango du eta ongintzazko estropada bat antolatuko du Moañan: Bandeira Afamo.

Traineru Kluben Elkarteak pauso historikoa emango du uda honetan. Jakina da elkarteak konpromiso serioa duela arraunarekin, kirolaren balioekin, baina konpromiso hori jendartean premia gorria dutenekiko ere zabalduko da. Hurrengo uztailaren 18an Afamo Bandera antolatuko du, Moañan. Elkarteak bere zazpi urteko historian antolatzen duen ongintzazko lehen estropada izango da, eta helburu garbi bezain goresgarria izango du: Morrazoko alzheimer gaixoetaz arduratzen den sendien elkartea lagundu (Pontevedra). ACT elkartearen ustez, beharrezkoa da Afamo eta antzeko elkarteek egiten duten lan duina aintzat hartzea, eta jendarteari musu truk egiten duten lan horren berri ematea. Sarri, jendartean oihartzunik ez daukan lan iluna.

Afamo Banderaren helburu garrantzitsuena jendartea sentsibilizatzea da, alzheimer gaixotasuna eta beste dementziak jasaten dituzten herritarrekiko elkartasuna lortzea. Afamo elkarteak bere lanaren berri emango die estropada ikustera joaten diren herritar guztiei, eta bide batez, elkarteak bere ekimenak aurrera eramateko behar dituen sosak lortzen saiatuko da.

Estropada 2010eko San Miguel Ligako seigarren proba puntuagarria izango da, eta egutegiko beste estropada guztiak bezala, 22.500 € banatuko ditu saritan. Afamo elkarteak izena emango dio Euskotren ligako laugarren jardunaldiko estropadari ere. Kasu horretan, 6.000 € banatuko dira dirutan. Estropadako antolakuntza Tiran Kirol Elkarteko kideen laguntzarekin egingo da.

Itzuli