ORIO ORIALKI

Historia

Klubaren babesleak
  • ORIOKO UDALA
  • ORIALKI
  • AVKVALVES
  • GRUPO SAGARDI
  • INDO
  • ZIPRI
  • ZUK SPORT WEAR
  • URBIL
  • NOVADIET
  • INMOBILIARIA ORIO
  • FORD EASO MOTOR
  • GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
  • IPAR LUR
  • MEDIOLANUM
  • MAHALA
  • QUIRON SALUD
  • Urdaintzi

1980ko hamarkadan hasi ziren emakumeak arraunean Orio Arraunketa Elkartean. 1982an eta 1984an hasi ziren, nahiz eta, urte haietan, beren partehartzea testimoniala zen. Arraunketan ofizialki parte hartzen 1986an hasi ziren: orduan jokatu zituzten lehen txapelketak eta irabazi zituzten aurreneko dominak, betiere arraunketa olinpikoan, aulki mugikorrean. Harrezkero, etengabea izan da Orioko emakumeen partehartzea arraunketa-mota horretan eta gaur egun sendo dago. Orio Arraunketa Elkarteko emakumeek kategoria eta modalitate askotan irabazi dituzte dominak, bai Gipuzkoako txapelketan, bai Euskadikoan eta baita Espainiakoan ere. Europako eta Munduko txapelketatan ere jokatu dute eta aipatzeko modukoa da, gainera, Eva Mirones pasaitarrak Orio Arraunketa Elkarteko arraunlari zela parte hartu zuela Atenasko Joko Olinpiarretan, 2004an.

Tostako arraunketari dagokionez, 1994an parte hartu zuen, lehenengo aldiz, Orioko emakumeen batel batek estropada ofizial batean: Loiolako urteroko batel-estropadan izan zen eta irabazi egin zuen. 1999an hasi ziren Orio Arraunketa Elkarteko emakumeak batelen Gipuzkoako Ligan parte hartzen, gazteen mailan, eta 2000. urtean irabazi zuten beren lehen txapelketa, Gipuzkoakoa, senior kategorian. Bateletan, Orioko emakumeek Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak irabaziak dituzte.

Trainerilletan, Orioko emakumeek 2010ean parte hartu zuten, lehen aldiz, lehiaketa ofizial batean. 2021era arte lortu dituzten garaipenik handienak bi Euskadiko txapelketak dira.

Orioko emakumeen traineruak ere 2010ean parte hartu zuen aurrenekoz lehiaketa ofizial batean. Geroztik, poliki-poliki eta etengabe joan da maila eta emaitzak hobetzen, eta azken bost urteotan punta-puntan ibili da. 2019ko eta 2020ko denboraldiak bikainak izan ziren eta, besteak beste, Euskotren Liga eta Kontxako bandera irabazi zuten bi urteetan.

Bizi dugun osasun-egoerak eta zailtasun ekonomikoek zaildu egin dute arraunlarien prestaketa-lana, baina, hala ere, Orioko mirotzek gogoz eta ilusioz ekingo diote 2022ko denboraldiari beren mailarik onena emateko eta banderak irabazteko lehian jarduteko asmoz.